Emporda Beherea, zapore mediterraneoko lurralde lasaia
Amets egitera bultzatzen duten kalak eta itsaslabarak, arkitektura modernista, beste garai batera garamatzaten Erdi Aroko herriak, mendiak eta parke naturalak, lautadak... Palseko arroza, Palamóseko ganba, hots, eskualdeak ekoizten duenetik edaten duen gastronomia. Emporda Beherea da.
Quan moriré porteu-me a l’Empordà,/ només a l’Empordà, porteu-me a l’Empordà,/ que no hi ha terra que a la meva carn/ la sedueixi tant», abesten du Luis Llach-ek ‘Aran de terra’ kantuan, bere lurrari eta Emporda Behereko barnealdean eman zuen haurtzaroari eginiko omenaldian. Lurra eta itsasoa elkarri lotu, elkarrekin jolastu eta batzen diren toki honek liluratuta, garai guztietako idazle, poeta eta artistak inspiratu ditu eskualde honek.
Girona probintzian kokatuta dago Emporda Beherea (Baix Empordà), Costa Bravaren erdian, Mediterraneoko urek eta Montgrí eta Les Gavarres mendiek inguratuta. 700 kilometro karratu ditu, Zuberoak baino gutxiago, eta 130.000 biztanle baino zerbait gehiago. Ez du Costa Bravako herri ezagunenek duten osperik, baina bere paisaia magiko eta liluragarriaz haraindi erakargarria da oso. Bertatik alde egitear zaudenean, itzultzeko gogoa duzu jada.
Emporda Beherean ur gardeneko hondartzak, itsaslabar pikoak, kosta hutsak eta kala isilak aurkituko ditugu, baita Erdi Aroko herri zoragarriak eta landaredi eder eta natur garrantzi handikoa ere (lurraldearen %33 Kataluniako Natur Intereseko Eremuen Planak babestuta dago). Lurralde lasai hau detaile txikiz eta paisaia intimoz osatuta dago, itsasoak, lautadak eta mendiek bat eginda. «Zoriontasun proposamen xaloak egosten diren sutegi tentagarrien usaina duen» lurraldea (Vázquez Montalban), non gastronomia, bertako eta garaian garaiko produktuetan oinarritua, ez den jan eta edateko era bat soilik, bizitza estilo bat baizik.
Creus lurmuturra (Cap de Creus), lurraren eta itsasoaren arteko artelana, naturaren sormenak diseinatua; Sant Feliu de Guixols, probintziako ondare modernista handiena duen herrietako bat, non itsaso gainetik pasatzen den Europako via ferrata bakarra aurki dezakegun; S’Agaro, arkitekturaren eta naturaren arteko oreka duen eremua eta hainbat filmen agertokia (‘Pandora eta holandar alderraia’, Ava Gardner protagonista duena; ‘Bat-batean azken uda’, Elizabeth Taylorrekin...); Erdi Aroko herriak: Palau Sator-ekoak, denbora geldirik dela diruditenak; Ullastret, Kataluniako iberiar multzo urbano garrantzitsuena dagoen tokia; Monells, Peratallada..., eta ezagunena, Pals. Paisaia, kultura, historia, arkitektura. Ingurunearekin urtu eta bertako herritarrekin enpatizatzera gonbidatzen gaituen tokia.
Eskualde honetara hurbiltzeko hamaika era daude. Aukeretako bat camins de ronda izenekoak dira, Emporda osoko itsasertza hartzen dutenak, Portboutik Sant Feliu de Guixolseraino. Bidexka seinaleztatu eta ibiltzeko errazak dira, historian zenbait erabilera izan dutenak: urperatuz gero kaletara iristea, piraten erasoak saihesteko zerumuga zaintzea, eta, are, gerraondoko kontrabandorako. Gaur egun kostaldeko toki zoragarriak ezagutzeko baliatzen dira, horietara iristeko beste modurik ez dago eta.
Ihesalditxo bat egiteko helmuga perfektua da; astebete aski da ingurune hau ezagutzeko, baina daukan eskaintza zabalak oporleku gisa hautatzera bultzatzen gaitu. Hori bai, ahal izanez gero, ez da komeni uztail eta abuztuan joatea, biztanleria boskoiztu egiten da eta. Garai onena, maiatza eta ekaina.
Palamós, itsasoari loturiko herria
Pals, Castells d’Aro, S’Agaro eta Sant Feliu de Guixolsetik hurbil Palamós dago, isurialde guztietatik itsasoari begiratzen dion herria, arrantza portu garrantzitsua (Kataluniako hirugarrena), kirol portua eta gurutzeontzientzako kaia dituena. Beharrezko zerbitzuak izateko bezain handia eta xarma izateko bezain txikia da, eta inguruan mugitzeko «kanpaleku nagusi» aproposa izan liteke.
