Jon Pagola

Rock alternatiboaren lezioa Andoainen

Ehunka lagun bildu ditu Andoaingo Rock Jaialdiak. Eguraldiak lagundu du eta pandemiak ez ditu ikusleak zapuztu. Rüdiger eta Angel Kaplan nabarmendu dira bi agertokitan: Ondarreta ikastetxeko patioan eta Bastero kulturgunean. Aurtengo edizioak eguneko formatua izan du.

Audience taldeak eman zion hasiera emanaldiari. (Jon URBE | FOKU)
Audience taldeak eman zion hasiera emanaldiari. (Jon URBE | FOKU)

Iragarpen onenak bete egin da eta eguzkiak parte hartu nahi izan du aurten Andoainen. Rock and rolla –oro har, musika– irten da garaile beste behin festibalaren XIII. edizioan, koronabirusa iritsi aurretik gertatu ohi zen bezala. Agindutakoari eutsi dio jaialdiak, Bastero kulturgunean eta Ondarreta ikastetxeko patio babestuan. Euskal musikaren sasoi onaren erakusgarri ere izan da, estilo ezberdinetako bost talderekin. Lehenengo aldiz egun argiz ospatu da, Belakoren kasuan ezik. Mungiako taldea 21.00 aldera hasi da jotzen Basteron, aurtengo jaialdiari amaiera emateko.

Goiza lasaia izan da, lasaiegia agian. Bastero eta Ondarretako inguruak hasi dira pixkanaka betetzen, eguerdia gerturatu ahala. 12.00etan jaialdiari ongietorria egiten diote goiztiarrenek, basoerdi batzuk edanez, horien artean 47 urteko Pedro Ribera hondarribiarrak. Pedrok ez du edizio bakar bat ere galdu The Dirtbombs eta The Maharajas taldeen 2008ko kontzertuez geroztik. Tradizio kontu bat izaten da bere lagunen artean Andoainera joatea.

Ondoan, jaka bakeroa sorbalda gainean jarria daraman gazte bat dago. Love kaliforniarren txapa bat lurrera erori zaio eta jaso ondoren, berriro jarri du. Bere lehentasun musikalak erakutsi dizkio kazetariari: «Rüdiger ikusteagatik etorri naiz, banda osoarekin dator eta ez ditut oraindik zuzenean ikusi».   

Hasierako inpresioa da jendeak lasaiago hartu duela Andoaingo hitzordua. Eserita egoteak beste itxura bat eman dio jaialdiari eta nagusi ziren jai eta parranda giroa lausotu egin dira eguneko formatu berriarekin. Aurreko edizioetan, Nafarroa plazan, azken emanaldia goizeko ordu bietan amaitzen zen eta tabernak ixteko aginduak egunsentiko argiarekin bat egiten zuen. Musika gailendu da beste ezeren gainetik oraingo honetan eta hori, bestalde, albiste bikaina da. Aurten Andoainen zerbait aldarrikatu bada, musika bera da. Musika izan da protagonista, Juancar Garciarekin batera, festibalaren sustatzaile Bloody Mary-ren zuzendaria.    

Lehen emanaldian aurpegi light hori egiaztatu da. 200 bat lagunek, denak Ondarreta ikastetxeko patioan eserita, errespetuz, arreta handiz eta, beharbada, solemnitate puntu estra batez hartu dute Audience-ren proposamena. Gernika-Lumoko talde beteranoak bere merituengatik ohorezko postu bat irabazi du euskal eszenako rockean. «Amodioa aurkitu dut eta horrek berotzen nau», oihukatu du ingelesez Gaizka Insunza abeslariak “Take Off” kantuan. Badituzte abesti itsaskor eta zuzenak, baina ukitu atmosferikoagora eta amerikana doinuetara jo dute kontzertuaren bigarren zatian.

Agertoki berean Felix Buff bateria hiperaktiboaren bakarkako lanaren estreinaldia izan da. Eguzki goxoa zegoen, zeru urdina, eta 15.30ean atera da Rüdiger –bere abizena da– oholtzara folk, indie eta rock independentearen arteko nahasketa erakargarri eta garaikide batekin. Orain arte “Before It’s Vanished” albuma aurkezteko aukera izan duenean, Joseba Irazokirekin batera aritu da bikotea egiten. Andoaingoa lehen aldia izan da banda osoarekin elkartzeko aukera izan duena eta emaitza positiboa da oso, taldeak ematen baitio distira kantu bakoitzari.

Ezusteko ederra eman du bukaeran, Juancar Garciak bere eserlekua utzi, gitarra hartu eta taldeari batu zitzaionean, oroitzapenean bereziki gordetzeko momentuan. Justizia poetikoa metafora literarioa baino gehiago bada Andoainen.  

Kaplan, Inoren Ero Ni, Belako
Aipatu izan da artista batek egoera kontra duenean ikusten dela bere benetako balioa. Baldintza guztiak alde daudenean zailagoa da nabarmentzea, ordea. Angel Kaplan asturiarra zazpi musikarirekin aurkeztu da Basteron, orain dela bederatzi urte kaleratu zuen “Pictures From The Past” kultuzko sixties lanari zuku guztia ateratzeko. Ikusmin handia zegoen The Beatles eta The Kinks estiloko taldeen kantuekin nola moldatuko zen konprobatzeko. “Like a Ragged Old Puppett”-ekin hasi da Kaplan eta segituan ikusi da, soinu txukun batekin, gauzak ondo aterako zirela.

The Velvet Underground taldearen “I´ll be your mirror” kantuaren bertsio fina egin dute. Arreta handiagoz eta zuzenean gehiagotan aritzeko merituak egin ditu Kaplanek, eta Andoaingo ezkutuko harribitxia bihurtu da.

Agertoki aldaketa, ikastetxeko patiora, 19.05ean Inoren Ero Ni taldearen emanaldiarekin. Hurtado, Guantxe, Iglesias eta Abrego gure Shellack dira, batek daki zer pasatuko den taldearen kontzertu anarkiko, zaratatsu eta sailkaezinetan.

Post-hardcore etiketa txiki geratzen zaie. Rocka txikle bat da Donostiako laukotearentzat: infinitura luzatzen dute. Okene Abrego umorez, ironiaz batik bat, baliatzen da bakarrizketetan. Konplexuak, elektrikoak eta karismatikoak, ez dago Inoren Ero Ni bezalakorik Euskal Herrian. Ondarretako patioa leporaino bete da eta giroa hankaz gora jartzeko ahalmena dutela erakutsi dute, abeslariak mikroa hartu eta publikoarekin nahastuta.

Jaialdiko emanaldi nagusiak Belako zuen protagonista. Taldeak iaz kaleratu zuen “Plastic Drama” diskoa eta laudorio ugari jaso ditu lanak; azkena, MIN musika independentearen saria. Bizkaitarren idilioa luzerako doa.

Andoaingoa rockarekin ere bai.