‘Atera’ (2019) diskoa argitaratu zutenetik bi urte igaro dira. Bi urte luzeotan diskoko biraren aurkezpen kontzertu gehienak bertan behera nola geratzen ziren ikusi eta ekitaldiak antolatzeko eskuak lotuta zituztela sentitu dute Zea Mays talde bizkaitarreko kideek eta, egoera horretan, «egunean egunekoa bizitzen ikasi» dutela adierazi dute.
Gauzak hala, abestiak konposatzen dituzten heinean grabatu eta aterako dituztela erabaki dute, «disko bat osatzeko abesti nahiko izateari itxaron gabe». Pentsamendu horren lehen emaitza da ‘Adore’, bi abestiz osatutako lan laburra: diskoaren izen bereko ‘Adore’ batetik, eta ‘Zuk borroka hasi’ kantua bestetik.
Bi abestiak Ricky Falkner-ek (Love Of Lesbian, Egon Soda, Mi capitán… gisako taldeekin aritua) ekoiztu ditu. Jordi Mora arduratu da nahasketaz eta eta Víctor Garcíak masterizatu ditu. Taldekideek azaldu dutenez, abestiak aurtengo apirilean grabatu zituzten La Casa Muradan (Tarragona).
Lanarekin batera ‘Adore’ singlea eta bideoklipa ere aurkeztu dituzte. Gómez Selvak zuzendu du bideoklipa eta portadaren diseinua, aldiz, Fortun Fortunek egin du.
Kantak bizi dugun pandemia egoerari egiten dio keinu eta, egoerarik makurrenean ere, bidea egiten jarraitu behar dela adierazi nahi du: «Kantak gure barruak arakatu, sendotu eta adorez betetzearen behar izanaz hitzegiten du, etortzen den edozer gauzari aurre egiteko, gaur egun bizi dugun egoerari aurre egiteko alegia», azaldu dute. Amaitzeko, lanaz «oso harro» daudela azaldu dute, «zuek guztiokin partekatzeko gogo handiekin».