Txekiar errepublika: Moravia eskualdea, Pragatik harago
Gutxienez bizitzan behin Praga bisitatu beharra dagoela esan ohi da. Baina inor gutxik gaineratu ohi du Praga eder eta jendetsuaren osagarri aparta dela Moravia eskualdea, patxadaz gozatu beharreko leku atsegina. Zalantzarik gabe, txertoa iristen denerako aukera paregabea da Moraviarekin amestea.
Praga da Txekiako bihotza. Bertako taupadak bidaiari guztiengana heltzen dira ezinbestean. Aitzakiak alferrikakoak dira: jendetsuegia da, maizegi azaldu da filmetan, argazkietan, aldizkarietan... Izan ere, azkenean, beti irteten da garaile hiria ezagutzeko irrika, eta, egiari zor, aurreikuspenak handiak izanagatik, emaitza are hobea izan ohi da. Askoren ustez, zure gogokoena ez izan arren, beti bidaide duzun abesti horren parekoa da Praga, hain itsaskorra beti alboan daramazula.
Praga bisitatzerakoan, nolabaiteko melodia arkitektoniko eta historikoa atzematen du bisitariak, hori bai, formatu bisualean, ez entzumenezkoan. Hiriko eraikin erromanikoak, gotikoak, barrokoak, errenazentistak, modernistak, kubistak eta baita moderno eta abangoardistak ere, euren diseinu eta lerroekin, Moldava ibaiak ezarritako konpas leunean harmonia aurkitzen duten nota musikalen parekoak dira. Urratsez urrats aurkitzen dugun txoko, kalexka edo fatxada bakoitzarekin hunkitu edo asalduko da gure begietako argia. Jendetza izango dugu bidaide gozamen horretan, eta, txaloek, batzuetan egiazkoak eta besteetan gure irudimenak sortuak, sinfoniaren zati berri bakoitzari paso emango diote, nota berri bakoitzarekin, leku berri bakoitzarekin, klimaxa lortuz.
Historiako pasarte garrantzitsuen agertoki izan da Praga eta horiek utzitako aztarnek atmosfera, izaera paregabea eman diote hiriari, turismo masiboak eta kaleak eta eraikinak koherentziarik gabe zikintzen dituzten nortasunik gabeko saltokiek deuseztatzerik izan ez dutena. Deskribatutako melodia ederrarekin bat ez datozen notak besterik ez dira. Errealitateak utzitako notak, tarteka-tarteka, bidaiaria hiriak eragindako liluratik ateratzen dutenak.
Enparantza bat baino etorbide bat dirudien San Wentzeslao plaza Erdi Aroko hiri berriko Plaza Nagusia izan zen iraganean. Museo Nazionalaren atarian kokatutako San Wentzeslaoren estatuak, naziak, aliatuak, belusezko iraultzaileak eta historia garaikideko beste protagonista ugari pasatzen ikusi dituen agertokia kontrolpean duela dirudi. Jalta Hoteleko sotoek, oraindik ere, 50eko hamarkadan eraikitako bunker bat gordetzen dute; garaian gerrari beldurra zen nagusi, egun bai tokikoek bai kanpotarrek hiriaren edertasuna begiesterakoan sentitzen duten mirespenaren pareko beldurra.
Baina garaiak asko aldatu dira, eta, hain zuzen ere, horren erakusle da San Wentzeslaoren estatua alternatiboa, zaldi eta guzti Luzerna Galeria zaharrean buruz behera ikusgai dagoena, Luzerna zinearen sarreran hain justu. Esaten dutenez, eskulturaren egileak, David Ĉherni artista polemikoak, buelta emango dio egunen batean Txekia berriro erresuma bihurtzan baldin bada.
Bertatik oso gertu, Národní kalea zeharkatuta, alde zaharrarekin egingo dugu topo, eta, bat-batean, tamaina erraldoiko arkitekturaren museo paregabean sartuko gara. Nostitz Antzoki Nazionala aurkituko dugu lehenik eta behin, handientsu baina neurritsu; pentsa, bertan estreinatu zuen ordurako musikagile zaildua zen Mozart handiak Don Giovanni opera, 1787an. Praga beti izan zen musikariren begiko ninia. Are, esaten denez, Mozartek Praga bezainbeste maite zuen Pragak Mozart.
Paseoan jarraituko dugu Hiri Zaharreko Plazara heldu arte; bertan, Udaletxeko ordulari astronomikoko automatak ikusi zain geratuko gara, ohi bezala, jendetza lagun. Udaletxearen parez pare dago Kafkak maiz bisitatzen zuen kafetegia, eta, metro gutxira, idazle ezagunaren jaiotetxea. Bertatik ez oso urrun bizi izan zen Einstein. Melodia historikoari buruz esandakoa ulertzen hasiko zen jada irakurlea, hiriaren txoko bakoitzean crescendo bat bailitzan aurkitzen ditugun izenen maila ikusita. Moldava ibaia Karlosen Zubian barna zeharkatzea ia-ia derrigorrezkoa da, batez ere iluntzean argiztapenak atmosfera iradokitzaile erakargarria sortzen duenean.
