Asier ROBLES

Konfinamendu garaian landutako ‘Azal berritzen’ diskoa kaleratu dute Esti eta Mikel Markezek

‘Azal berritzen’ diskoa aurkeztu dute Esti eta Mikel Markezek. Konfinamenduan sortutako 10 abesti ditu eta ametsak, existentzialismoa, maitasuna, ‘postureoa’ eta desengainuaren inguruko gaiak jorratzen dituzte letrek.

Esti eta Mikel Markez ‘Azal berritzen diskoa’ aurkezten.
Esti eta Mikel Markez ‘Azal berritzen diskoa’ aurkezten.

Bilboko Bira Kultur Gunean aurkeztu dute ostiral honetan Esti eta Mikel Markezek bere disko berria. ‘Azal berritzen’ izenburua du eta bertan hamar kantu batu dituzte, Esti Markezek sortutako bost eta Mikel Markezek sortutako beste bost. Hala ere, bi artistek batak bestearen kantu batzuetan ere parte hartu dute kantari eta musikari moduan. «Bi erdiren osoa eta bi osoen erdia da diskoa», azpimarratu du Estik.

Mikelek azaldu duenez, diskoaren izena egungo egoerari lotuta dago: «Dena dago aldaketan eta inoiz baino garrantzitsuagoa da azal berritzea eta egoera larrietara moldatzen jakitea aurrera egiteko». Izan ere, diskoa egiteko ideia konfinamenduan sortu zitzaien. Biak ari ziren bere aldetik sorkuntza lanetan eta egindako lanak elkarri konpartitu ondoren, «erronka bezala» jarri zuten disko bat elkarrekin egitea.

Letrek hainbat gai jorratzen dituzte. ‘Bila nazazu’ lehenengo kanta ametsei eusteari buruzkoa da; bigarren abestiak, ‘Printsesak eta printzeak’, egungo bizimoduari buruzko hausnarketa egiten du, «bizitza benetan bizitzeko baino gehiago ‘postureoan’ gaudelakoan»; seigarren abestia, ‘Zigor zeldetan’, Joseba Sarrionandiaren ‘Kartzelako poemak’ liburutik dago hartuta; azkena, ‘Milioika bider’, Toti Martinez de Lezearen testu batetik hartuta dago eta «mendeetan gure herrian zutabe izan den emakumearen soslaia» azaltzen du.

Horietaz gain, existentzialismoa, maitasuna, desengainua edo pertsona bat joaterakoan uzten duen hutsuneari buruzko gaiak jorratzen dituzte kantek.

Hainbat kolaborazio

Poeta eta bertsolari garaikideak dira abestien testu gehienen egileak, Mikel eta Esti direlarik bakoitza bost doinuren sortzaileak. Toti Martinez de Lezea eta Joseba Sarrionandiaz aparte, Pako Aristi, Alaia Martin eta Jon Maiaren testuak aurki ditzakegu. Ahotsetan, Olaia Intziarte eta Eneritz Aulestiaren kolaborazioak daude ere bai.

Alderdi musikalari dagokionez, Arkaitz Miner eta Julen Alonso musikariek landu dituztela azaldu dute Esti eta Mikelek. Biolina, biola, mandolina, akordeoia, trikitixa, pianoa, tinplea eta gitarrak aurki daitezke. Haietaz gain, beste kolaborazioak izan ditu diskoak, hala nola, Ane Bastida baxuarekin eta Iker Lauroba bateriarekin.

Grabaketak Mikel Markezek Orion eta Axular Arizmendik Mutrikuko AME estudioan egin dituzte. Nahasketa eta masterizazioa, berriz, Victor Sanchezek Donostiako Elkar estudioan burutu du.

«Artea dago baita ere diskoan»

Diseinuari garrantzia handia eman diotela azaldu du Estik: «Artea dago baita ere diskoan, ez bakarrik musika». Concetta Probanzak diseinatu zuen, abesti guztiak entzun eta letra guztiak irakurri ostean, kantak ilustratu ditu diskoaren libretoan.

2021eko urtarriletik aurrera diskoaren aurkezpen bira hasiko dute Arkaitz Miner eta Julen Alonsorekin laukotea osatuz.