Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos

Jordania, uharte bat ekialde hurbilean

Jordania, potentzia kolonialen asmoen arabera metropoli zaharren botere eta interesak orekatzeko sortua, lurralde mortu bat da, baina beduinoek antzinako karabanetan zeharkatzen zituzten lur horiek eta beren artaldeak eta etxeak lekuz aldatzen zituzten hain altxor urria zen uraren usainean.

Petra, harrian zulatutako harribitxia.
Petra, harrian zulatutako harribitxia.

Urruneko erresumen kokaleku, Jordaniaren mugen barruan aurkitu ditugu erromatarren Gerasa eta nabatearren Petra, Itsaso Hilaren ekialdeko ertza, bide biblikoak eta Itsaso Gorriaren hegalean dauden parajeak, harkaitza birrinduz doazen kolore nabarreko basamortuak eta «hammada»-ren erdian behialako «caravansar»-ak dituzten gotorlekuak.

Bizitzan behin bada ere Petrara joan beharra dago. Ostadarra fosilizatu zuen hiria uhin eta zirimola koloredunetan agertzen da haizeak leundutako labarren artean. Horma horiek erabili zituen duela hogeita lau mende nabatear herriak harkaitz gorrian edertasuna kateatuz bere semealaben hilobiak zizelkatzeko. Petran haitza arkitektura bihurtu da eta arkitektura arte.

Era berean, bizitzan behin bada ere, Gerasan oinez ibili beharra dago. Ez da hain ezaguna, ez da hain ikusgarria, baina egungo Jerax hori da erromatarren antzinako munduaren lekukotza ematen duten hirien artean hobekien iraun duenetako bat. Bertan, bainu, arku, zurubi, tenplu, hipodromo eta ezin hobeto egituratutako kaleen artean, argi eta garbi sumatu dezakegu Dekapolis delakoan, hau da, Mare Nostrumen ekialdean kultura greko-erromatarra irradiatu zuten hiri semitikoen konfederazioan, nagusitzen zen bizi giro ezin sosegatua.

Bi hirien inguru osoan, hareazko Mediterraneo honen argitasunak ekialdea seinalatzen du. Hango eguzkipean loratu dira sumertarrak eta akadtarrak, babiloniar eta feniziarrak, asiriar, egiptoar, hitita, persiar eta nabatearrak, erromatar eta bizantziarrak, juduak, kristauak eta musulmanak... den-denak Bilad al Cham delakoan baitaratuak, gaur egun estatu ugariko mosaiko baten moduan zatitua den eskualdea antzina Siria Handia izenarekin ezagutzen zuten osotasuna baitzen.

Jordanen ekialdeko ibaiertza

Jordan ibaiaren urak, kondairak dioenez, betiereko gaztetasuna lortzeko edabe miragarria dira. Nolanahi ere, Jordan da mendeetan hiru erlijio monoteista handien arteko konfluentzia elikatu duen iturria. Era berean, Mediterraneorantz makurtzen den Ekialdearen eta basamortuaren sakontasunean desagertzen denaren arteko muga naturala da. Historiak bor-bor egiten du ur-laster horretan, eta haren inguruko parajeei errotik atxikirik dago gaur egungo mundua itxuratzen duen pentsamendu eta inkontziente kolektiboaren zati handi bat.

Jordania ekialdeko ibaiertzean dago. Frantziaren eta Britainia Handiaren arteko joko geopolitikoen ondorioz sortu zen, I. Mundu Gerraren ostean bigarrenak Otomandar Inperioaren aurkako bere aliatu arabiarrei egin zizkien promesak pikutara bidalita. Bi potentzion arteko Skyes-Picot isilpeko ituna dela medio, hitzemandako arabiar estatu handia ez zen sekula gauzatuko. Horren partez, Mendebaldeko interesek muga artifizialak trazatu zituzten, lurraldeak eta herritarrak banatuz: iparraldea frantsesentzat eta hegoaldea britainiarrentzat. Jordania ingelesen alde horretan geratu zen, eta ez zuen independentzia lortu 1946ra arte. Harrezkero, Haxemi erresuma modernoa uharte baten gisara irudikatu dezakegu, antzinako zibilizazioen edertasuna gordetzen duten eta kontraesankor, askotan gatazkatsu, izan arren gure gaurkotasunean erabakigarri izaten jarraitzen duten errealitate hiru mila urtez josiriko horien erdian.

