Loirako gazteluak: Erregeen haranean
Loira haraneko gazteluek Erdi Aroko historian murgilduko gaituzte. Norgehiagokak, jelosiak, iraultzak, familia arazoak eta etxeen arteko gerrak... horien bidez Frantziako historia idatzi zen Erdi Arotik XX. mendera arte. Eta bizirik iraun dute errege eta erreginen altxor preziatuenek: gazteluak.
‘Game of Thrones’ telesaileko Sortaldeko Zazpi Erreinuak eta Hormatik Haragoko eskualdeetako hiri eta familiekin gertatzen den bezalaxe, Erdi Aroko Frantzian ere istorio zirraragarriak topa daitezke. Garai batean château (gaztelu) izenekoak gotorleku eta defentsa eraikinak izan ziren; goitik behera eraberritu zituzten gehienak Errenazimentu garaian, eta gaur egun Loira haranean ikus ditzakegun jauregi edo erregeen egoitzak agertu ziren horrela.
Haraneko erdialdeko eskualdean 2.500 château inguru daude (kopurua ez da guztiz zehatza), Turena, Blesois, Orleanais eta Berry probintzietan sakabanatuta. ‘Châteaux de la Loire’ edo ‘Erregeen Harana’ izenarekin ezagutzen diren 40 gaztelu nagusiak ere eskualde honetan daude, Loira ibaiaren erdialdeko eta beheko lurretan, baita Indre, Cher, Vienne, Maine eta Loira ibaiadarretan ere.
X eta XI. mendeetan, Tours hiria oso desiratua zen Blois eta Anjou etxeentzat, eta hauen arteko gerren ondorioz sortu ziren eskualdeko jauregi asko. Tours eskualdeko hiri nagusia dugu, eta inguru horretan daude Loirako gazteluak. Bisitari askoren ikusmiran dagoen helmuga turistikoa da, eta hau guzti hau kudeatzeko Chateaux de la Loire-Vallée des Rois izeneko elkartea sortu zen 2008an. Eraikinez ez ezik, monumentu eta jauregien bisitez ere arduratzen da. 2000. urtean, Unescok Munduko Ondare izendatu zuen Loirako haranaren zati bat: ekialdeko Sully-sur-Loiretik (Loiret) mendebaldeko Chalonnes-sur-Loirera (Maineet-Loire) artekoa.
Mapa esku artean dugula, lehen begiratuan, mota honetako eraikin ugari aurkitu ahal izango ditugu: Angers, Usse, Azay-Le-Rideau, Villandry, Loches, Amboise, Chenonceau, Chaumont, Blois, Cheverny, Chambord... baina beraien arteko distantziak uste baino askoz handiagoak dira, eta gomendagarriena bidaia autoz egitea da. Erregaiaren eta bidesarien gastuez gain, kontuan izan behar da edozein gaztelutara sartu eta goitik behera bisitatzeko ordaindu egin behar dela. Gainera, batzuetan, Chamborden bezala, autoaren aparkalekua ere ordaindu behar da.
Bakoitzak, bere berezitasunak
Iraganaren maitaleek hainbat harribitxi bisitatzeko bonu bereziak topa ditzakete Loira haraneko turismo bulegoetan. Hala ere, txartelak erosten hasi baino lehen, jauregi bakoitzak dituen berezitasunak patxadaz aztertzea komeni da, batzuk barrualde zoragarriengatik direlako famatuak, baina, beste batzuen kasuan, lorategiak nagusi direlako, Villandryn gertatzen den bezalaxe: Tourseko mendebaldeko gaztelu honetan Joachim Carvallo bizi izan zen, zelda formatuko lorategi ezberdinen diseinatzailea. Villandryk aukera zoragarria eskaintzen die umeekin bidaiatzen duten bisitariei.
Azay-le-Rideaukoak ipuin miragarri batetik ateratakoa dirudi: Indre ibaiaren ertzean kokatutako Erdi Aroko château hau Errenazimentuko arkitekturaren adibide paregabea da. Babes-hobi xarmangarri batek babesten du gotorleku ohia eta kanpotik atera daitezkeen argazkiek ez dute zerikusirik hesi barrutik atera daitezkeenekin.
Azay-le-Rideauren ipar-ekialdean Chambord dago, ‘Erregeen Haraneko’ handiena. Eraikin nagusiak planta karratuko solairu bi dauzka, baita terraza ikusgarria ere. Frantziako Frantzisko I.a erregearena izan zen, baina ez zen bertan bizi izan; ehiza egiten zuenean erabiltzen zuen egoitza da. Frantzisko I.ak Blois eta Amboise jauregietan zuen benetako egoitza (Chambordetik 17 kilometrora mendebalderantz). Chamborden hego-mendebaldean Cheverny dago. Leku aparta da Tintinen istorioen maitaleentzat, Herge Haddock kapitainaren Moulinsart gaztelua sortzeko château honetan inspiratu baitzen. Gaur egun Tinti nen erakusketa iraunkorra topa daiteke barnealdean.