Palamóseko hiri-ehuna hiribildu zaharretik, zabalgune industrialetik, Sant Joan herritik, mendi-hegaletik eta masietatik sortzen da. Alde zaharrak harresibarruko biztanleen etxebizitzen kokagunea du iturburu; horiek itsaso zein lurretik egindako erasoen beldur ziren, bai piraten bai borroka militarren beldur (esaterako, 1543ko urrian Barbarroja pirata beldurgarriak eraso egin eta Palamós kiskali zuen).
Zabalgunea hondartza aldean dago; XIX. mende amaieran eraiki zen eta kortxoaren industriaren eskaerari eta Palamós eta Girona arteko tren txikiaren ezarpenari erantzuna eman zion. Gaur, bere skylineak hiru edo lau altuera gainditzen ez dituen profila marrazten du; atze-atzean 60 edo 70eko urteetan eraikitako hogei solairuko bi dorre itsusi ikusten dira, ondokoak zanpatu nahian bezala.
Herriko bizitza eta bisitari askoren joan-etorria arrantza-portuaren eta horko eguneroko jarduerak markatzen du: ontzien sartu-irtenak, arrantzaleen mugimendua, arrain enkantea, arratsaldero (astelehenetik ostiralera) azoka jendearentzat zabalik dago (lonjatik atera berri den harrapaketa eta Palamóseko ganba gorri famatua aurkituko ditugu hor)... Arrantzaren Museoak eta Arrainaren Espazioak, biak kaian, itsas jarduera hau ulertzera eta bertan parte hartzera gonbidatzen gaituzte; bigarren espazioak, gainera, enkanterako eta publiko guztientzako show cooking-a eskaintzen du.
Itsasora gerturatuta, Platja Gran-etik irteten den ingurabide edo camin de ronda Castell-eraino iristen da. Ibilbideak herriko hondartza eta kala guztiak batzen ditu eta bidean aurkituko dugu S’Alguer kala –itsaso ondoan dagoen miniatura hau Interes Nazionaleko Ondasun Kulturala da. XV. mendeko arrantzaleen barraka auzo bat zen–; platja Castell, Costa Bravako hondartza birjina bakarra, K.a. VI. mende eta K.o. II. mende arteko iberiar herrixkaren ondoan dagoen txokoa; baita Cala Estretako arrantzale barraka ere.
Pals, Erdi Aroko ikurra
Erdi Aroak garrantzi handia izan zuen eskualdean; horren erakusgarri dira gazteluak, harresiek eta hiribilduak osaturiko ohiko egitura gordetzen duten toki eta herriak. Bertako bazterretan barrena joanda denboran atzera egin eta gerlari eta zaldunen eta sineskerien eta sorginen garaian gaudela irudituko zaigu, harresi barruan babestu beharra zegoen garaian. Sasoi hartatik herri txundigarriak geratzen dira Emporda Beherean, denboraren joanari aurre eginez zutik dirauten harri gogorren gainean. Denetan ezagunena Pals da, guztiz birgaitutako multzo arkitektoniko aberats eta askotarikoa duena, garai erromanikotik XVII. mendera artekoa.
Palseko alde zaharra lautadaz inguratutako mendixka baten gainean dago; bere garaian inguru zingiratsua zen. Bere kalexketan paseatuz Erdi Aroan bageunde bezala sentituko gara, bobeda, ferra-arku, portada eta leiho erromaniko eta gotikoekin eta antzinako biztanleen aztarna nabarmenarekin. Egun eta gau, urteko edozein sasoitan, hareharrizko eraikinetan islatzen den okre eta urre koloreko argiak txundituko gaitu.
Aitzitik, Pals ez da esparru harresitu soil bat. Montgríko Natura Parkearen, Medes uharteen eta Baix Teren parte da, non Basses d’en Coll naturagune babestua nabarmentzen den; arroz sailak (Palseko arroza da eskualdeko estimatuenetako bat) eta hezeguneak ditu, baita etengabe mugimenduan dauden kostaldeko dunak; horiek Ter ibaiaren bokalea eraldatzen dute ekosistema bakana sortuz, urte osoan fauna askotarikoa duena.
«Palsek ez du bisita bat merezi, ehun bisita baizik, zeren bere kokaguneak herrialdeko paisaia eder eta ahaztezinenetako bat ikustea ahalbidetzen du», idatzi zuen Josep Pla bertako idazleak, ‘El mens país’en. Horrelakoa da Pals eta halakoa da dena Emporda Beherean.