Izaro IZU

Kortatu, ‘Sarri Sarri’ eta Ttutt historiarako elkartu zituen arratsaldea, duela 35 urte

Fermin Muguruzak gogoratu du sareetan: 1985ko azaroaren 18an aurkeztu zuen Kortatuk bere lehen diskoa, Iruñeko Ttutt tabernan. Inork ezin zezakeen pentsa 35 urte geroago hura gogoratzen egongo ginenik...

Fermin Muguruza, Egiako gaztetxean, Kortaturen lehenengo kontzertuetako batean. (aterpeirun)
Fermin Muguruza, Egiako gaztetxean, Kortaturen lehenengo kontzertuetako batean. (aterpeirun)

Idazmakinaz idatzitako gonbidapena jaso zuten kazetariek 1985ko udazken nahasi hartan. Soñua diskoetxetik zetorren, Goñi anaietako batek sinatua, gaztelera hutsean: «Os anunciamos por la presente que el próximo Lunes día 18, tendrá lugar en el bar Ttutt (calle Curia), a las cinco de la tarde, la presentación del primer LP de ‘‘Kortatu’’. Se proyectará algún vídeo del grupo y contaremos con la asistencia de sus tres componentes».

Hirurak. Treku [Armendariz], Iñigo eta Fermin [Muguruza anaiak], alegia. Nekez pentsatuko zuten orduan aurkezpen hori euskal musikaren historiarara pasako zenik.

Denborak dena mitiko bilakatu du: taldea, diskoa, zenbait kantu eta Ttutt bera. Urteurrenaren berri Fermin Muguruzak eman bezain laster, ugaldu egin dira Curia kaleko taberna zulo hura gogoratzen duten pasarteak. Muguruzak berak hauxe oroitarazi du:

 

Baten batek ziurtatu duenez, La Polla Records-en ‘Ellos dicen mierda, nosotros amén’ diskoko azalean agertzen den komuna, aldarriz beterikoa, Ttutt-ena zen.

 

Zaila da baieztatzea, aspaldi itxi baitzituen ateak. Heavyen erreinua zen Iruñeko Alde Zaharreko alde horretan punkien gotorleku nagusia zen Ttutt, baina garai haietako talde ezberdin askoren topaleku ere bai: Kortatu, Barricada, Cicatriz, La Polla, Belladona, Tijuana... Barricadari buruz Pablo Cabezak GARAn idatzitako artikulu honek nabarmentzen du.

Eta aurkezpenaren protagonistak zer? Ordurako jada Irundik haratago jende andana mugiarazten zuen Kortatuk. ‘El último ska de Manolo Rastaman’ eta ‘Mierda de ciudad’ arrakasta handikoak ziren dagoeneko, Soñuak uda aurretik lau talderekin ateratako diskoa zela eta. Cicatriz, Kontuz Hi eta Jotakie ziren irundarren diskokideak.

Ska duinak eta airera emandako ostikoak Euskal Herri osora hedatuko ziren Tutt-eko arratsalde hartatik. Bereziki Sarri eta Pitiren Martuteneko ihesaldia ospatuz, baina baita ‘Revuelta en el frenopático’ edo ‘Nicaragua sandinista’rekin ere.

Garaiko giroa ederki jasotzen duen bideoa zekarren ‘Sarri Sarri’k. Hau izango zen seguruenik Ttutt-eko aurkezpen hartan zabaldu zena, Soñuaren prentsa deialdiari kasu egiten badiogu.

 

Denetatik zekarren, hala ere, Kortaturen lehen disko oso hark: The Clash-en klasiko bat (‘Jimmy Jazz’), errepresio eta gerra zikina salatzen zituzten kantak (‘Zu atrapatu arte’, ‘Sospechosos’, ‘Hernani’), abesti alaiak (‘La familia Iskariote’), ilunak (‘Tatuado’)...

Diskoaren azala ere belaunaldi oso baten gogoan iltzaturik gelditu da. Kortaturen ibilbidearen ezaugarri eta bere mezuen ikur bilakatuko zen aizkolaria zen bertan: taldearen izena beran, geroko disko batean agertuko zen ‘Aizkolari’ kanta, ‘Kolpez kolpe’ beranduxeago...

Bai, euskal agertokia ebakitzera etorria zen Kortatu, lehenengo eta gerokoaren arteko mozketa eragitera, beste zenbaitekin batera. Duela 35 urte, non eta Iruñeko katedralaren ondo-ondoan.