NAIZ

340 lagunek parte hartu dute Araba Encounterren zortzigarren edizioan

Araba Encounterreko antolatzaileek aurtengo edizioaren balorazio «oso baikorra» egin dute. Izan ere 340 lagunek parte hartu dute asteburu honetan antolatu diren 52 jardueretan.

Araba Encounterreko aurtengo edizioa gaur amaitu da. (ARABA ENCOUNTER)
Araba Encounterreko aurtengo edizioa gaur amaitu da. (ARABA ENCOUNTER)

Araba Encounterren zortzigarren edizioa igande honetan amaitu da, jardueraz beteriko hiru jardunaldiren ostean, eta balorazio «oso baikorra» egin dute antolatzaileek.

Ohar batean azaldu dutenez, antolatutako 52 jarduerak aurreikusi bezala burutu dira, eta «hitzordua baliagarria izan da teknologia-zaleek elkarrekin ondo pasatu eta ikasteko».

Antolatzaileek bereziki eskerrak eman nahi dizkiete festa teknologikoarekin bat egin dutenei, «Encounter topaketei leial jarraitzen baitute nahiz eta online formatuan izan».
Adimen artifiziala, ziurtagiri digitalak, zibersegurtasuna edo bideo-jokoak bezalako gaiak jorratu dituzte hainbat adituk 16 hitzaldi eta tailerretan, Internet bidez eta publiko orokorrarentzat zabalik.

«Interes handiko informazioa eskaini dute hizlariek eta pertsona ugarik jarraitu dituzte mintzaldiak zuzenean, Twitch eta Youtube plataformetan. Prestakuntza-saioak ikusgai daude Euskal Encounterren Youtubeko kanalean», azpimarratu dute.

Festa birtuala

Arte digital, software libre, hardware eta bideo-joko arloetako dozenaka lehiaketetan
lortutako parte-hartze maila 'party' presentzialen parean mantendu dela ohartarazi dute antolatzaileek.

«Teknologia berrien zaleek hitzordu honekin duten konfiantzaren eta leialtasunaren seinale da datu hori; izan ere, egungo ezohiko testuinguruan ere topaketarekin bat egiten jarraitzen dute», adierazi dute.

Aurretik egindako online bilkuretan bezala, parte-hartzaileak etxetik konektatu dira, Discord bidez, partyaren areto birtualetara. Era berean, antolakuntzak party presentzialetan erabiltzen duen tresna propioa, partyNet izenekoa, lehiaketak birtualki kudeatzeko egokitua izan da. Azkenik, Encounter familiaren azken bilkuretan bezala, Euskal Encounterren Twitcheko kanalaren bitartez igorritako saio batek egin du topaketaren jarraipena, jardueraren berri emanez eta elkarrizketa, erreportaje eta musika emanaldiak eskainiz.

Arabako Parke Teknologikotik gauzatu den ekimen birtuala Euskaltel Fundazioak antolatu du Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntzarekin, SPRIren bitartez.