Joanes Etxebarria

Chachapoya, lanbro arteko ondarea

Peruko historian oso garrantzitsua izan zen inken aurreko chachapoyen kultura, baina gaiaren inguruko ikerketa zientifikoak oso mugatuak izan dira; oraindik ere kultura zahar hartako arrasto anitz oihanetan galdurik dira, naturaren trinkotasunean gordeak.

Kuelap (GETTY IMAGES).
Kuelap (GETTY IMAGES).

Hodeietako populu gisara ezagutzen da garai honetako 800 eta 1500. urteen artean Peruko Amazonas eskualdean garatu zen chachapoya kultura. Ezezaguna da oraindik nazioarteko publiko zabalarentzat. Alta, XIX. mendean Parisera eraman zuten bertako momia batek Paul Gauguinen hainbat obra eta Edvard Munchen Oihua’ koadro ezaguna inspiratu zituen. Laster Peruko lehen teleferikoa kultura horren ikur den Kuelap herri gotortuan eginen denez, turismoa azkarki gara liteke ondoko urteetan.

Peru iparraldean, 2.000 eta 3.000 metro artean garatu zen chachapoya kultura, hodeien artean. Inka aro aitzinekoa den kultura hori komunitate autonomoek osatzen bazuten ere, beren arteko barne gatazkak eta guzti, Tupac Yupanqui inka boteretsuak konkistatu aitzin erresistentzia urteak joan ziren. Espainolak iritsi zirenean, jadanik inken inperioaren meneko zirela, osoki desagertzera kondenatu zituzten azkenean.

Arkitektura berezia

Gaur egungo Amazonas eskualde osoan, eta inguruko beste eskualde batzuetan, hedatu ziren chachapoyak, arkitektura berezia garatuz (harrizko eraikin borobilak egiten zituzten), eta bereziki, lurrezko, zurezko eta harrizko hilobi-monumentu harrigarriak eraikiz leku gordeenetan. Kuelap, Karajia, Ciudad de los Muertos dira, besteak beste, gaur egun bisita daitezkeen tokiak (200 gune arkeologikotik gora daude eskualdean).

Utcubamba eta Marañon ibai hegietan ibilaldiek luze jo dezakete haatik, chachapoyen goi mailako jendeen momiak (sarkofago eta mausoleoetan) labar gordeenetan eraikitzen baitzituzten, goratasunean eta harrizko balkoi naturaletan. Bata bestetik urrun kokatuak dira, baina guztiak forma bertsuarekin eta bista ezin ederragoarekin.

Peruko historian garrantzitsua izan zen inken aurreko chachapoyen kultura, aditu anitzen iritziz, baina hartaz egin diren ikerketa zientifikoak oso mugatuak izan dira; gaur egun ere hala izatea bitxikeria badirudi ere, oraindik ere kultura zahar hartako arrasto anitz oihanetan galdurik dira, naturaren trinkotasunean gordeak. Jendarte haren antolaketa, etnia desberdinen arteko gatazkak eta beste hamaika gai ikertzekoak dira oraindik ere.

Lanbro artean sortu zen chachapoya kultura, eta lanbro artetik ezin ateraz dihardu oraino ere. Bizitzaren ondotik beste bizi batean sinesten zutelako egin zituzten, ikertzaileen arabera, ehorzketa mota horiek, momiak tarteko. Ondorioz, hain leku baztertuetan eraiki bazituzten sarkofago eta mausoleoak, pentsa daiteke partez kausitu dutenaren aitzakian zela: ez atzemanak izateko.

Kuelap, gailurra

Kuelap da, dudarik gabe, chachapoya kulturak utzi duen eraikin guztietan harrigarriena, eta anitzen ustez, garrantzitsuena ere bai. Mendi tontor batean harrizko eraikin kolosala pausatu zuten XI. edo XII. mendean, teoria desberdinen arabera, gotorleku gisara ala janari biltegi erraldoi izateko funtzioarekin (Federico Kauffmann Doigen hitzetan, El Niño fenomenoari aurre egiteko biltzen zuten janaria erreserbetan).

600 metroko luzeran, eta 19 metroko goratasuneko paretek babesturik, laurehun eraikuntza zenbatu dira eraikin erraldoiaren barnean, denak zirkularrak eta argitasun handiz eraikiak. Gaur egun, eskualdeko eta Estatuko agintarien turismo garapen nahia han da argienik islatzen, bertan Peruko lehen teleferikoa estreinatuko baitute laster. Tingotik (Chachapoyas hiriburutik bi ordura) bertara joateko gaur egun beharrezkoak diren 2 ordutik 20 minutura laburtuko luke ibilbidea.

