Bijagos artxipelagoa, Atlantikoko perla
Badira oraindik munduan denbora igaro ez den zantzuak dituzten tokiak, Bijagos artxipelagoa kasu. Itsasoak sortutako muga naturalak Ginea Bissauko inguru honetako gizartea eta kultura bizi-bizirik mantenarazi ditu eta uharte, zuhaitz eta animaliek sakratu izaera jaso dute.
Bijagos artxipelagoan hipopotamoak ur gazi zein gezan bizi dira eta dortokak bertako irla urrun eta huts bat aukeratzen dute arrautzak erruteko. Jende sosegatuko eta biodibertsitate handiko uharte hauek ezagutzeko aukera izango dugu bidaia honetan.
Ginea Bissau Afrikako herrialde txiki bat da. Mendebaldean kokatua, Senegalen itzalpean eta Ginea Konakryren babesean, Atlantikoari so bizi da. Politikoki egoera ezegonkorrean azken urteetan, agintaldia bete ez duten presidenteen pean egotea egokitu zaio. Gure Mendebaldeko komunikabideetan ere toki gutxi izan du herrialdeak eta mapan kokatu beharra suertatu zaio bati baino gehiagori. Turismo gidaliburuetan, ordea, pixkanaka tokia hartzen ari da, eta Unescok Biosferaren Erreserba izendatua du, natura eta biodibertsitate oparoko lur eta ur eremua baita berau.
Ozeano Atlantikoaren eta Geba ibaiaren uren artean dauden 90 uharteek osatzen dute Bijagos artxipela-goa, kontinentetik 50 kilometrora, bijago etniaren bizilekua. 22 irlek bakarrik dute giza paisaia; bijago her riak, 30.000 biztanle inguru guztira. Gainerako uharteak hutsik daude eta bijagoen sinesmen animist etan toki sakratuak dira, jainkoen bizilekua. Sakratu izaera izatearen ondorioz, baso tropikal trinkoa eta bisitariak aho zabalik uzten dituzten baobab, ceiba eta mango zuhaitz galantak daude bertan.
Uhartez uharte, naturaz gozatuz Kontinentean itsasontzia hartu eta lau orduko bidaia ederra dugu aurrez aurre. Orango irla izango dugu jomuga; mangladien paisaia lehenik, itsasadar zabal batean ur bareetan nabigatuz, pelikano koloniak ikusiz edota izurde edo manatien jolasez gozatuz, marearen joan-etorriek sortzen dituzten paisaia aldakorrak opari. Orango uharteko harea zuriko hondartza amaigabeetan ohikoa da hipopotamoen oinatzak atzematea. Duela milaka urte iritsi ziren kontinentetik paraje hauetara eta bizirauteko habitat berezi honetara egokitu dira, espezie honek itsasoa eta irletako urmaelak baititu bizileku.
Munduko hipopotamorik bereziena ikusteko Orango Parque Hotelekoekin (uharteko hotel bakarra) lotu behar da gidaria. Bere laguntzarekin egingo dugu urmaeletara iristeko bidea, paisaia ezberdinak zeharkatuz: mangladietan eraikitako pasarela batean pausatuko ditugu oinak lehenik, bidezidorrak arroz soroetara eramango gaitu, handik Afrikako sabanako paisaian barna, palmondoz eta bestelako zuhaitzez josiriko oasi batera iritsi eta, garbigune batean, urmaela parez pare izango dugu.
Animaliak ikusteko plataformak eraiki dituzte eta bertatik ikuska daiteke hipopotamoen uretako egonaldi gozoa, koartza zurien eta nenufarren konpainian. Urte sasoi lehorrean, urmaela agortzen doan heinean, habitata galtzen dute eta itsasadarretara mugitzen dira. 300 hipopotamo inguru bizi dira Orango eta inguruko beste lau uharteetan.
Tradizioari loturik
Bijagoen errituetan animaliak oso presente daude. Gizonezkoek beren dantzetan behi edo hipopotamo burua, marrazoa edo zerraarraina irudikatzen duen maskara bat erabiltzen dute. Fanadoa da erriturik garrantzitsuena, haurtzarotik nerabezarora igarotzeko erritua. Sekretuz eta misterioz beterikoa da; basoan hiru hilabetez egoten dira adinekoen jakintzak jasotzen eta isilpean gordetzen diren hainbat proba pasatu ostean itzultzen dira etxera.
Emakumeek ezinbesteko papera dute gizartean. Erabakiak hartzeko botere handia du eta reguloa, uharteko agintaria, amaren leinutik aukeratzen da. Okinka Panpa erregina da honen lekuko. Orango uharteko emakume errespetatu eta boteretsua zen, botere politiko eta espiritual handikoa. Etikoga tabankan (herrixka) dago bere hilotza eta egungo reguloa bere oinordekoa da. Harrotasunez azaltzen du gizonak ahoz aho jaso den izebari buruzko ezagutza.
Orango inguruan dauden Uno eta Canogo uharteak bisitatzea ere ezinbestekoa da eguneroko bizimodua tradizioei loturik dagoela egiaztatzeko. Emakumeek oraindik zuntz bejetalarekin egindako saia (gona) janzten dute, etxaldeetan jendea palma olioa egiten aurkituko dugu, arroza motrailuan elkarlanean aletzen, arraina kozinatzen... egunero bizirauteko bizimoduan.