Zazpi damen etxea
Chenonceau Loira haraneko eta Frantziako gaztelu pribatu bisitatuena da. Zonaldeko gehienak ez bezala, ibaiertzean baino gehiago, Cher ibaiaren gainean eraiki zen. Hasiera batean Marques familiaren Erdi Aroko gotorlekua izan zen, Tomas Bohibierrek eta Katherine Briçonetek gaztelua erosi zuten arte. Gotorlekua eta errota suntsitu ostean, dorre nagusia utzi zuten zutik soilik, eta estilo errenazentistaren arabera eraberritu zuten. Katherine (1494-1526) bera izan zen eraikin berriaren obrak gainbegiratu zituena 1513tik 1521era, senarra Italian borrokan zegoen bitartean.
XVI. mendean, Henrike II.ak, Katalina Medicisekin (1519-1589) ezkonduta egon arren, Chenonceauko gaztelua bere maitalea zen Poitierseko Dianari (1499-1566) oparitu zion, Katalinaren eta Dianaren arteko gorrotoa piztuz. Diana negozioetarako jaiotako emakume heldua zen. Bera izan zen gaztelu honen lan arkitektoniko garrantzitsuen arduraduna: lorategiak diseinatzeaz gain beste ibaiertzera doan Poitierseko Diana galeria sortu zuen: 60 metroko arkudun zubia, ibaiaren bestaldean ehizan aritzeko.
Henrike II.a hil zenean, Katalina Medicisek –erregina ama gisa ezagutua–, Chenonceauren kontrola berreskuratu eta Diana Chaumontera bidali zuen, behin betiko. Erregina legitimoak lorategiak atontzeaz gain, gazteluaren arkitektura hobetu zuen, Dianak eraikitako zubiari bi solairu gehituz eta Medicis galeria sortuz, gaur egungo itxura hartu arte.
1589an Henrike III.a hil zenean, bere alargun Lorrenako Luisa (1553-1601) Chenonceaura joan zen. Garai hartako gorteak zioenari jarraituz, lutoa zuriz egin behar zen, eta horrelaxe, zuriz jantzita gotorlekuko goiko solairuko gela ilunenean igaro zituen bizitzako azken urteak, irakurketan eta erreguetan murgilduta, bakardade ilunenean. Eraikinaren arkitekturak mezak gelatik bertatik entzutea ahalbidetzen zion, eta Chenonceauko erregetzako azken erreginak erabat ahaztuta eman zituen bere azken egunak.
XVIII. mendean Louise Dupin (1706-1799) heldu zen Chenonceaura, Argien Mendeko ordezkari bezala. Ideia paregabeko anfitrioi pentsalari itzela izan zen, eta Montesquieu, Voltaire edo Rosseau bezalako pentsalari, filosofo, idazle, poeta eta zientifikoak gonbidatu zituen Chennonceauko aretoetara. Emakume honen zuhurtasunak Frantziako Iraultzatik salbatu zuen gaztelua. Eta XIX. mendea Marguerite Pelouzerentzat izan zen (1836-1902).
Gaztelua bere luxuzko gustuetarako parke bihurtu zuen, eta dirutza xahutu zuen Chenonceau Poitierseko Dianaren garaiko itxurara ekartzeko. Gauzak ez ziren uste bezala irten, eta liskar politiko ilun batek Chenonceau saltzera eraman zuen.
Azken dama Simonne Menier izan zen (1881-1972), eta erregetzatik urrun, gotorlekuko erizain nagusia izan zen. Chenonceauko galeriak zaurituak zaintzeko ospitale bihurtu zituen familiaren laguntzarekin eta 1918ra arte 2.000 zauritu baino gehiago igaro ziren bertatik.
Da Vinciren heriotzaren urteurrenean
Handik 12 kilometrora Amboise dago. Gaztelu nagusiaz gain, erdialdetik 15 minutura Clos Luceko jauregia dago. Leonardo Da Vincik, Italian bizi ostean, bertan eman zituen bizitzako azken urteak (1516-19), Frantzisko I.aren lagun hurbila egin zen eta. Da Vinciren heriotzaren 500. urteurrena bete zenean, gaztelutxoak sorpresa ugari eskain zizkien bisitariei.
Eraikinaren barnealdean, Leonardo Da Vinciren logelaz gain, Nafarroako Margaritarena eta Frantzisko I. erregearena bisitatu daitezke. Kapera bisitatzea ere oso interesgarria da, sabaiko freskoak Leonardoren ikasleek margotu zituzten eta. Horiez gain, oso gomendagarriak dira Batzar Aretoa, Da Vinciren beraren tailerra, sukaldeak eta asmakizunen museoa.
Kanpoaldean, asmakizunen parkea gaztetxoentzako paradisua da. Bertan Leonardoren Lorategia eta Leonardo Da Vinciren parkea daude: artistaren asmakizunak eskala errealean, goitik behera probatu eta ukitu daitezkeenak. Erregeen Haranean altxor ugari topa daitezke. Denbora eta aurrekontua behar bezala kudeatuz, aukera paregabea da bakarrik edo familia zein lagunekin egun batzuetako joan-etorri paregabea egiteko, etxetik ordu batzuetara.