Belize, ustekabeko Karibe
Ezustean harrapatuko gaituen txoko liluragarria da Yucatanen oinarritik Karibe itsasoko ur gardenetaraino iristen den hau. Jende, kultura eta paisaia anabasa honek bidean geldialdia egitea merezi du. «Harvey» urakana bertatik pasatu zela ia ahaztuta dute eta paradisua da berriro ere Belize.
Uri-jasa baten azpian gaude Santa Helena hirian. Aterpe bila korrika goaz belar moztu berria duen zabalgune batean ikusi dugun toldo baten azpira. Zaparradak zaparrada, eguzkiak, aldiz, ez da gu bezala ihesi atera. Bitartean, oihal azpian, berdin-berdin blaitzen ari gara, gogotik ari baitu. Gure aterpea edertasunaren erregina belizetar batzuk eguzkitik babesteko prestatua zegoen, baina oraindik ez dira agertu. Zaparradaren ondotik, estalpeak bere funtzioa beteko du: badatoz, glamourrez beteta, zorioneko neska gazteak.
Hastear dago Independentzia Eguneko desfilea. Kariben gaude eta, beraz, ez du ez euriak ez bero itogarriak ezertxo ere geldiaraziko. Eta, are gutxiago, irrikaz itxaroten duten ospakizuna. Belizek 36 urte betetzen zituen egunean egon ginen, 2017ko irailaren 21ean. Lurralde hau maiena izan zen, espainolak bertako kostaldean lehorreratu ziren arte. Maien erresistentzia lehenik, piraten erasoak ondoren eta azkenik britainiarren nagusitasuna; arrazoi horiek zirela medio, espainiarrek britainiarrei utzi zieten lekua, eta hauek Karibeko txoko hau Honduras britainiarra bihurtu zuten, 1973an Belize izendatu zuten arte. 1981etik da Belize estatu independente, nahiz eta Elizabeth II.ak bertako erregina izaten jarraitzen duen eta bertako Gobernu moldea monarkia konstituzional parlamentarioa den.
Euria desfileari mehatxuka jardun arren, bertakoak ez dute batere kezkarik. Benetako ekaitz tropikaletara ohituta daude, urtaro euritsua iristen den bakoitzean gertatzen baitira horiek; urakan izugarriak, belizetarrei hondamendia eta zerotik hasi behar nekeza oparitzen dietenak. Halakoxea da lurralde hau, eta, halarik ere, bertako biztanleek ez dute gutxiago maite eta ez dio ederra izateari uzten.
Adibide gisa, Hattieville hiria daukagu. Izen hori 1961eko urrian Hattie urakanak birrindu zuelako du; 300 pertsona baino gehiago hil zituen eskualde osoan. Izenak berak naturaren botereari nolabaiteko omenaldia adierazten du. Ikusteko dago oraindik 2016ko udan hemendik igarotako azken urakanaren izena, Earl, erabiliko ote den, edota urte bereko abuztukoarena, Harvey. Biek ere kalte handiak eragin zituzten Kariben, baina zorionez, Belizen ez zen hala gertatu.
Ministroen eta Santa Helenako agintarien hitzaldien ondoren, hasi da desfilea, ia arratsalde osoa iraungo duena. Une honetan, zerua garbi dela –hodeiak etorri eta joan ibiltzen dira– eguzkiak gogor jotzen du konpartsen eta ikusleen gainean. Zaldizkoak, kamioneta distiratsuak, musika, banderak, kolore biziko girnaldekin apainduriko karrozak, Karibeko perkusio erritmoekin dantzan dabiltzan gazte eta zaharrak. Izerdiak bustitako azalak eta festak alaituriko aurpegiak. Azal eta aurpegi askotarikoak, Erdialdeko Amerikako txoko txiki honetako arraza, etnia eta kulturen nahasketa islatzen dutenak.
Etnia eta kulturen aberastasuna
Nahasketa hori, munduko handienetarikoa, herrialdearen aberastasun handienetakoa da aldi berean, eta, beharbada, hori bera da atzerritarra gehien harritzen duena. Hinduak, txinatarrak, rastafariak, maiak, mestizoak, kreoleak, garifunak, europarrak, estatubatuarrak, kanadarrak, hegoamerikarrak, guatemalarrak, bai eta immigrante afrikar, siriar, korear eta libanoarrak ere. Guztiek dute beren txokoa hemen; menonita bitxi eta xelebreak ahaztu gabe, noski! Guztien artean komunikatzeko ingelesa dute hizkuntza ofiziala, edo espainola, erabilera handikoa bistako arrazoi geografikoengatik. Arraza eta etnia desordena hau da herrialdearen bereizgarri nagusia. Bisitariari, aurretik esaten ez badiote, kosta egiten zaio.