Poilao, dortoken sorleku
Bijagos uhartedian urrunen dagoen uhartea da Poilao, itsaso zabalean, Orangotik bi ordura. Uharte sakratua da bijagoentzat, baita urtero bertako hondartzetara iristen diren ehunka dortokentzat ere. Itsasontzia kostaldera gerturatzen ari den heinean, uhartearen txikitasunaz jabetzen gara. Tamaina ezberdinetako baobab zuhaitzek hartzen dute hondartzaren lehen ilarako puska bat, baita ceiba zuhaitzek ere, horien ipurdi sendoek formazio eta figura ederrak sortuz enborretan gora. Hondarretan arrasto zuzenak ikusten dira, uraren eta landaretzaren arteko bidean, dozenaka daude eta oharkabean pasatzea ezinezkoa da. Parke Nazionaleko zaindariak harro dio aurreko egunetan gauez iritsi ziren dortoka berdeen arrastoak direla.
Poilao irlako egonaldia berezia izango dela dudarik ez dago. Kanpalekua hondartzatik gertu dago eta gaueko itsasgoraren zain egotea dagokigu orain. Bitartean, uharteari itzulia emateko tartea izango dugu, baobab zuhaitzen fruituak dastatuz eta hondartza bakartian bainu goxo bat hartuz. Dortokak arrautzak erruten ikustea edota dortoka kumeek arrautzak puskatu eta hondartzako bidea nola hartzen duten bizitzea pribilegio bat izango da, dudarik gabe.
Abuztu eta abendua bitartean itsasgora dagoen gauetan mila dortoka inguru iristen dira Poilako hon dartzetara. Afrikako dortokategi nagusia da. Uretatik atera eta hondarretan, uretatik urrun, zuloa egin eta ehun arrautza erruten dituzte; hondarrez estali ostean, itsasorako bidea hartzen dute atzera.
Gau izartsuan hondartza batetik bestera ibiltzea dagokigu, ikuskizun horren lekuko zuzen izateko. Poliki egiten dute bidea dortokek, hondartzako kaskora arteko bidea. Arnasestuka iristen dira, nekeak jota. Animalia hauek «herrimina» izaten dute, dortoka emeek jaio ziren hondartza aukeratzen baitute arrautzak jartzeko. Arrek, berriz, ez dute sekula gehiago lurra zapalduko.
Arrautzen tenperatura da faktore nagusia dortoken sexua zehazteko; 30 gradutik gora egon direnak emeak izango dira eta tenperatura hotzagoan egon direnak, arrak. 45-70 eguneko epean jaioko dira dortokatxoak; arrautza-oskolak hautsi eta senari jarraituz uretarako bidea hartuko dute. Egun-argiz egiten badute, karramarroak eta arranoak izango dituzte etsai nagusi. Gutxi batzuek izango dute uretara iristeko zortea eta itsasoan beste harrapari batzuk izango dituzte zain. Gauez, ordea, korrika txikian, lasterketa batean bezala abiatzen dira uretarantz ehunka dortokatxo... ikuskizuna ederra baino ederragoa da.
Goizaldean ezinbestekoa da uharteari beste itzuli bat ematea, egun-argitan, itsasbeheran, harkaitzetan kateatuta geratu diren dortoken oskolak harri koskorrekin nahasiko baititugu. Parkeko zaindariaren aginduei jarraituz, dortokei uretara joateko bidea erraztuko diegu. Ez da lan makala, ordea, ehun kiloko animalia hauek harkaitzetan mugitzea.
Bubaquerako bidean
Txalupako aingura bildu eta beste uharte bat deskubritzea izango da gure hurrengo helburua. Bubaquerarako norabidean jarriko dugu txaluparen branka. Bijagosetako uharte nagusia da egun, baita turismorako prestatuena ere. Erdigune kaotiko bat badu ere, kaos horren erdian, Afrikako bizimodu txukuna dago. Ohitzea besterik ez da. Azoka eta portuaren inguruan biltzen da erdigunea eta komertzio apur bat ere badu. Artisautza produktuak erosteko aukera paregabea da geldiune hau.
Bizikleta alokatu eta hegoaldera daraman bidexkari jarraituz, palmondo eta ceiba txundigarrien artean txirri-txarra eragingo diegu pedalei. Hainbat aldiz geldituko gara bidean, parean dugun ceibaren altuera eta zabalera irudipen hutsa ez direla ziurtatzeko. Etxaldeetatik «branco, branco!» (zuria, zuria!) oihukatuko digute, betiere diosal moduan. 15 kilometro egindakoan, bat-batean bidea amaituko da eta hondartza bat izango dugu parez pare. Bizikletak ere harako bidea hartuko du nahigabe eta, hondar zuriko hareatza amaiezinetan, bakardade sentsazioa azalean, ufada emozional batzuk kanporatu eta horrelako tokiak paradisuan existitzen diren ustea alde batera utzita, Bissau Guinea sorpresaz beteriko tokia dela egiaztatuko dugu. Itsasbeherarekin, Bruce hondartza harea zurien eta ur bareen unibertso bat da.
Gure bidaiako azken geldialdia Bolama uhartean egingo dugu. Kolonia-garaian hiriburua zen eta nostalgia puntu bat darie han-hemen agertzen diren eraikin eder zein zaharreei. Ahanztura usaintzen da airean; zuhaitzen eta arkitekturaren arteko sinbiosiaren lekuko diren eraikin kolonialak aspaldiko garai oparoen aztarnak dira.
Bijagos uhartediko erritmo pausatuak, jendearen soseguak, zuhaitzen dotoreziak eta naturaren indarrak bidaiaria liluratuta uzten dute eta beste noizbait itzultzeko promesa egiten dio bere buruari.