Maharajas’ Express Train: Indian barrena maharaja baten pare
Delhitik Bombayra, munduko tren luxuzkoenetako batean: Maharajas’ Express Train Glamourrak, dotoreziak, gastronomiak eta erromantizismoak indiar maharajen antzinako oparotasuna dakarkigute gogora.
Delhi eta Bombay artean 1.400 kilometro eskas daude. Errepidez 25 bat ordu izango lirateke National Highway 48tik barrena, eta hegazkinez egunean 30 konbinazio baino gehiago daude hiri batetik bestera bi orduko tartean joateko. Horiek izango dira, seguru asko, aukera azkarrenak, baina ez dute maharaja baten pare luxuzko tren batean zortzi egunez bizitzeak duen erromantizismorik.
Mugimenduan dagoen hotel bat baino, Maharaja’s Express delakoa gurpil gaineko jauregia da. Bere dekorazioak Hindustango eskualdeko administrazio kolonial britainiarraren urrezko garaia dakarkigu gogora. Sasoi distiratsu haietan, maharaja bakoitzak ondasun ugari zituen; hots, dozena bat noblezia-titulu, zenbait emazte, dozena bat seme-alaba, elefanteak, zenbait tren bagoi pribatu eta, noski, hainbat Rolls-Royce.
Espero izatekoa zen bezala, alfonbra gorri batek markatzen digu, Delhin, Safdarjung geltokiranzko bidea. Bi nasa baino ez ditu eta minimalista da, New Delhiko geltoki kaotikoaren aldean. Lore apaingarri ikusgarriak ditu han-hemen. Xanpain frantses kopa batzuek eta bertako musikarien doinuek arintzen digute irteera ordura arteko itxaronaldia. Gaueko hamarretan, astiro eta kirrinka artean, trena martxan jarri da. Lokomotorrak 22 bagoi ditu atzean, guztira gehienez 88 bidaiari eraman ditzaketenak, gela eta kategoria desberdinetan banatuta.
Suite presidentzialak bagoi oso bat hartzen du eta bertako erosotasunen artean, adibidez, egongela bat, bi logela eta edonor txunditzeko moduko bainuontzia daude. Trenak 20 metro koadroko 4 suite ere baditu, edo beste era batera esanda: bagoi erdi, 13,9 metro koadroko 18 junior suite eta 20 Deluxe kamarote. Guztiek dute idazmahaia, kutxa gotorra eta ur beroko dutxa.
Kasik maletak desegiteko denborarik gabe zerbitzatu digute afaria. Bi jatetxe-bagoi daude, Mayur Mahal eta Rang Mahal, indiar art-decó estilo betean dekoratuak. Horietan John Stone bost izarreko chefak nazioarteko platerak eta indiar tradizio gastronomikoko beste batzuk uztartzen dituen karta eskaintzen du.
Taj Mahal-ekin hitzordua
Trika-traka eta kirrika hots artean, trena bidea irekitzen ari da poliki-poliki Delhi eta Agra artean dauden 200 kilometroak osatzeko. Goiztiar gabiltza Taj Mahal-en sartzen lehenak izateko. Hiriak lo jarraitzen du.
1983an Unescok Munduko Ondare izendatu zuen Taj Mahal, bisita gehien jasotzen dituen Indiako ikur arkitektonikoa. Shah Jahan enperadoreak eraiki zuen XVII. mendean bere erregina kutunenarentzako mausoleo gisa. Mumtaz Mahal zen erregina hura, bere bikotekidearen hamalaugarren semeaz erditzean hil zena. Shan Jahanek mausoleoa eraikitzeko Rajastaneko marmola enkargatu zuen, zeinak bereizgarri berdingabea duen: goizez arrosa koloreko ikusten da, arratsaldez zuria eta gauez krema kolorekoa.
Arratsaldez Agra gotorlekua bisitatu ohi da, Yamuna ibaiaren ertzean. Sha Jahan bertan gorde zen bere emaztea hil zenean. Bere leihateetatik emaztearen atsedenlekura, Taj Mahalera, begira eman zituen bere azken urteak, Yamuna ibaiaren beste aldetik. Biharamunean Ranthambore Parke Nazionalean safaria egitea tokatzen da, oraindik bertan bizi diren Bengalako tigreak ikusteko asmoz.
Parkea Jaipurreko maharajaren ehiza-esparru pribatua izan zen. Erruz ehizatzen zen bertan eta orduko milaka tigreetatik egun berrogeiren bat geratzen dira, eta, hala ere, isilpeko ehiztarien mehatxupean dago. Espero izatekoa zen bezala, ez genuen tigrerik ikusi, baina paisaia izugarriari eta orein eta krokodilo zenbaiti esker benetan esperientzia atsegina izan da. Bazkaria zerbitzatzen diguten bitartean, trena Jaipur-era bidean doa. Hiri arrosa, Rajastaneko hiriburua. Geltoki bakoitzean, alfonbra gorri bat eta bertako musika eta dantzak ditugu lagun, autobuserainoko bidean.