Traza guztietan exotikoena, paradoxikoki, menonitena da, akaso. XVI. mendean sorturiko talde erlijioso hau oso atzerakoia, bakezalea eta tradizionalista da. Belizen ezarri zen kolonia «errusiar menoniten» adarrekoa da, zeintzuen jatorria egungo Polonian dagoen. Handik emigratu zuten XVIII. mende amaieran, Prusiaren menpeko lurraldea zenean. Aldi bat Kanadan ezarrita eman ostean, Erdialdeko Amerikara lekualdatu ziren, eta XX. mendeko 60ko hamarkadan Belizen errotu ziren.
Gaur egun, 12.000 menonita inguru daude herrialdean, eta ia guztiek plautdiettsch hizkuntza erabiltzen dute, behe alemanaren dialekto bat. Mestizo eta kreole zenbait ere, beren hizkuntza mantenduz, menonita bihurtu dira. Horietako batzuk ikusi eta beraiekin hitz egin nahi izanez gero, aukera ona da Spanish Lookout menonita herrira joatea. Oso komunitate itxiak izan ohi dira eta ia ez dute kontakturik kanpoko munduarekin. Spanish Lookout-eko taldea, ostera, irekiagoa eta modernoagoa denez, errazagoa da beraiekin nolabaiteko hartu-eman bat izatea.
Komunitate horretara eramango gaituen errepidean dagoen gasolindegi-kafetegi-supermerkatuak koadro surrealista bat dirudi. Duen itxuragatik eta bezero motari begiratuta, pentsa genezake Alaska, Samoa, Antillen, Amerikar Far West, Karibe eta Hegoafrikaren arteko uztarketa irudikatuko lukeen toki batean gaudela. Erokeria erabat interesgarria, bidaiariarentzat.
Henry Noofill zazpi seme-alaben aita da. Bere emaztearekin batera, Spanish Lookout-eko inguruneetan nekazaritzan aritzen dira. Oreztaz beteriko aurpegiek, beren ile hori distiratsuak eta zenbait jantzik denboran atzera garamatzate. Ingelesa apenas dakite, eta euren artean dialekto aleman horretan jarduten dira. Beren arbasoak 1958. urtean iritsi ziren lurrotara.
Beren lurra dela diosku Henryk. Aurretik beren gurasoek egin bezala, eskuekin landu dutela txiki-txikitatik, eta ezerk ez duela hori inoiz aldatuko esan digu xume-xume, handik ez hain urrun ikusten den feriara begiratzen duen bitartean. Amerikar estiloko kamioi handien feria da; errebolberrak daramatzaten cowboy modukoek gidatzen dituzte kamioiok, XIX. mendeko Far West-eko kapela buruan. Noosfill familiarena komunitate moderatu eta apur bat aurrerakoia da, baina ez garagardoa edaten duten tipo tatuajedunekin eta bakero estuak daramatzaten neskekin nahasteko adina. Horrelakoa da Belize, sailkatzeko zaila den eldarnioa.
Lur maia, belizetar bihotza
Aski da 1949an eraikitako Hawkesworth zubia zeharkatzea Santa Helenatik San Ignaciora igarotzeko. Azken honetan bisita merezi duen eguneroko merkatua dago. Ahal izanez gero, larunbatean joatea da onena, orduan baitago giro handiena eta egun horretan joaten dira menonitak ere beren gurdiekin artisau eran eginiko gazta saltzera. Handik hurbil dagoen Guatemalako mugarantz segituz gero, maiek utzitako arrastoaren adibide bat topatuko dugu: Xanantunich. Gune arkeologiko hau bisitatzea merezi duenetako bat da, El Pilar eta Caracol-ekoekin batera, nahiz eta beste asko ere badauden herrialde osoan banatuta.
Xanantunich Mopan ibaiaren ertzean dago, eta Yucatango maia hizkuntzan «harrizko emakumea» esan nahi du. Izen hori kondaira bati lotua dago. Kontatzen dutenez, beltzez jantzitako harrizko emakume bat, begi distiratsuduna, antzinako arrasto horien artean agertu ohi da eta El Castillo izeneko eraikuntzako eskalinata dotoretik igo, harresiak zeharkatu eta desagertu egiten omen da. Maien hondar horiek garai klasikokoak dira, eta sektore batzuk III. mendekoak dira. Guztira, 25 tenplu eta jauregi, tamaina desberdinetakoak, eta horietako batzuek estuko ederrak dituzte. Baina, zorionez, maien ondarea ez dute antzinako eraikin eta harresi hauek soilik osatzen.
William Miesch-ek 48 urte ditu eta mexikarren gisako bibote trinkoa du. Natura-turismoari loturiko duPlooy lursaileko arduraduna da. William Yucatango maien jatorrikoa da. «Nire aitona-amonak Yucatanetik iritsi ziren lurrotara eta maia peto-petoak ziren», azaldu digu Williamek. Bere arbasoek fundatu zuten gaur egun bera bizi den herria, San Antonio. «Biztanleon %70ek oraindik Yucatango maia hizkuntza hitz egiten dugu, baina apurka-apurka galtzen ari da», esan du atsekabez. William, mexikar jatorrikoa izan arren, ez da atzerritarra sentitzen Belizen. «Nire bihotza maia da, eta lur hau maia da», dio harro, lantoki duen lursailean patxadaz paseatu bitartean kazetariari toki horretako istorio eder baina tristeak kontatuz.
