Juanma Costoya

Graham Greene eta Leopoldo Duran: bi lagun errepidean

70eko hamarkadako bigarren erdialdean, Graham Greene idazle britainiarra eta Leopoldo Duran apaiz galiziarra Iberiar penintsulan barna elkarrekin bidaiatzen hasi ziren. Hamabost urtetan zehar errepikatu zituzten batera egindako bidaia laburrok.

Sil ibaiaren inguruko mahastiak, Greenek gustukoen zuen ingurunea.
Sil ibaiaren inguruko mahastiak, Greenek gustukoen zuen ingurunea.

Graham Greene eta Leopoldo Duranek 1976ko uztailean egin zuten elkarrekin lehendabiziko bidaia. Bi asteko bidaia izan zen eta bikote bitxiak Euskal Herria elkarrekin bisitatu zuen aldi bakarra izan zen. Idazlea eta apaiza ez ziren bakarrik, autoz egindako bidaiak txofer eta guzti egiten baitzituzten, hau da, «hirugarren gizon bat» ere bazegoen beti tartean. Eta oso arraroa izaten zen bidaiariok leku berdinean bi gau igarotzea.

Gutxika-gutxika, oinarrizko ibilbide bat sortzen joan ziren bi adiskideak, urtez urte errepikatu zutena, aldaketa txiki batzuekin; leku batzuk ibilbidetik ezabatzen zituzten eta beste batzuk sartu. Elkarrekin egin zituzten bidaietan, helmuga hauek ia beti errepikatu zituzten: Villafranca del Bierzo, Salamanca, Portugaleko Sintra hiria, Leon eta, bidaia guzti-guztietan bisitatu zuten Oseirako monasterioa. Helmuga horietako batzuk aukeratzeko arrazoia idazle ezagunak aspaldiko lagunak bisitatzeko zuen nahia zen; adibidez, Maria Newal enigmatikoa, Sintratik gertu kokatutako Quinta da Piedade jauregian bakartuta bizi zena. Beste batzuetan, bidaiotan egindako lagunekin ardo botilen inguruan elkartzea izaten zen xedea; adibidez, horrela egiten zuten Antonio Nogueira Ourenseko ardandegi jabearekin.

Greenek lasaitasuna maite zuen, inork ez ezagutzea. Zeharo gorroto zuen jendea berari argazkiak ateratzen aritzea, eta, ondorioz, leku turistiko ezagunetatik ihesi ibiltzen zen. Bidaiok egin aurretik, Duranek ibilbideak eta bisitatzeko lekuak gomendatzen zizkion, baina azken hitza eleberrigile ezagunarena zen beti. Greenek afariak eta hotelak ordaintzen zituen, Duranek bazkariak. Apaiza izaten zen, hori bai, bere harreman sarearekin kontaktuan jarri eta monasterioetan eta egoitza eklesiastikoetan ostatu hartzeko hariak mugitzen zituena. Gasolina erdibana ordaintzen zuten eta txoferra Duranen ikasle edo adiskideren bat izaten zen. Apaiza Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea zen, Ingelesezko Literatura ikasgaikoa zehazki, eta bertatik ezagutzen zuen norbait aukeratzen zuen txofer lanak egiteko.

Apaizak eta idazle ezagunak 1974ko udako egun sargori batean hartu zuten lehen kopa elkarrekin, Londreseko Ritz hoteleko tabernan. Ezinezkoa da ia bi pertsona hain ezberdin aurkitzea. Greene arrakasta izugarriko eleberrigilea zen, Nobel saria eskuratzeko hautagaia, munduzalea, kulparen eta bere kontzientziaren artean harrapatuta bizi zena. Duran, berriz, apaiz anakronikoa zen, bakartia, ikasketak bere herrixkako giro zapaltzailetik ihes egiteko bide bezala erabili zituena. Baita lortu ere: Teologian doktoratu zen Erromako Angelicum prestigiotsuan, Filosofian Madrilgo Konplutentsean eta Ingelesezko Literaturan Londresko King's College ospetsuan. Egin zituen tesietako baten izenburuak jarri zuen harremanean idazle ezagunarekin: «Krisian den apaizaren irudia Graham Greenen obran». Are, tesi hori izan zen ostean etorriko ziren bidaien eta liburuen hazia.