Horregatik, Petrak, hiri arrosak, sortzen duen lilurak blaituta, berriro ere abandonatu dugu geure burua. Bab as-Siq zeharkatu dugu Al Khazneh-eraino, altxorreraino, zeina mendi zintzurraren ataka estuko azken zirrikitutik begiratzean gotorturik sumatzen dugun, harik eta distira betean parez pare azaldu zaigun arte, originaltasun eta edertasun zirraragarriarekin ongietorria emanez. Hortik aurrera, nabatearren esku miragarriek beren hildakoen omenez hareharrizko horma hauek zizelkatu zituzten, panteoi ñimiñoenetik erraldoieneraino, soiltasunaren eta sofistikazioaren artean dauden era guztietan, eta horren adierazlerik gorena dira errege hobiak eta Al Deir, monasterioa, eta hortik, hain zuzen, Wadi Arabiaren gaineko ikuspegirik ederrenak ikus daitezke.

Garai batean, 30.000 biztanle izatera iritsi zen hiria, eta gaur egun, haren hondarrak cardo edo kale nagusiaren bi aldeetan zutitzen dira: lehoi hegodunen tenplua, tenplu handia, errege jauregia, eta temenos edo santutegiaren amaieran, Qasr al Bint. Denborak eta gorputzak aukera ematen badigute, sakrifizioen aldarera igo gaitezke, eta gero, Jebel Madbah-ren mendebaldeko magaletik jaitsi. Ez ditu hainbeste bisitari izaten, baina ez da horregatik interes gutxiagokoa, hantxe baitaude lehoiaren monumentua, erromatar soldaduaren hilobia edo lorategiko triklinioa.

Eta horrexegatik itzuli gara halaber Gerasan barna hipnotizaturik ibiltzera. Bertako bi antzokiak ikusi ditugu, foro obal berezian paseatu gara, erromatar arkitekturan ez da-eta batere ohikoa, eta inurriak bezala sentitu gara Artemisaren tenpluko zutabeen ondoan, lurrikara batek eraits ez zitzan eraikuntzan erabilitako trikimailu txiki bat dela medio egiten duten kulunka arinari begira.

Begi bistan dagoenaz harago

Baina Jordaniarako bidaiak askoz gehiago dauka eskaintzeko. Gure ibilbidean hainbat gotorleku aurkitu ditugu, hala nola: batetik, Ajlunen, Qala’at ar-Rabat, XII. mendean Izz al-Din Usama bin Munqidh Saladinen iloba batek eraikia; baita «basamortuko gazteluak» deituak ere, hegoaldeko hammadan, omeiatarren garaian eta XI. mendera arte atsedenleku, hornidura puntu, gotorleku eta atsegintegi izan ziren jauregi eta caravansarak. Nabarmentzekoen artean dago Qusair Amra, VIII. mendeko kalifa jauregi txiki bat, apaingarrietan oparoa, mural historiko, mitologikoak dituena ehizako eta zodiakoko irudiekin, eta egitura bitxi bat duena, besteak beste, harrera gela bat eta erromatar estiloko bainuak eraiki baitzituzten.