Williamek Ken duPlooy bera ezagutu zuen, zeina bere emazte Judy eta bost alabekin Hego Karolina atzean utzi eta oihan honetara etorri zen 1987an. Lur zati hartaz ziplo maitemindu ziren. Eta bisita laburra izan behar zuena «betirako» bisita bihurtu zen. Kenek bihotzeko arazoak zituen, Hegoafrikan transplante bat egin zioten eta 22 urtez gozatu ahal izan zuen bere oihanaz. Gaur egun, bere familia AEBetan eta Belizen banatuta dago.
DuPlooy lursailetik Santa Helenaraino bi orduko bidea dago Macal ibaian behera kanoan joanda. Williamek ondo ezagunak ditu lur hau eta bertako soinu, usain eta landareak. Dioenez, Xanantunich-en garrasi eginez gero oihartzun ikaragarria sortzen da, eta bere arbaso maiek horrelako tenpluak eraikitzeko espirituen laguntza jaso behar izan zutela baieztatu du.
Sentimendu maia sakon eta antzinako horri belizetar nazionalismoa batzen zaio. Jakina da Belizeren eta bere bizilagun Guatemalaren arteko harremanak ez daudela onenean. Ehunka urteko gatazka dute elkarren artean, eta batak besteari etengabe leporatzen dizkion kontuak: ustiategi ilegal bat dela medio edo lurraldearen usurpatze bat. Zenbaitzuetan indarkeria ere piztu eta hildakoak izan dira, bai herrialde bateko bai besteko zibil eta militarrak. Williamek dioenez, sarri ikus daitezke britainiar helikoptero militarrak Guatemalako mugak patruilatzen, Belizeri laguntzeko.
Jaguarraren aberria
Belizeko hiriburu Belmopan edo hiri nagusi Belice City-z harago, erdialdeko Amerikako txoko txiki hau oihana eta natura tropikala da, batez ere. Kontserbazio programak badituzten arren, alderdi hori ez da behar bezala baloratzen eta zaintzen. Kaoba eta beste hainbat zuhaitzen egurra edo «arrain isats» palmondo apaingarria bezalako landareak ebasten dituzte askok, eta horrez gain, babestutako animaliak, batez ere hegaztiak, ere legez kanpo ehizatzen dira.
Baina itxura zabarreko oihan honek eusten dio horri ere eta aurrera egiteko borrokan dihardu. Oraindik animalia basati ugari ikus daitezke bertan: tapirra, jaguarra, yacare edo kaiman muturzabala eta lehorreko iguana eta hegazti espezie ederrak, tukan aracari eraztunduna edota chachalaca atsegin eta lagunkoia. Gauetan congo tximinoak bere ulu baxuarekin misterioa handitzen du, eta ur gardenetan baleak, marrazoak eta manta-arrai lasaiak aurkituko ditugu. Bestalde, usaimenarentzako oparia da Ylang Ylang zuhaitzarekin topo egitea. Bere loreetatik ateratako olioa da Chanel N°5 perfumearen oinarria. Jatorriz Asiakoa da zuhaitz hau, baina oso hedatua dago tropiko osoan, bereziki Erdialdeko Amerikan.
Kontuak kontu, mehatxu nagusi bat dago, planetako espezie ederrenetako batek jasaten duena; jaguarraz ari gara. Animalia sakratua zen maientzat, eta Belizen izan zuen babestutako lehenengo espazioa. Cockscomb-eko erreserba da jaguarrentzako munduko santutegi bakarra, baina nahiz eta erreserba hori bisitatu, oso zaila da felido gautar hau ikustea, ederra bezain iheskorra baita.
Baina berdeak ez du Belize osoko natura janzten. Belizeko Karibe itsasoaren urdina ere ikusmenerako opari itzela da. Kostalde osoa dago cayo delakoez inguratuta, hau da, uharte eta koralezko atoloiez, zeintzuek Australiako koral-hesiaren antzekoa osatzen duten –ez tamainan, Karibeko hau askoz txikiagoa baita– eta Munduko Ondare izendatua izan zen. Paradisu itxurako irlatxoak dira, biztanle gutxikoak eta turismoari emanak, beti ere munduaz ahazteko atmosfera apropos horri eutsiz. Inguru horretako erakargarritasun handienetako bat Zulo Urdin Handia deritzotena da. Eskualdean ugariak diren kareharrizko leize baten sabaia eroriz itsasoan sorturiko zulo modukoa da. Cousteauk eman zion fama toki honi bere ikerketetako batzuk bertan oinarritu eta urpean ibiltzeko munduko hamar toki onenetako bat zela esan baitzuen.
Ez da nahastu behar toki hau Blue Hole parke nazionalarekin, non Herman leize ikusgarriak dauden. Naturak halabeharrez eta ustekabez oparitzen digun beste toki horietako bat.