NAIZ

Duela 10 urte sortu zenetik Basque Culinary Centerrek trakzio-rol aktiboa hartu du sektorean

Basque Culinary Centerrek 10. urteurrena ospatuko du sektorerako erronka handiz betetako urte batean. Jatorritik, erakundeak ‘Gastronomia 360 gradu’ ikuspegia garatu du hainbat proiekturekin, honako balioak oinarri hartuta: pasioa, bikaintasunerako orientazioa, berrikuntza eta giza konpromisoa.

BCC Innovation zentro teknologikoaren aurkezpena. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
BCC Innovation zentro teknologikoaren aurkezpena. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Orain dela 10 urte sortu zenetik, Basque Culinary Centerrek gastronomia mundu akademikora, ikerkuntzara eta ekintzailetzara eraman du, eta, bere DNA ikertzailearen ondorioz, trakzio-rol aktiboa hartu du sektore horretan. Aurten, orain arte lortutakoa eta etorkizuneko erronkak ospatuko ditu.

Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Graduak hamar promozio eta ia 500 graduatu ditu. BCCk sektorearen prestakuntza jarraitua eta garapen profesionala bultzatu ditu, profesionalentzako 10 master eta ia 400 ikastaro sortuta, baita espezializazioko 40 ikastaro ere.

Donostian egoitza duen BCC mundu mailako proiektu aitzindaria da; Estatuko gastronomia arloko lehen fakultatea eta mundu mailako gastronomiako lehen doktoretza abian jarri ditu. Horrez gain, gastronomia ikerkuntzaren arlora bultzatu du, BBC Innovation gastronomia eta ekintzailetza arloko zentroari esker, 7 urte baino gehiago dituen ‘Culinary Action!’ ekimenarekin.

Gaur egun, 30 ikertzaile baino gehiago biltzen ditu, eta arlo zientifiko-teknikoko 57 artikulu eta argitalpen ditu (2013-2021), baita elikaduraren sektoreko enpresekin batera egindako 150 proiektu baino gehiago ere. Bestalde, 2019an LABe‑Digital Gastronomy Lab sortu zen, Donostian kokatutako berrikuntza irekirako living lab bat, non gastronomia birpentsatu eta elkarlanean sortzen den.

Gastronomiaren sustapena eta berau ezagutzera ematea izan dira gakoak. Erakundeak 140 ekitaldi baino gehiago bultzatu ditu, urtero 10.000 lagun ingururekin, eta 2020an, ia 200 ekitaldi birtual antolatu zituen, zeintzuetan ia 20.000 pertsonek hartu zuten parte. Ekimenen artean, Basque Culinary World Prize nabarmentzen da.

Era berean, lanpostuak eta aberastasuna sortu ditu. Urtero 24,4 milioi euroko ekarpena egiten du, eta BPGri 13,4 milioi euroko ekarpena egiten dio, baita 4,3 milioi euroko zerga-itzulkina ere urtero, 2018an egindako ikerketa baten arabera.

10. urteurreneko ekintzak

Topaketak, eztabaida-mahaiak eta eduki esklusiboak izango dira hilabete hauetan garatuko diren ekimenetako batzuk. Horien bidez, Basque Culinary Centerrek 10 urteko ibilbidea ospatuko du, ibilbidean presente egon diren eragile eta kolektibo guztiak kontuan hartuz. Ospakizunak 2021eko irailean amaituko dira, ekitaldi berezi batekin.

Mundua erronka handi batzuei aurre egiten ari da, eta Basque Culinary Centerreko kideek uste dute gastronomia irtenbidearen parte dela. Gainera, sektorea aurrekaririk gabeko eraldaketa-prozesu batean murgilduta dago, eta erakundeak, goi mailako prestakuntzatik, gastronomiaren garapenaren ikerkuntzari eta berrikuntzari laguntzen jarraituko die, gastronomiak duen ahalmen eraldatzailea azpimarratuta bere ekimen eta jardueren bitartez.