Midi-Pyrenees, mendiari itsatsitako Okzitania
Okzitaniako Pirinioak bertako paisaia ikusgarriek, gordetzen dituzten historiaurreko aztarnek, ontziz egiteko ibilbide ederrek, bizitzaz betetako hiriek eta, noski, tokiko gastronomia apartak egiten dituzte liluragarri.
Pirinioek osatzen duten muga edo igarobide naturalaren erdi-erdian dago Estatu frantseseko Okzitania eskualde administratiboa, 2016an sortu zena ordura arteko Languedoc-Roussillon eta Midi-Pyrénées eskualdeak elkartuta. Azken eskualde hori benetako harribitxia da, bai paisajistikoki bai kulturalki. Erdi Aroko hiriak, artez betetako herriak, museo ospetsuak, hiri erabat kosmopolitak, haran ikusgarriak, ubideak, ibai dotoreak... aurkituko ditugu aire zabalean egiteko jarduera mordoa eskaintzen dituen eskualde ederrean. Zalantzarik ez izan, bisitatu beharreko lekua da.
Historiaurreko Parkean hasiko dugu gure ibilbidea, Tarascon-sur-Ariège udalerrian. Madeleine aldiko bizitzari eta arteari eskainita dago parkea eta 13 hektarea hartzen ditu guztira. Bisita pedagogikoa eta ludikoa da aldi berean, eta historiaurreko arteari eskainitako espazio museografiko bat bisitatzeko aukera eskaintzen du, baita Niaux udalerriko kobazuloaren eta orain dela 12.000 urteko bertako labar margoen erreplika ere. Bisita borobiltzeko, erakustaldi eta tailer interesgarriak izango ditugu aukeran; horma-arteari, arkeologia indusketari, erreminten taillaketari, suari, propultsiozko jaurtiketari... eskainitakoak besteak beste.
Eskala errealean egindako animalien erreplikek mamutak, estepetako bisonte erraldoiak edo haitzuloetako lehoiak benetan nolakoak ziren irudikatzeko aukera emango digute. Hori bai, parkean arrakasta duen jarduera bat baldin badago, geziak gure arbasoek bezala jaurtitzen ikasteko tailerra da zalantzarik gabe.
Kataroen aztarnen atzetik
Bidaian aurrera egin eta Foix eta bertako gaztelu ikusgarria bisitatzera gerturako gara. ‘Kataroen ibilbidea’ bezala ezagututako Okzitanian zeharreko ibilbide turistiko eta kulturaleko ezinbesteko geltokia da Foix. Ibilbideak aitasantutzak gupidarik gabe jazarri eta desagerrarazitako XII. mendeko sekta kristauaren berri eskaintzea du xede, eta Carcasona, Peyrepertuse edo Montségur bezalako leku enblematikoetatik igarotzen da. Foixeko gaztelua harkaitz baten gainean eraikita dago, Ariège eta Arget ibaien artean, eta ipar-ekialdetik hego-aldera orientatutako hiru dorreei esker hiri guztia kontrolpean izatea ahalbidetzen du. Gaztelua 1000. urtean eraiki bazen ere, XIX. mendean zaharberritu zuten; lehen begiratuan, askoren haurtzaroko jolasetako gotorlekuak ekartzen ditu gogora.
Gaur egun zaharberritutako hiru dorretako bi bisitatu daitezke: 32 metroko altuera duen Dorre Borobila eta Dorre Karratua. Iragana ezagutzeko leku zinez interesgarria izatetik harago, gaztelua bisitatzea beti da aukera aparta dituen Foix hiriaren ikuspegi ikusgarriak direla-eta.
Foixetik ez oso urrun, betiere ‘Kataroen ibilbidea’ alboratu gabe, Roquefixadeko gaztelua bisitatuko dugu hurrena. Gaur egun iraganean kataroei babesa eskaini zien gotorlekuaren hondakin gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Gotorlekua egundoko harkaitz baten gainean eraiki zuten, eta, hain zuzen ere, hortik datorkio izena. Militarki leku estrategikoan zegoen kokatuta gaztelua, Foixetik igarotzen zen ibilbide guztia zaintzeko aukera ematen baitzuen.
Bisita udako solstizioarekin bat eginez gero, hau da, ekialdera begirako irekiguneetatik eguzkia sartzen denean, argi izpi batek dorrea nola zeharkatzen duen eta mendebaldeko irekigune bikietatik nola irteten den ikus daiteke. Kondairaren arabera, argi izpi horrek kataroen «altxorra» zer norabidetan dagoen adierazten du. Noski, hori kondaira hutsa besterik ez bada ere, benetan da bitxia urtero ekainaren 20aren inguruan ematen den fenomeno optikoa bertatik bertara egiaztatzea.
Gaztelura bidean edo bertatik itzultzean, beti da gomendagarria Auberge des Troubadours jatetxean geldialdia egitea. Kanpotik ohiko mendiko aterpetxe bat besterik ematen ez badu ere, estetika oso zainduko barnealdean tokiko jakiekin egindako plater zaporetsuak aurkituko ditugu.
‘Kataroen ibilbidean’ aurrera jarraitu eta Montségurko gaztelura helduko gara. Zalantzarik gabe, ibilbide guztiko leku esanguratsuena da: 1.207 metroko altueran zintzilikatuta, eliza kataroaren azken gotorlekua izan zen Montségur. Gotorlekua 1244. urtean konkistatu zuten, baita barnean zeuden 200 lagunak bizirik erre ere, Montségur betiko zapalkuntzaren aurkako erresistentziaren sinbolo bihurtuz.