Ardoak eta liburuak

Bidaiariok batetik bestera eramaten zituen Seat 1430 autoa pisuz gainezko joaten zen beti. Arrazoia begi bistakoa zen: atzeko eserlekuetan zein lekurik txikiena zegoen tokian pilatzen ziren ardo kaxak. Greenek eguerdirako jada botila bat ardo edatea zuen gustuko; bere altueragatik eta atzean zorabiatu egiten zelako, kopilotuaren aulkian joaten zen beti. Lehen bidaietan Leopoldo Duran Poldo apaizak tonikak edaten zituen, baina laster asko irabazi zuen bigarren ezizen bat berak ere: Whisky priest, hau da, ‘Whiski apaiza’. Izan ere, likore eskoziar ezaguna hartzeko zeremonia eta ordutegia sakratu bihurtu ziren txangoetan, apaizak bidaideen harridurarako noiznahi erresatzen zituen arrosarioak beste ia.

Apaiz galiziarrarekin sorpresarik ez zen falta izaten bidaiotan. Noizean behin meza latinez eta Vatikanoko II. kontzilioaren aurreko erritua jarraituz ematen zuen (aldare mugikor bat eramaten zuen beti autoan). Are, Franco goresten zuen eta horrek Greenekin etengabe ika-mikan aritzera eramaten zuen. Idazleak, bide batez, gogor kritikatzen zuen Juan Pablo II.a aita santua, bien arteko eztabaidak areagotuz. Ildo horretan, kontuan izan behar da idazle britainiarrak ez zuela batere maite maiz jartzen zitzaion «idazle katolikoaren» etiketa.

Greenen izaeran anbibalentzia nagusitzen zen zeharo. Askapenaren Teologia miresten zuen, marxismoaren eta kristautasunaren arteko sintesitzat hartzen baitzuen. ‘The Quiet American’ maisulanaren egileak «katoliko agnostiko» gisa bataiatzen zuen bere burua eta Tomas apostoluarekin identifikatzen zen, hau da, bere maisuaren berpizkundea zalantzan jarri zuen apostolua.

Eguerdi askotan, bidaiariek errepidetik gertu zen gerizpe bat bilatzen zuten, eta, egunkari paperez prestatutako mantel baten gainean, otordu ederra atontzen zuten. Afariak, berriz, askoz ere formalagoak izaten ziren. Eta arriskutsuagoak. Edandako alkoholaren ondorioz, bi lagunen arteko esgrima dialektikoa benetako borroka bihurtzekotan izan zen behin baino gehiagotan. Ostean, Greene damutu egiten zen apaizari sorrarazten zizkion haserrealdiak zirela eta, bereziki gidariarekin elkar hartuz apaizaren zelibatua zalantzan jartzen zutenean izaten zituen sufrikarioak ikusita.

Unamuno eta Oseira

Behin eta berriz bisitatzen zituzten helmugak kulturalki eraldatutako paisaiekin lotuta izaten ziren: mahastiz inguratutako Ourenseko herrixkak, granitoan landutako Galiziako ermitak, Leongo katedraleko beirateak, Ribeira Sacra eskualdeko monasterioak, Sil ibaiko arroilak, Salamanca eta bertako unibertsitatea, Cervantesen obran agertzen ziren El Toboso eta Alcala bitarteko herriak.

Autoan etenik gabe hitz egiten zuten bidaiariek, gai zerutarrez zein mundutarrez. Eta irakurri egiten zuten, bai irakurri. Bi idazle, beste askoren artean, beti izan ziren presente bidaiotan: Cervantes, eta, batez ere, Unamuno. Hain zuzen ere, ‘The Third Man’ harribitxiaren egileak bere burua Bilboko idazlearekin identifikatzen zuen, biek mortifikazio existentzial berak partekatzen baitzituzten.