Oraingoz, Kuelapera doazen turistak Peru bisitatzen dutenen %2 baizik ez direnez, horri itzulia eman nahi liokete. Baina agerikoa da uztarria erosi dutela idiak erosi aurretik. Baita saldu ere, Estatu frantseseko enpresa bati saldu baitiote teleferikoaren kudeaketa. Alta, Kuelapen egoitza finkoa duen Francisco Jose Valle Riestra Martin arkeologoaren erranek argi uzten dute zitadela ez dela pentsatuak diren eguneko 1.000 bisitariak jasateko prest, sarrera nagusia bera erortzeko arriskuan delako: «Gunearen babeserako hurrengo lan handia sarrera nagusia harriz harri erregistratu eta berreraikitzea izanen da». Baina teleferikoa obra horiek aitzin bukatua izanen da, eta jasangarritasun ikerketa bera ere, dirudienez, ez da bukatuko bisitariak kopuru handian iritsi aitzin.

Agintariek Kuelapen inguruetako herritarrak konbentzitu nahi dituzte teleferikoarekin garapena etorriko zaiela, eta bide beretik onurak iritsiko zaizkiela esanaz. Baina konbentzitu gabeak ere anitz dira. Sonia Guillen arkeologoak Kuelapen egin nahi dutena Machu Picchukoarekin konparatzen du, eta ez du ahanzten han gertatutakoa: «Pobrezia maila ikaragarria da oraindik ere; alta, erakartzen dituen milioika bisitariak zenbatzen ditugu. Teleferikoa horregatik ez nuen begi onez ikusten hasiera batean. Baina gauzak diren bezala, teleferikoa errealitate bat izanik, ‘ilusionatu’ beharra daukat katalizatzaile bat izanen delakoan». Ofizio berekoa den Federico Kauffmann Doigek ere, antzeko iritzi nahasia du: «Hango jendearentzat eta turismoarentzat, zoragarri! Nire ustez, berriz, paisaia naturalarentzat eraso bat da. Arkeologo gisara kontra nago, baina pertsona bezala ulertzen dut jende guzti horren behar ekonomikoa».

Peruko lehen teleferikoa izateak modernitate itxura handia ematen dio, baina kabinak plantan jartzeko metodoak betikoak dira. Enpresa frantsesari teleferikoaren kontzesioa saltzearekin ez aski eta Kuelap ondoko lur zati bat ere kontzesioan utzi diote... baina bertan bizi den familiari (lurren jabeak dira) zentimo bat ere pagatu gabe. Uztailerako iragarriak dira lehen kabinen joan-etorriak eta oraindik ere familia bertan bizi da; Chachapoya hiriburutik bertara joan ziren bizitzera erresistentzia kanpamentu gisako bat plantatuz, adinekoak eta haurrak haiekin dituztela. «Nire amaginarrebak hiri gotortuari lotuak dauden 50 metro eman zituen garaian. Baina orain 500 metroko lur zati bat kendu nahi digute deus pagatu gabe», zehaztu du Estela Mercedes Alva Valqui kaltetuak. Chachapoyen ondorengo horiek ere kolonizazio mota berri baten ondorioak pairatu beharko dituztela dirudi.

Turismoa, helburu

Amazonas eskualdea nagusiki laborantzatik bizi da, baina agerikoa da lurraldeak dituen aberastasunek turismoa garatzea ahalbidetzen dutela. Syndi Pamela 18 urteko gaztea turismo ikasketak egiten ari da eskualdeko hiriburuan, eta nahiz eta turismoa garatzea helburu baikortzat jotzen duen, zalantzarik batere ez du gauzak alderantziz egiten ari direla: «Turista asko etorriz gero, baliabide turistikoa bera andeatuko lukete. Kuelapek ez dauka kapazitaterik (egunean) 1.000 pertsona baino gehiago jasateko; beraz, kontingentzia planak egin behar lirateke kontserbatzeko eta zaharberritzeko ere, beharrezkoa baita. Teleferikoa egin aurretik egitekoa zen hori». Kultura Ministerioko ordezkari Jose Santos Trauco Ramosek etsipenari gaina hartu nahi lioke: «Teleferikoarekin bisitari kopurua handituko dela aipatzen da, baina hori gertatu ala ez, guk lanean segitzen dugu sarrera nagusia indartzeko xedearekin».