Cahors eta Lot ibaiaren harana
Lot ibaiaren haranaren meandro batean kokatuta, ‘Artearen eta historiaren hiria’ izenez ezagututako Cahors patxadaz gozatzeko moduko lekua da. Valentré zubia da hiriaren ikurra eta gotortutako bere hiru dorreekin Lot ibaia zeharkatzen du. Donejakue bidearekin lotutako aitortzen baitan, Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen zubi ikusgarria.
Galtzada-harrizko kaleetan barna egindako paseoetan, adreiluen gorriak, kareharriaren grisak eta gresaren okreak bat nola egiten duten egiaztatuko dugu, egunaren une jakinetan argazkietan betiko gordetzeko moduko harmonia ederrak sortuz. Erdi Aroko kalexka ederretan galtzean, plaza txiki ederrak eta hiria apaintzen duten «ezkutuko 26 lorategiak» aurkituko ditugu. Platanondoen gerizpean, XIX. mendearen oinordetza gisa geratutako Gambetta bulebarrak bertan kokatutako taberna ugarietako batean erlaxatzeko gonbidapena luzatuko digu.
Cahorsera egindako bisitak asteazkenarekin edo larunbatarekin bat eginez gero, goizeko merkatura hurbiltzea beti da gomendagarria. Saint-Étienne katedralaren atarian egiten da eta aukera aparta izango dugu Rocamadourreko gaztak, Quercyko bildotsak eta meloiak, Périgordeko intxaurrak eta foie grasa, Cahorseko ardoak... dastatzeko. Behin ardoez hitz egiten hasita, ezin dugu ahaztu Cahorsek mahastizaintzari eskainitako eskualde oso bati ematen diola izena Frantzisko I.aren garaitik. Malbec mahats barietatea da nagusi lurrotan eta ardogintzari eskainitako upategi mordoxka bisita daitezke, ardoak dastatzeko aukera eta guzti, noski!
Cahorsetik autoz 30 minutu eskasera dago Bouzies herriko ontziralekua, Lot ibaian zehar txango bat abiatzeko toki paregabea. Ibaiaren ibilbidea apetatsua da oso, meandro sigi-sagatsuz josia eta meseta karetsuan zizelkatua.
Guztira, 50 pertsona inguru igo gara lurrotan ohikoak diren egurrezko gabarretako batera. Paisaia aldakorra da oso, labar ikusgarriz betea, adibidez Saint-Cirq-Lapopie herriaren oinetan dagoena; Cahorsetik mendebaldera, mahasti ederra ere aurkitu dugu ibaiaren ezkerreko ertzean.
Noizean behin, ontzia desbideratu egiten da ibaiaren desnibelei aurre egiteko aukera ematen duten esklusetarantz; gainontzean ezinezkoa litzateke aurrera egitea. Txangoa benetan atsegin eta erlaxagarria da, batik bat paisaiak gorentasunera heltzen diren ilunabarretan.
André Breton bidaide
Zalantzarik gabe, Saint-Cirq-Lapopie herriak bisita patxadatsua merezi du. Pentsa, Estatu frantseseko herritarrek beraiek herrialdeko herri politena bezala aukeratu dute Lot ibaiaren ibilguaren gaineko labar batean eraikitako herrixka. Ibaia baino 100 metro gorago dago Saint-Cirq-Lapopie eta haran guztiko leku ederrenetarikoa da.
Gotortutako ateekin itxitako herriko kalexketan, harrizko fatxadak edo egurrezko armazoia duten antzinateko etxe dotoreak aurkituko ditugu, gehien-gehienak XIII. mendetik XVI. mendera bitartean eraikitakoak. Etxe estuak dira nagusi, teila lauko eta malda handiko teilatuak dituztenak ezaugarri. Lapopie harkaitzaren oinetan, errotek, urmaelek, ontziralekuek, esklusek eta zirga-bide batek txaluparien jarduera oraindik ere oparoa zen garaiak ekartzen dituzte gogora.
André Breton mugimendu surrealistaren buruak Saint-Cirq-Lapopie izan zuen bizileku bere bizitzako azken udetan. Lehen begi-kolpeko maitasuna izan zen Bretonek herriarekiko sentitu zuena.
Autoz ordubete eskasera dago Rocamadour. 700 biztanleko herria «hiri santua« izenez da ezaguna eta pelegrinazio toki entzutetsua da. Hori bai, santutasunak alboratuta ere, berez da leku liluragarria Rocamadour. Harrian zizelkatutako etxeek Alzou ibaiaren eta inguru guztiaren ikuspegi paregabeak eskaintzen dituzte. Herriko eraikin historikoetako bat Notre Dame eliza da, labarraren hormetan bertan inkrustatuta dagoena.
Herriaren kanpoaldean La Forêt des singes basoa dago, aske bizi diren 130 makakoren etxea. Makakoek turistekin duten gertutasuna harrigarria suertatzen da, gose direnean ez baitute inolako lotsarik bisitariengana palomita eske gerturatzeko. Ez da ez leku txarra Okzitaniako lurretatik egindako txango paregabeari amaiera emateko.