Izkander Fernández
Villabona
Interview
Yeray Gascon eta Jon Ander Artola
Habi taldea

«Inor rocka egiten agertzen denean, nostalgikoa balitz bezala hartzen da»

Jon Ander Artolak (bateria) eta Yeray Gasconek (gitarra eta ahotsa) osatzen dute Habi. Post-rock, hardcore, rock eta grunge doinuen melodia eta zarata kontrolatu eta orekatuaren artean dotoreziarekin mugitzen dira. 2019ko ekainean «Loratu» kaleratu zuten eta orain bigarren lana heldu da: «Koloreak».

Jon Ander Artolak eta Yeray Gasconek osatzen dute Habi taldea.
Jon Ander Artolak eta Yeray Gasconek osatzen dute Habi taldea.

Habi taldearen agerpena ezusteko handia izan zen. Sentsibilitate berezia erakusten zuen bikote gazteak lehenengo disko galanta kaleratu zuen. “Loratu”-k talde oso orekatu bat aurkeztu zuen. Indarra eta zarata emozioetatik kontrolatzea lortu zuten, taldearen soinuari izaera trinkoa emanez. Orain “Koloreak” argitaratu dute. Berriro zortzi kantu eta berriro emaitza harrigarria gure belarrientzat. Berotasuna, tristura eta mina protagonista nagusi dituen musika tratatu sakon baten aurrean gaude. Melodia kristalinoetan murgiltzen da diskoa, dentsitateak eta distortsio kontrolatuak markatutako azalera batera iritsi arte. Azal beltzak markatutako kolorez betetako diskoa.

Diskoaren izenburua, «Koloreak». Azala, iluna. Beltza.
JON ANDER ARTOLA: Hasiera baten, diskoaren izenburua beste kanta baten izena izan behar zen. Guztia grabatu eta gero, Victor Sanchezekin, gure teknikariarekin, irten ginen kafe bat hartzera eta berak esan zigun: «Disko honek kolore asko ditu». Eta diskoan “Koloreak” izeneko kanta bat zegoela aprobetxatuta, titulu hori aukeratu genuen. Aurreko diskoren azala ilustratzaile bati enkargatu genion. Baina oraingo diskorako, berriz, disko gehiago egongo diren ez dakigunez eta biak diseinatzaileak garenez, bion artean egitea erabaki genuen. Beltzarekin kontrastea bilatu nahi genuen izenburuaren eta irudiaren artean, izenburuko koloreen eta azalaren beltzaren artean. Gure musikan antzeko kontrastea dagoenez, ondo iruditu zitzaigun kontraste hori azalera eramatea.

2018an hasi zineten talde bezala eta dagoeneko bi disko, «Loratu» eta «Koloreak», dituzue kalean. Zer behar da erritmo hori mantentzeko?
YERAY GASCON: Gure aldartearekin beti zintzoak izan garela esaten dugu. Gure musikak, lokalean gaudenean, nola sentitzen garen islatzen du. Kanta goibelak egiten ditugu. Hitz gogorrak erabiltzen ditugu. Txarto pasa dugun heinean eta gorputzak eskatu digunean sortu dugu. Mugarririk gabe lan egiten dugu eta horrela grabatu ditugu disko biak. Lehenengo diskoa grabatu genuenean ez geneukan intentsiorik grabatzeko, ez geneukan programatuta. Eta bigarrenarekin ere antzeko zeozer gertatu da. Baina horrela suertatu da.

Txarto pasatze horretan, pandemiak eta konfinamenduak zerikusirik izan dute?
Y.G.: Gure sormen prozesuarekin zerikusirik ez dute izan. Pandemiak eta konfinamenduak, hori bai, baldintzatu egin gaituzte: noiz grabatu, noiz entseatu… Izan ere, ez genuen elkartzerik eta horrek buruhauste ugari ekarri dizkigu: ekainera arte ez genuen lokalera joaterik izan. “Koloreak” maiatzean grabatu genuen, Victorrekin Elkarren entsegu batzuk egin eta gero. Baina ez dute eraginik eduki sormen prozesuan.

Zerk eragiten du zuek bezalako bi musikari gaztek gitarra eta bateria hartzea?
J.A.A.: 
Nire kasuan, adibidez, bateria txikitatik jo dut. Baina nik galdera horri buelta emango nioke. Zerk bultzatzen du jendea Euskal Herrian orain arte entzun ez dugun musika egitera? Bateriatik, distortsiotik eta baxutik gatoz. Guk txikitatik hori entzun dugu. Gure talde kutunenak Berri Txarrak eta Willis Drummond dira. Hori da nik entzun dudana eta hori da egin nahi dudana. Era naturalean irteten zaidana da.

Y.G.: Musika urbanoa rocka jaten ari dela ematen du, eta, norbait rocka egiten agertzen denean, nostalgikoa balitz bezala hartzen da.

Rock hizkuntzaren barruan zaudetela uste duzue?
Y.G.: Oinarria argi dago eta besterik esaterik ez dagoela uste dut. Zergatik? Distortsioa dagoelako. Stonerra egon daiteke pisua dagoelako eta popa egon daiteke ahots melodikoak ditugulako. Baina une batzuetan post-rocka entzun daiteke, trantze moduko batean sartzen garelako. Etiketak jartzea zaila da, baina, batuketa bat egin eta gero, argi dago rocka hor dagoela.

Rocka gaur egungo gazteriaren hizkuntza dela uste duzue?
Y.G.: Gazteriak mugimendu mainstream-ak jarraitzen ditu. Eta mugimendu mainstream-ak denbora guztian aurpegiaren aurrean jartzen dizkigutenak dira. Rocka ez dago horien artean.

Zuen musikan melodia eta oreka nagusi direla esango nuke. Zarata, distortsioa, energia... askatzen dituzuenean ere oso era kontrolatuan askatzen dituzue.
Y.G.: Estudioan estudioko tonu horretan gabiltzala eta gero zuzenekoetan askatu egiten garela uste dut. Zuzenean barruan daukaguna askatzen saiatzen gara. Gero, gure soinua era naturalean sortu da. Ez dugu inoiz erabaki nolakoa izan behar den, baina egia da, askotan, nolakoa ez den izan behar erabaki dugula: alegia, nolakoak diren nahi ez ditugun abestiak edo soinua. Eta askotan, gauza agerikoen aurrean gaudenean, nola agerikoa den eta edozeinek egin dezakeen, guk hori ez egitea aukeratzen dugu.

Zein da Habiren helburua talde bezala?
Y.G.:
 Badakit musikaz biziko ez naizela eta, egia esateko, ez dut nahi. Musika zaletasuna da eta zaletasun izaten jarraitu behar du. Gauza asko maite ditut, eta musika horietako bat da. Bestalde, zeozer lortzen ari garela uste dut. Gero eta jende gehiagok gure musika entzuten badu eta gero eta jende gehiagoren aurrean jotzeko aukera badugu, orduan eta hobeto.