Bidaiok Oseirako monasterioa izaten zuten beti abiapuntu, baita helmuga ere. Bertatik oso gertu kokatutako Beariz eta Avion herrixketan, azken horretan jaio zen Duran, Greenek eta apaizak bidaiotako unerik onenetako batzuk bizi izan zituzten elkarrekin. Jasotako tratuaren esker onez, Greenek ‘Getting to know the general’ bere lanaren egile eskubideak monasterioaren esku utzi zituen. Idazlearen nahia liburu horretatik ateratako dirua monasterioko liburutegia egoera onean mantentzeko lanetara bideratzea zen. Obra berberak Latinoamerikan eman zituen irabaziak, berriz, El Salvadorko gerrillaren esku utzi zituen Greenek.

Gaztaroan Alderdi Komunistako kide egin eta gerora britaniar inteligentziarentzat lan egin zuen idazlearen dualtasun tipikoaren beste adibide bat. Hori bai, Greenek izan bazuen inoiz hausten ez zuen fideltasun bat: bere lagunak. Eta horien artean ez zegoen bakarrik Leopoldo Duran apaiz ultramontanoa, Kim Philby ere bazegoen, Iberiar penintsula autoz zeharkatzen zuen urte beretan Greenek Moskun hainbatetan bisitatu zuen agente bikoitza. Greenen kritikoek esan ohi zutenez, idazleek beti badaezpada bi kandela jartzen zituen: bat Jainkoari eta beste bat deabruari.

Azken bidaia

Greenek eta Duranek Iberian penintsulan elkarrekin egindako txangoek bi inflexio puntu izan zituzten, bat positiboa, eta, bestea, ez hainbeste. Apaizaren pertsonalitateak Greene liluratu zuen eta, horren erakusle, inspirazio iturri gisa hartu zuen ‘Monsignor Quixote’ obra idazteko. Apaizaren tolesgabetasunak, azkartasunak eta zinismo ezak idazle britainiarraren sormena pizten zuten, eta, horri esker, bidaiatzeko eta literatur lana uztartzeko aukera eragingarriak ziren bidaiok Greenentzat; formula ezin hobea zen bidaiotan aurkitzen zuena idazle ezagunarentzat.

Itzala, berriz, hasiera batean aukera zirudien gertakari batetik heldu zen. Errioxako ardandegi ezagun batzuen jabeak idazleak bere ardo beltzak izugarri miresten zituela jakin zuen, eta, hori baliatuta, Graham Greene Fundazioa sortzea erabaki zuen, ia ezerezetik. Fundazioren presidente izatea eskaini zion Leopoldori eta apaizak baietza eman zion, atsegin handiz. Idazleak, aldiz, ekimenaren atzean zeuden asmoen susmo txarra hartu zuen, eta, Fundazioak norabide komertzial argia hartu zuela ikusi zuenean, bere babesa kendu zion.

Desadostasunak desadostasun, Greenek eta Duranek lagun izaten jarraitu zuten. 1991n, elkarrekin egindako azken bidaiatik bi urtera, idazle britainiarra Suitzako klinika batean hil zen. Erietxeko ohean azken hatsa eman zain zela, Leopoldo Duran alboan izan zuen, aspaldiko lagunari azken bidaian laguntzeko prest.

Amaitzeko, aipatu beharrekoa da ez zela Greene izan bidaiotatik etekin literarioa atera zuen bakarra. Izan ere, Duranek ere liburu bat idatzi zuen: ‘Graham Greene, amigo y hermano’. Carlos Villarrek, berriz, ‘Viajes con mi cura’ lana argitaratu zuen iaz, eta, Nuria Verdek, ‘El verdadero tercer hombre’, urte luzez Greenen eta Duranen bidaietako gidaria izan zen bere aitari eskainitako lana.