Idoia Eraso
Interview
Julen Ollarburu
EHZko antolatzailea

EHZ: «Aurre-salmentak ongi joan dira, eta biziki kontent gara»

Ostiral honetatik eta igandera bitarte ospatuko da EHZ festibalaren 25. edizioa Irisarrin. Covid-19aren itzalpean eginen bada ere, ohiko giroa aurten ere atzemateko lan handia egin dute antolatzaileek. Julen Ollarburu antolatzaileak, festibala hasi aitzineko azken berriak eman dizkio NAIZi.

Julen Ollarburu EHZ jaialdiko antolatzailea. (NAIZ)
Julen Ollarburu EHZ jaialdiko antolatzailea. (NAIZ)

Hiru egunez, Irisarriko herria festalariz beteko da Euskal Herria Zuzenean jaialdiari esker, programazio anitza prestatu dute: kontzertuak, antzerkiak, dantza ikuskizunak... Igandera bitarte, 25. edizioa ospatuko du hitzordu historikoak, eta belaunaldiz belaunaldi egin duten bezala, egoera berrira egokitzen jakin dute Ipar Euskal Herriko gazteak, pandemia garai honetan ere. Julen Ollarburu antolatzaileak azken berriak eman dizkio NAIZi.

Covid-19a dela eta, ohikoa baino laguntzaile gehiago behar dituzue, deialdia egin zenutenean 400 pertsona inguru beharko zenituztela aipatu zenuten. Zenbat bildu zarete?
550 pertsona inguru dira laguntzera etorri direnak eta hiru egun hauetan etorriko direnak. Ikusten da jendea lotu dela, eta biziki kontent gara.

Aurre-salmentak nola joan dira?
Ongi joan dira, eta biziki kontent gara horrekin ere, orain ikusi beharko da jendea hurbilduko den bertan sarrerak erosteko.

Egungo osasun egoera dela eta bi estatuen arteko muga zeharkatzeak ekartzen dituen arazoengatik Hego Euskal Herriko jendea etortzea zailagoa da. Aurre-salmentetan Hego Euskal Herriko jendea ere bada?
Bai, badira andana bat. Hegoaldeko jendeak maite du EHZ, eta batez ere aurten, berriz etorri nahi du ikustera, eta gurekin trukatzera.

Jaialdiaren aurtengo erronketako bat hori zen, koronabirusa izanik ere Bidasoaren bestaldetik jendea Irisarrira hurbilaraztea.
Azkenean jendea motibatu da. Ikusten da baduela kriston beharra musika berriz zuzenean entzuteko, jendea gurutzatzeko, festa egin eta hausnartzera etortzeko.

Covid-19 dela eta jaialdira sartzeko osasun pasea behar da, bi txertoak jasoak izatea, PCR edo antigenoen test negatiboen emaitza erakustea edo eritasuna duela sei hilabete baino gutxiago pasa dela frogatzea. Baina behin barnean sartuta, zeintzuk izanen dira neurriak?
Ezin izanen da ostatuan kontsumitu, ez eta zutik ere, jendea jarri ahal izateko badira mahaiak eremu osoan zehar. Aldiz kontzertuak bai, zutik ikusten ahalko dira. Maskara ezartzea gomendatua da, eta gel hidroalkoholikoa izanen da eremu guztian zehar.
Hala ere, neurri nagusia izanen da pase sanitarioa, horrela ziurtatzen dugu festibalean diren guztiak negatiboak direla.

Estatu frantsesean lehen festibal handia izango da EHZ. Zaintza berezia baduzue erakunde publikoen aldetik?
Covid-19aren hedatzea eragozteko neurri berezi horiek plantan ezarriak dira, begiratuak izanen gara, zeren eta denentzako test bat izanen da, lehen ekitaldia baita.

Autoritate publikoendako horrela da, eta ikusiko dute araudia zuzen betetzen den, baina baita guretzako ere, ikusiko dugu plantan ezartzen ditugun neurri horiek ea ongi pasatuko diren. Alde horretatik bada presio pixka bat, baina momentuan dena ongi prestatua da, eta jendea kontent da.