Pragako Gaztelura igotzea, Malá Strana auzoan John Lennori eskainitako horma-irudian argazki bat ateratzea edo Frank Guery arkitektoaren sormenetik jaiotako eraikin bikotea ibaiertzean Pragako melodiaren doinuetara dantzatzen ikustea ere sinfoniaren ezinbesteko mugimenduak dira. Praga betierekoa da, eta, Txekiak ama batek bere alaba txalotuenari eskainitako maitasun guztiarekin babestu eta mugatuko ez balu, azkengabea ere izango litzateke. Izan ere, bihotz orok du eraldatzen duen arima bat, muskulu huts izatetik emozioak eta sentimenduak aterpetzen dituen gune imajinario izatera eramaten duena.
Moravia, arima
Txekiak dituen 79.000 kilometro koadroetatik, 500 soilik dagozkio Pragari. Hortaz, hiriburua baldin bada bihotza, arima gainontzeko 78.500 kilometro koadroak dira. Eta herrialdeko gainontzeko lekuak baztertzeko batere asmorik gabe, argi esan behar da hiriburutik kanpoko Txekiako Errepublikaren paradigma Moravia dela. Herrialdeko hegoaldeko eskualdea da Txekiako historia osatzen duen triangelu geografikoko aldeetako bat; beste biak Bohemia eta Silesia dira. Nolabait, Pragaren handitasuna laguntzen duten atzealdeko konpas musikalak lirateke. Horregatik, inor ez litzateke Txekiako Errepublikara joan behar soilik Praga bisitatzeko, hiriburutik kanpo dauden harribitxiak hain dira-eta ederrak herrialdeko eskualde historikoetakoren bat ezagutzea ezinbestekoa dela. Bada, Erdialdeko Europako lurretatik ibilaldia egiteko, zer leku hoberik Moravia baino.
Pragatik abiatuta, landutako sail handiak, batik bat mahastiak, basoz betatako mendixkak eta kanpandorre zorrotzeko elizen inguruan eraikitako herrixkak zeharkatzen ditu errepideak. Txekiako Errepublika garagardoaren lurraldea dela jakina da guztientzat. Are, estatistiken arabera, herritarreko garagardo gehien kontsumitzen duen munduko herrialdea da. Aldiz, jada hain ezaguna ez dena Erdialdeko Europako ardo onenetariko batzuk, batez ere zuriak, Moravian egiten direla da. Txekiar ardoetan gehien erabiltzen den mahats mota Grüner Veltiner izenekoa da. Nazioarteko lehiaketetan txekiar ardoek 500 domina baino gehiago lortu dituztela kontuan izanik, ez dago zalantzarik herrialdeko produkzioaren kalitatearen inguruan. Lurraldeotako ardorik onenak dastatzeko leku paregabea da Valticeko Ardoaren Areto Nazionala. Jauregi soil baina eder batean kokatuta dago eta horrek are interesgarriago bihurtzen du bisita.
Moravian sartzean Olomouc hirian egin ohi dute lehen geldialdia bidaiariek. Galtzada-harrizko kale eta plazak are eta iradokitzaileak bihurtu ohi dira arratsaldeetako euriaren ostean. Bustitako harriek dirdira egiten dute eraikinen gorentasuna are gehiago nabarmenduz. Plazaren erdian, bihotz-zabal altxatzen da Hirutasun Santuaren Zutabea, peste izurrite batean Andre Mariak emandako laguntza eskertuz. Bada, zutabe ikusgarriaren inguruan hedatzen da askok Txekiako hiri ederrentzat jotzen dutena. Hiriak 104.000 biztanle ditu, baina horiei Olomuoceko antzinako murruak gaztetzen dituzten 35.000 ikasleak gehitu behar zaizkie. Eliza, komentu, iturri eta jauregi ugarien artean, artaldeko ardi beltza balitz bezala, ordulari astronomiko gotikoa nabarmentzen da; Bigarren Mundu Gerran kalte handiak jaso ostean, errealismo sozialistako estetikarekin berreraiki zuten, gerraostean txekiar gizartea eraldatu zuen joera soziopolitikoa ardatz.
Jauregiak eta haitzuloak
Olomauc abiapuntu ezin hobea da 30 kilometro eskaseko distantzian kokatutako bi gune interesagarri bisitatzeko. Alde batetik, Javoricko herriko haitzuloak. Harrizko labirinto ikusgarrian murgiltzeak, 7-8 graduko tenperatura freskoa sentitzetik harago, istorio benetan bitxiak ezagutzera eramango gaitu: haitzuloetan aurkitutako errinozero hezur fosilizatuak, lurpean erritualak egiten zituzten sekta paganoak, esploratzaileei haitzuloen berri eman zieten eta, nazien okupaziopean partisano bihurtu ostean Hirugarren Reich beldurgarriko soldaduek fusilatutako herritarrak...
