Ikasturteko lehen kolaboratzailea izan zen Izkander Fernandez eta bera izan da azkena ikasturtea bukatzen. Zerrendak osatzeko ohitura du Lemoako musika adituak, eta, gauzak horrela, urteko lehen sei hilabeteek eman dutenetik aukeraketa egin eta bere ustez onena dena ekarri digu MusikHaria saiora. Aurretik ere entzun ditugun artistak ekarri dizkigu aukeraketan, baina, berreskuratzea interesgarria izaten denez, Euskal Herriko bi erreferentzia eta kanpoko beste bi entzun ditugu; munduan zer egiten den ikusteko eta gurea balioan jartzeko.
Izkanderrek urte hasieran ezagutzen ez zuen talde bat da Black Country New Road eta interesa piztu zion lehen unetik, egun Ingalaterran egiten den indie-pop esperimental horren parte delako. «Hauek ez dute singlerik egiten, ez kanturik bere horretan, baina oso esperientzia zabala da haien lana entzutea», aipatu digu Fernandezek.
Ibil Bedi izan da ekarri digun etxeko lehen erreferentzia, Lemoa Kustik Festen izatea nahi zuen Izkanderrek «baina aurten ezin izango da. ‘Beltxarga beltza’ lana zuzenean birritan entzuteko aukera izan dut eta jendeari emanaldietara joateko gomendatzen diot», esan digu Fernandezek.
Nazioarteko bigarren erreferentzia Robe Iniestaren azken lana izan da. «Honek ere kantu luzeak egin ditu disko berrian eta entzuteko ez da disko erraza, baina jende desberdin asko batzea lortu duela iruditzen zait. Popa, rocka eta Extremoduroren oihartzuna batu dituela esango nuke», azpimarratu du lemoaztarrak.
Ibil Bedi sorpresa bezala aurkeztu digun arren, etxekoetatik hautatu duen bigarrenak ez du ezustean harrapatu. Hala, Ezpalaken diskoa aurretik egindako lan onaren konfirmazio bezala aurkeztu digu Izkanderrek. «Bitxia da kanpoan kantu luzeak egiten ari diren bitartean, Euskal Herrian singleak, hiru minutuko kantak, ugaritu direla azkenaldian», nabarmendu du Izkanderrek.
Hau izan da, beraz, ikasturteko azken zerrenda:
– Black Country New Road - Instrumental
– Ibil Bedi - Lorerik gabe
– Robe - Tercer movimiento: Un instante de luz
– Ezpalak - Itzala