Baltik: maitasuna, amorrua, malenkonia eta itxaropena doinu eginda

Iñaki Palacios & The Gael's-en azken lana ezagutu dugu kultur tartean. Txistulari eta  musikari gasteiztarrak aurkeztu digu irlandar tradizioa, euskalduna eta bere begirada berezia uztartzen dituen diskoa.

Audio_placeholder

Baltik: maitasuna, amorrua, malenkonia eta itxaropena doinu eginda

Loading player...
Iñaki Palacios
Iñaki Palacios

'Baltik' du izena Iñaki Palacios &  The Gael's taldearen azken lanak. Irlandan tximistak, trumoiak, euriteak... denak batera datozenean izendatzeko erabiltzen duten hitza da «Halako nahaste-borrastea datorrenean, it's baltik! esan ohi dute, azken urte hau ere nahikoa "baltik" izan da guretzat, eta aspalditik maite dudan irlandar herri eta kulturari keinu eginez izen hori eman diogu diskoari» azaldu digu Iñaki Palacios txistulari eta musikariak.

Izenetik haratago, proposatutako doinuetan ere irlandako melodietara garamatza 'Baltik' lanak, baina beti ere txistuaren begiradatik, eta egun europa iparraldean  puri-purian dauden new/trad, post/folk edo neo-trad korronteetatik edanez.

Irlandan lagun irlandarrekin bizitako pasarteak, hango ohiturak, hemengoak, oroitzapenak eta itxaropenak guztiak nahastu eta doinu bilakatu ditu txistulari gasteiztarrak. The Gael's taldekideez gainera, bestelako gonbidatuak ere izan ditu lan honetan Iñaki Palaciosek:“Baltik” abestian AMAK taldeko Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano daude ahotsetan. “That boot is for me” abestia Goiatz Duttok (Moonshine Wagon) ahotsa sartu du eta letra idatzi du. “We ́ll toast together again” abestian Aldoc taldeko Alan Dogherty-k whistlea jo du.

Diskoa kalean, zuzenekoen garaia da. Ez da nahi bezain erraza egoera honetan kontzertuak ematea, eta horretan, agintariei dagokie Iñaki Palaciosen iritziz beharrezko moldaketak egitea, izatez segurua den kulturaz sortzaile nahiz zaleek behar bezala gozatzeko.

Estreinaldia etxean izango da, Gasteizen, otsailaren 13an Montehermosoko Ur Biltegian.