Norvegian, aurora borealen ehizan
Troms konderri urruna izan dugu helmuga bidaia honetan, eta helburu bakarra: aurora borealak ikustearen magia gure azaletan sentitzea. Gure moduan, urtero ehunka eta ehunka dira iparraldeko argien esperientzia bizitzera Tromsø hirira hurbiltzen direnak.
Tromsø abiapuntu izanda, bidaian zehar lau noranzkoetan abiatu gara, neguko paisaia elurtuen edertasuna miresten dugun bitartean. Gau polarrean murgilduta, Tromsen ez baitugu astebetean eguzkirik ikusi, oso preziatuak dira eguneko argi ordu eskasak eta halakoetan, fiordo eta mendi ikaragarriak, erreka eta laku izoztuak edota itsasoko paisaia ederrak bisitatzeko aprobetxatu dugu. Gauak, ostera, aurora borealen ehizarako izan dira osorik.
Ehunka urtez gizadia txunditu duten zeruko argiok berdin-berdin txunditu gaituzte gu ere bidaia honetan. Ederrak bezain guratsuak dira aurora borealak, zentzu askotan, eta esperientzia bete-betean bizi izanaren zortea izan dugu, hiru gauetan gainera! Izan ere, gure esperientzia beti hobetu badaiteke ere, beste muturrean dago halako bidaia egin eta aurora borealik ikusi gabe itzultzen direnen kasua.
Zirraragarriena izan da lehen gaua, eta gure esperientzia honetan, onena ere bai. Lehen irteera izateak ematen dio halako tentsio eta gogo puntu bat esperientziari eta irteteko ordua iristen doan heinean, guztiok jarri gara zeruari begira. Oraingo honetan, hiriko agentzia ugarietatik batek eskaintzen duen irteera aukeratu dugu eta arratsaldeko 18.00 aldera jarri gara martxan.
«Agudo, argiak dir-dir dabiltza-eta zeruan!»
Iluntasunean murgilduta, hegoalderantz egin dugu fiordo eta mendi ederrak zeharkatuz eta bidaiaria guztiok zeruari so gaude etengabe. Ordubete pasatxo errepidean eman ostean, zelaigune batean geratu da autobusa eta lagunak izan dira lehenak kanpora irteten. Halako batean, «agudo, argiak dir-dir dabiltza-eta zeruan!», egin didate oihu.
Sinetsi ezinik jaitsi naiz orduan eta hara, argi berdeak badabiltzala izartegian! Aurora boreala ikustearen lehen esperientzia izateaz gainera, ordubete baino gehiagoz ia etengabe izan ditugu argi berdeak zeruan, musikarekin dantzan moduan eta intentsitatez aldatzen; lehenengo, ahul zerumugan ezkutatuta; eta gero, ostaldean nahieran zabaltzen, alderik aldeko arku bat osatzeraino! Hunkigarriak izan dira bereziki segundo gutxi batzuk iraundako argiak.
Halako batean, altuera baxuan dauden argi berdeak in crescendo joan dira intentsitatea irabazten eta uhinak balira moduan, abiadura azkarrean, zeruan hedatzen. Tarteka, kolore arrosa-morexkak ere bereiztera iritsi gara eta argi haien indarra barruraino sartu zait niri. Eta jakina jabetu naizela aurora borealen izaera elektromagnetikoaz! Aurretik entzun eta irakurritako azalpenak argizko eztanda batean gorpuztu dira-eta zeruan.
Hurrengo gau bietan, autoak ematen digun askatasuna baliatuta, Tromsøko laino itxietatik ihes egiten ahalegindu gara, baina alferrikakoa izan da. Teknologiak lagunduta, aurora borealen, eguzki jardueraren eta lainoen garapenaren iragarpenak jarraitu ditugu etengabe eta ia Finlandiako mugaraino iritsi arren, ez dugu modurik izan izarrik ikusteko. Dena den, Skibotn herriaren inguruan, erreka izoztu bat aurkitu dugu non argazki batzuk atera. Hurrengo gauean, ostera, Breivikeidet herrixkaren ondoan, itsasoaren mailatik hainbat metro altxatzen den mendi itzela miretsi dugu, aurora borealik ezean.
Hala ere, oraindik, aukera izan dugu esperientzia borobiltzeko eta tartean, Gabon zahar gau ezin bereziagoa bizi izan dugu Tromsøn. Afalostean, hiriko ikuspegi ederra eskaintzen duen Fløya mendiaren magalera igo gara teleferikoan. Bertan, ehunka lagunez eta giro kutsakor batez inguratuta, ikuskizun bikoitz paregabe baten lekuko izan gara; aurora borealak eta festaren su koloretsuak nahasi dira-eta. Oraingo honetan, argazki sorta bat atera eta dagoeneko, kamera albo batera utzi dut. Zeruari so, plazer hartzera mugatu naiz.