Peru aipatu eta, nola ez, Machu Picchu da jende gehienari gogora datorkion lehena, baita zenbakiek salatzen dutenez, turista gehienek bisitatzen duten gunea ere: 1.280.000 bat pertsonak bisitatu zuten inken eremua 2015ean eta Munduko Zazpi Mirari berrien artean ere sartu da. Herrialdeko iparraldean dauden gune arkeologikoak promozionatu nahi dituztenen partetik, haatik, jeloskeria gutxi bada Cusco ondoko monumentu ezagunak daukan arrakastarekiko.

Mesfidati begiratzen diote eredu horri, masa turismoaren kalteak ere ikusten baitizkiote. Amazonas eskualdeko Kultura Ministerioko ordezkariak onartzen badu ere «Cusco adibide bat» dela eurentzat ikerketa zientifikoari dagokionez, askoz kritikoagoa da «jasotzen duen publiko kopuru ikaragarriagatik, diskriminaziorik gabe jendea etorrarazten duelako, epe luzean baliabide arkeologikoak suntsituz: harria higatzen da, kaleak eta hiriak saturatzen dira, komunitateak desagertze bidean jartzen ditu neurri gabeko inbertsio pribatua dela eta».

Luis Sindy Pamelaren ikaskidea da turismo eskolan, eta ezinbestean, «desoreka» aipatzen du bere herriko iparraldearen eta hegoaldearen turismo garapenen arteko desberdintasuna aztertzean. Amazonas eskualdean turismoa hain gutxi garatu izanak errudunak dituela gehitzen du, ikasgai duen ofizioko hiztegia ahoan: «Gure agintariak ez dira formatuak eta aurrekontua falta zaie kudeaketa egoki bat zuzentzeko. Gure eskualdeak ez dauka produktu turistikorik, nahiz eta Gocta eta Kuelap gisa horretara saltzen dituzten. Zerbitzuen eskaintza, konektibitatea... oraindik asko falta da». Kuelapera joateko laster estreinatzekoa duten teleferikoari esker turismoa garatuko dela aurreikusten dute, baina urrats batzuk bete gabe irits litezke horretara. Esaterako, Chachapoyas hiriburura bidiaiarien hegazkinak oraindik ez dira iristen, nahiz eta epe ertainean hala izatea pentsatu duten. Azpiegituretan, beste ahulezia anitz nabarmenak dira, bideetan edo zerbitzuetan, besteak beste.

Amazonas eskualdean teleferiko bakarra eginen bada ere, kultura chachapoyaren arrastoen biziraupena beste faktore batzuek dilindan ezarri zuten aspaldi: arpilatuak, lapurtuak eta turistengandik andeatuak izan baitziren. Botere publikoak berriz, ardurak hartu ordez, beste nonbaitera begira egon dira.

Amazonas eskualdeko Kultura Ministerioko ordezkari Trauco Ramosek datu batekin argitu lezake gaur egun ere nahikari eta ahal gutxi ezartzen dela ondarea babesteko: «Urtebetean 8 xede onartuak izan ziren, Turismo Ministerioak diruztatuak eta Kultura Ministerioak onartuak. Berrikusiak izan ziren, eta oraingoz soilik Karajiako gunea babesteko xedea gauzatuko da, Kuelapeko sarrera nagusia indartzeko xedearekin batean». Lehendakaritzako hauteskunde urte honetan, gainera, ez da berri onik iragarria izan: hautagai bakarrak ere ez dio bere programaren baitan kulturari lekurik egin, arazo hauek nazio mailakoak direlarik.

Alta, gune anitzetan mausoleoak eta sarkofagoak jadanik hautsiak izan dira, eta horietarik batzuetan garaiko margo gorrien gainetik bisitariek haien izenak grabatu dituzte. Osoki deseginak izan ez diren sarkofagoen artean ere, gehienek, zulo handiak dituzte, lapurren bisitaren lekuko.

Turismoa garatu gabea bada ere, Chachapoyas hirian saltzen diren gune ezagunak ere, gaur egun oraindik, babestu gabeak dira ia kasu guztietan. Ciudad de los Muertos deitu gunera joateko, adibidez, bisitariak Lamud herriko turismo bulegoan sarreraren truk giltza hartzen du eta inoren zaintzarik gabe bisita dezake momien hezurrak eta pareta zaharrak eskura dituela. Beste gune batzuetan ez da giltza beharrik ere momiak dituzten buztinezko sarkofagoetara iristeko.