Jaipurren Jantar Mantar bisitatuko dugu, XVIII. mendeko behatoki astronomikoa, eta horren ostean, afaldu egingo dugu, non eta hiriko jauregian, sasoi batzuetan errege-familiaren bizileku den eraikinean. Hurrengo egunean Bikaner-era iritsi da trena, non tradizioak gizonek bibotea ez moztea agintzen duen. Batzuena 7 metro neurtzera ere irits daiteke. Hemen Junagartheko gotorlekua bisitatuko dugu. Indiar estiloko makina bat mural-margo ikusgarrirekin eta harribitxi inkrustazioekin apainduta dago. Horien artean mural bitxi bat nabarmentzen da, zeinarekin bere eraikitzailea, XVI. mendeko maharaja batek, hirira likido preziatua, ura, erakartzen saiatzen zen.
Arratsaldez, gameluek tiratutako gurdiek ezerezaren erdian dauden dunetara eramaten dituzte turistak. Bertan ilargiaren argipean afaria prest dugu.
Harresietatik aintzirara
Bosgarren eguna iritsita, trena Jodhpur-era iritsi da. Mehrangarh-eko gotorlekua ikusiko dugu hemen, India osoko ikusgarrienetako bat. Bertan kokaturiko museo batean miniatura, musika-tresna, jantzi eta altzari bilduma oparoa dago. Gainera, bere harresiek bikain kontserbatutako kanoi originaletako batzuk izateaz gain, hiriaren bista izugarriak dituzte. Hiriko alde zaharra bisitatu ostean, ilunabarrak itxura ona du. Bidaiariek afari-koktel pribatua zain dute Hanwant Mahal jatetxean, txotxongilo ikuskizun eta guzti.
Gauean, trena Udaipur-erako bidean doa, goizean txalupaz Pichola aintziran ibili eta hiriko jauregia bisitatzeko. Bertako uharteak inguratzen dituzten paisaia zoragarriek ematen diote ospea aintzirari. James Bond-en sagako ‘Octopuss’ filmeko hainbat eszena filmatu zuten aintzira honetan eta bertako jauregiak ere zinema plato gisa baliatu zituzten.
Zazpigarren eguna dugu, eta Sevaliyako geltokian gelditu gara, dinosauroen fosilen parkea ikusi ahal izateko. Asiako garrantzitsuenetako bat da. Bertako arroketan inkrustatutako Historiaurreko arrasto ugariek frogatzen dute Narmadako errege-dinosauroak existitu zirela.
Esperientzia are interesgarriagoa suertatzen da duela 65 milioi urte desagertutako izaki horien arrautza bat esku artean izateko aukera duzunean. Ondoren, Balasinor Lorategiko Jauregian hamaiketakoa egin dugu, beren jantzi tradizionalak soinean, errege-familia lagun dugula. Hainbat dantza tradizionalek girotzen dute bazkaria. Hala ere, dantza gogoangarrienak trenean izandako azken afarikoak dira.
Xanpain kopa batzuekin eta Bollywoodeko musikarekin astintzen dute gorputza bezeroek, zerbitzariek markatzen duten konpasean. Bidaia amaierara iristen ari da, eta trena ez da geldituko hurrengo goizera arte; 8.15ean iritsiko da Bombayko Lokmanya Tilak Terminus-eko geltokira.
Taj Mahal Palace
Luxuzko tren bati hain bidaia garestiaren mailako hotel bat dagokio. Halakoa da Taj Mahal Palace. Tata familia parsiak eraiki zuen eta Taj katearen sorrerako lehen hotela da duela mende bat baino gehiagotik hiriaren ikurra den luxuzko hotel hau. Bi gune ditu, dorrea eta jauregia, non nazioarteko elitea eta Bollywoodeko industria batzen diren bertako sukaldaritza bikainaz gozatzeko. Hiriarenbihotzean kokatuta dago eta duela gutxi eraberritu dute.
Altzari garesti, antigoaleko gauza eta alabastrozko sabai ikusgarriekin dekoratuta dago eta Indiako hotel ospetsuenetako bat bihurtu da. 565 gela ditu, horietatik 46 suite-ak, eta, horiez gain, suite Exekutiboak, Luxury, Grand Luxury eta Presidentzialak ere bai, non luxuak eta detaileek mugarik ez duten.