Amman hiriburua mendi muinoetan gora eta behera hedatuz doa, meskitaz meskita eta Lazioko inperioaren aztarna batetik bestera borborka egiten duen giroan. Erromatarren antzinako Filadelfia izan zen, eta horren lekuko dira bertako ninfeoa eta antzoki ikusgarria, euskarritzat duen sakonunean gora ziztu bizian doazela diruditen harmailekin. Haren oinetan dago odeoia. Gero, Jebel al Qala’ako zurubian gora egin dezakegu Ziudadelara igoz, hantxe baitzegoen antzinako Rabat Ammon eta hantxe gordetzen baitira oraindik harresi zaharren hondarrak eta Herkulesen Tenpluaren aztarnak, baita ere omeiatarren jauregi zaharberritua.

Hemendik oso radio laburreko zirkulu-erdia trazatuz, Biblia ezustean agertzen da behin eta berriz: Betanian, Jesu Kristo bataiatu zuten lekua; Makeronten, Bataiatzaileari burua moztu zioten lekua; Pellako hareatzetan, I. mendean kristau komunitateei babesa eman zien hiria; eta Nebo mendian, Moisesek bertatik ikusi baitzuen agindutako lurra, Bibliaren arabera, faraoiaren lurretatik egin zuen bidaia amaitzean.

Aurretik, ordea, Madaban egon gara, greziar erritu ortodoxoko San Jurgi elizan mosaiko txundigarri bat baitago ikusgai, Palestina eta Behe Egipto mapa batean irudikatzen dituena, eta bai gaur egun ere harrigarri egiten zaizkigun edertasun eta zehaztasunez irudikatu ere.

Eta Ghor as-Safin, Loten kobaren eta Loten emakumearen estatua dela dioten pinakulu naturalaren bila gabiltzala, Itsaso Hilarekin egin dugu topo, planetako punturik baxuena. Hango uren gazitasun neurriz gainekoak arintasun sentsazio bitxi bat eman digu, urak gure gorputzari muzin egin eta zeru zabalera bultzatu nahiko balu bezala. Ez dauka inongo zerikusirik handik gertuko Wadi Mujib-en izandako bizipenarekin, ur gezak zeharkatutako arroila sakonean igeri egin dugunean, argiari bidea mozteraino luzatzen diren hormen artean.

Danako Biosfera Erreserba txundigarria

Hegoalderantz bideratu ditugu urratsak. Danako Biosfera Erreserba txundigarriaz disfrutatu ondoren, Wadi Rumen sartu gara, Jakintzaren Zazpi Zutabeen presentzia ahaltsuaren aurrean. Arabiako Lawrenceren tankeran, maila apalagoan bada ere, basamortuan gora eta behera ibili gara 4x4 ibilgailuan, haren sekretu guztiez jabetzeko, duna gorri handitik hasi eta Jebel Khazalira, zeinaren barrualdean, haitzarte estu bat oinez igaroz, antzina-antzinako garaietatik iritsitako petroglifo deigarri batzuk aurkitu ditugun. Duela milioika urte itsas hondoa izan zen lurzoru horretatik jalgitzen diren mendiek ikusgarritasun hunkigarria ematen diote denbora gelditu aurretik urtuz zihoala zirudien basamortuari.

Eta azkenean, Aqabara iritsi gara, Itsaso Gorrirako irteera. Bertako kaleetan ibili gara, bertako itsasaldetik, azokak bisitatu ditugu eta te goxoa hartu hondartza gaineko terraza batean eserita, itsasgorak oinak bustitzen dizkigun bitartean. Gure parean, mendebaldeko itsasertzean, Egiptoko kostaldea ikus dezakegu, baita Elat israeldar hiria ere; eta hegoaldean, Arabia Saudiren muga. Kostaldeko txoko honetan, ura epela eta gardena da eta itsaspeko paisaia bikainak oparituko dizkigu koral eta ontzi urperatuen artean igerian dabiltzan milaka koloretako arraintxoek gure ekinaldiak alaitzen dituztelarik. Eta ilunabarrean, olatuen gainean, brankako hagatik ikus dezakegu nola amiltzen den eguzkia ababorren Sinaiko mendiez harago, gure itsasontziko oihalen artean izpi gorriak zartatuz.