Leymebambako momiak

Gune arkeologiko guztietan agintarien arduragabekeria begi bistakoa da. Kasu berezi batean arkeologoak ere adostu ezinik ibili ziren aurkikuntza baten ondotik. 1996an Kondorren Lakua deskubritu zenean, bertako amildegi edo sakan batean ezkutatuak zeuden mausoleoetan 200 momiatik gora izanik, berehala arkeologoen interesa piztu zuten. Horietarik biren arteko liskarrak oihartzun handia izan zuen Peruko mundu zientifikoan. 1997an Sonia Guillen Mallqui zentroko arkeologoak, bertan ehunka urte iragan zituzten momia eta hilobi-ofrenda guztiak hartu eta gerora Leymebamba herrian (lakutik hurbilen den herria) eraiki zen museo batean ezarri zituen. Gune zoragarria da Kondorren Lakua, baina bertara iristea oso zaila da: egun bateko ibilaldia da, euri sasoian zaldiz egin beharrekoa gainera, eta ezinbestean gida batekin joan behar da aintzirara.

Federico Kauffmann Doig, chachapoya kultura ikertzen dutenen artean erreferentzia nagusienetarikoak, bere haserre bizia agertu zuen orduan, eta gaur egun ere kexu segitzen du: «200 momia atzematen baditut, ez ditut guztiak aterako, hirurekin aski dut, behar bezala ikertzen ditut eta kito! Filosofia bat da. Sonia Guillenek dena garbitu zuen, horregatik haserretu nintzen harekin». Gainera, Discovery Chanel telebista katea filmatzera joan zenez, eta Kauffmannen arabera, haien filmaketa baldintzak betetzeko, momiak ahal bezain laster atera omen zituen, «lasterregi», bere ustez, momiak kartoi zaharretan garraiatu zituztela ere salatzen duelarik.

Ez da harritzekoa Sonia Guillenek oso bestelako iritzia ukatea; «behin» norbaitek erran omen zion «Historiak barkatuko zaitu», eta hala gertatu dela irudi zaio: «Uste dut kritikak desagertu direla, kolekzioa mantendu delako, ongi mantendu delako eta herritarren eta eskualdearen garapenerako lagungarri delako». Momiak atera zituzten garaiko larrialdia gogoan du oraino, «huaqueo»-ek (arpilatzea, kitxuaz huaca gune sakratua da) eta «turista batzuen arduragabekeriak» momiak arriskuan jartzen zituelako, bere ustez. Mausoleoak deskubritu zituzten langileek beraiek buztinezko ontzi batzuk lapurtu zituzten, eta hilobi-fardo batzuk ireki zituzten urrea edo baliozko gauzak saldu asmoz.

Denbora joan eta liskarrak liskar, Leymebambako museoa erreferentzia bilakatu da, Peruko batere diru laguntza publikorik jaso gabe (Austria, Finlandia, Italia eta AEBetako instituzioetatik laguntza iritsi zitzaien, baita Discovery Channeletik ere, besteak beste). «Momiak mugitzeko erabakia uste dut oso zaila izan zela, hala izan zen, baina delibero zuzena zen», Sonia Guillenen hitzetan. Tenperatura apaleko gela batean atxikitzen dituzte, berin batetik ikusgai, eta ikertzaileentzat eskuragai. Momiez gain, museo pedagogikoa proposatzen du Guillen buru duen museoak, haurrekin lan berezia egiteko xede argiarekin. Kauffmann Doigek ez du, aldiz, urteen poderioz iritzia aldatu, eta aurki daitezkeen momia berriak lekuan bertan utziko direla espero du, bere ustez bestela «arkeologo guztiek sarkofagoak berinen atzean aurkituko dituzte, eta hori ez da justua», arkeologoaren arabera.

Momiaren «Oihua»

Dena den, berin baten gibelean erakutsia izan ez balitz, chachapoya momia batek ez zukeen munduko artelan ezagunenetariko bat inspiratuko. 1975ean Robert Rosenblum arte historialariak, Edvard Munchen taula ezagunena, ‘Oihua’, momia batek inspiratu zuela idatzi zuen, frogarik mahaigaineratu gabe. Amazonas eskualdean hainbat sarkofago eta mausoleo bisitatu ondotik, aditu izan zuen teoria horretan barnatzeko kuriositatea piztu zitzaion Stefan Ziemendorff arkeologo alemanari. Peruko momia bat zela aipatu zuen Rosenblumek, eta «zergatik ez da izanen momia chachapoya bat?», pentsatu zuen Ziemendorffek. Hala izan zela oharturik, ikerketan sakondu zuen. Edvard Munch bakarrik ez, Paul Gauguin artista frantsesaren obran ere momiaren antzeko irudiak aztertu zituen azkenean, eta azken honek beste artistengan ukan duen eragin handiagatik, obra andana batean topatu ditu momiaren aztarnak.