Urkidi ederretan barna heltzen da bigarren helmugara: Bouzov herriko gaztelua, Ordena Teutonikoko Maisu Handi izandako Habsburgoko Eugenioren egoitza izandakoa. Tokikoek Miguel eta Andres hartzen etxe izategatik ere gogoratzen dute: gazteluaren babes erretenean bizi ziren, 1964an zaintzaileekin oldartzeagatik hil zituzten arte. Gaur egun bi hartzon larruarekin egindako alfonbrak gazteluaren areto nagusietako batean ikusgai daude.
Eskualde osoa jauregi eta lorategi barroko eta errenazentista ederrez zipriztinduta dago. Merezi du Kroměříž hiriko jauregiko lorategiak bisitatzea, ez soilik bertako lore eta landareez gozatzeko, baizik eta bitxikeria bategatik: bertan bizi zen Olomouceko artzapezpikuak faunoen bizileku ziren haitzuloak irudikatzen zituzten bizilekuak eraikiarazi zituen glorieta zirkular handi baten inguruan, eta horietako bakoitzean bere gonbidatuak ur-joko burutsu eta harrigarriekin gozarazten zituen. Udan, glorietaren erdian zintzilik den Foucaulten penduluak Lur planetaren mugimendu birakaria adierazten du.
Lednice herriko jauregia eta bertako lorategi erraldoiak dira Moraviako beste harribitxietako bat. Jauregiko saloi barrokoak, egurrezko eta belusezko logelak bisitatzeak interes berezirik pisten ez badigu, alternatiba aparta da etxaldetik paseatzea eta minareteraino hurbiltzea. Bertako altueratik Juanen gaztelura bitarteko ikuspegi ederrez gozatzeko aukera izango dugu, ehiza lur bikainak guztiak ere.
Mikulov herrixka ere ezkutu altxor aparta da, ez soilik bertako gaztelu ikusgarriagatik edo sinagoga interesgarriagatik, baizik eta herriaren beraren edertasunagatik. Kalexkez eta txoko paregabez betetako herria da. Hori bai, Mikulov osotasunean eta perspektibarekin ezagutzeko modurik onena Muino Sakratura bitarteko via crucis-a egitea da; benetan merezi du eta bidean aldapa handirik ez dugu aurkituko gainera. Behin itzulita, Plaza Nagusiko edo herriko kale nagusiko kafetegietako batean atseden hartzeko aukera izango dugu.
Gure ibilbideari amaiera emateko, Brno hiri historikoa aukeratu dugu, milaka urteko historia atzean duena. Egiari zor, hiriak erreportaje oso bat mereziko luke berak bakarrik. Moraviako hiriburua izateaz gain, Txekiako Errepublikako bigarren hiri handiena ere bada Brno. Herrialde mailan duen garrantziaren erakusle, autoritate judizialaren egoitza da, eta, ondorioz, Txekiako zenbait auzitegi nazional eta beraiekin lotutako erakundeak hartzen ditu. Historiaz betetako hiri zaharra bada ere, Europa osoko unibertsitate ikasle gazte ugariren bizitoki ere bada.
Hirian ia 400.000 biztanle bizi dira, baina kopurua bikoiztu egiten da metropoli eremu guztia kontuan hartuz gero. Hiriak bi gaztelu eder ditu: Špilberk eta Veveří. Horrez gain, ezin ahaztu San Pedro eta San Pabloren katedrala eta zinez liluragarria den alde zaharra. Eraikin ederrez josita dago, baina derrigor aipatu beharrekoa da Udaletxe Zaharra, bere dorre ikusgarriarekin. 1343. urteko agirietan agertzen da jada. San Jaime elizaren oinetan kokatutako Brnoko hezurtegi tetrikoa ere bisitatu beharrekoa da; Europako handienetakoa da.
Hain ezaguna ez den arren, Kaputxinoen Komentuan ere beste esperientzia zirraragarri bat bizitzeko aukera izango dugu. Are, lekuari darion autentikotasunagatik, hezurtegikoa baino are beldurgarria izango da. Izan ere, bertan, beren hilkutxetatik denbora nola igarotzen den patxadatsu begiztatzen ari direla diruditen monje eta herritar gailen ugariren momiak gordetzen dira. Hiriak Industria Iraultzaren garaiko hainbat lantegi eta leku enblematiko ere gordetzen ditu, Brnok herrialdearen aurrerabidean izandako garrantziaren lekuko.
Hiriko monasterioetako batean, Staré, sortu zituen George Mendelek genetikaren munduan funtsezkoak izan ziren ‘Mendelen legeak’ ere. Zalantzarik ez izan: historiaz eta arkitektura funtzionalistako zein modernoko eraikin garrantzitsuz beteko Brno osagarri edo alternatiba bikaina da Pragara edo Moraviara egindako bidaia ororentzat.