Froga zientifikoak ekartzeko, kronologia guztia berreraiki zuen Ziemendorffek. Pierre Vidal-Seneze botanista frantsesak 1877. urtean atera zuen momia sarkofago antropomorfo batetik, eta Pariseko Etnografia Museoari saldu zion. Munch eta Gauguinen biografiak xeheki ikerturik ohartu zen Estatu frantsesean ikusi ahal izan zutela momia, eta ez Venezian beste teoria batzuek ziurtatzen zuten bezala.

Haatik, Ziemendorffen arabera, momia ez zen chachapoya kulturako parte bezala aurkeztua: «Gauguinek momia hau erakusketan ikusi zuenean ez zegoen chachapoya kulturaren aipamenik ere, ez zelako oraindik existitzen etno-historian. Horregatik bereganatu zuen, uste zuelako momia hori inka zela». Gaugin Perun sortu eta bizi izan baitzen haurra zela, eta garai batean bere inka izaera estilizatzen hasi baitzen bere obretan.

Ziemendorffek frogatu zuen obraren parte diren elementu guztiak errealitatean oinarrituak direla, zehazki Osloko fiordoan kokatuz elementuak; beraz, haren ikerketak eraman zuen galdetzera: «Zergatik dena erreala bazen, pertsonaia nagusia ere ez zen errealitatetik inspiratua izanen?». Gainera, Edvard Munch Parisen marrazkigintza ikasten ari zela, Paul Gauguinekin harremanetan egon zen. Bien obran taula batean baino gehiagotan momiaren figura agertzen dela frogatu du azkenean, aldizkari zientifikoetan argitaratuko dituen lau artikulutan agertu duenez.

Munchek ez zeukan ez inka kulturarekin, ez arkeologiarekin, ez zeukan inongo harremanik momiarekin. Hari interesatzen zitzaiona bere espresioa zen. Biei gehien interesatzen zitzaiena ikara irudia zen, artista gisara. Gauguinek ere, nahiz eta kultura desberdinetako irudi anitz baliatzen zituen, ez zuen haien jatorrian gehiegi sakontzen –Polinesiakoan ezik–. «Berak egiptoarrak, inkak eta japoniarrak primitiboak deitzen zituen, badakigularik ez zeukatela primitibotik ezer ez, haien garaian europarrak baino askoz aurreratuagoak» zirela dio Ziemendorffek, irriño batekin: «Eurozentrismoa kritikatzen zuenak berak kultibatzen zuen».

Gaur egun, turismoa garatu nahiak bultzatzen ditu Amazonaseko agintariak eta herritar batzuk chachapoya kultura berreskuratzera, ikerketa lanetan urteak daramatzaten ikertzaileen ondoan. Leymebambako museoan Kondorren Lakuko hilobi-opariak agertu zirelarik, emakume talde batek berehala elkarte bat sortu zuen, ehungintzan beren arbasoek baliatu zituzten teknikak berreskuratu nahian. Leymebambako Emakume Artisauen Elkartea sortu eta beren aurrekoak ezagutu baina transmititu gabe utzi zituzten ehungintzako teknikak berreskuratu zituzten, beren ekoizpenak turistei saltzeko.

Huanca herrian, Amazonaseko hiriburutik hurbil, eltzegintza tradizionala herriko ikur bilakatu dute. Baina kasu gehienetan, chachapoya kulturarekiko zubi hautsiak baizik ez dira ikusten herritarrengan, kitxuaren bertako dialektoa, adibidez, zinez gutxi mintzatua delako. Jose Santos Trauco Ramos Kultura Ministerioko ordezkariak uste du, partez, bere instituzioa sortu aitzineko Institutu Kulturalak ez duela jakin herritarrak behar bezala informatzen: «Amazonas eskualdeko jendeak, askotan, bere ondarearen berri prentsaren bidez ukaten du, informazio hori kale izkinan edo kilometro gutxira dagoenean... Horren errudun institutu kulturala izan zen, bere garaian ez baitzituen herritarrak informatzen».