Naiz

Spice Girls taldeak argitaratu gabeko materialez osatutako diskoa kaleratuko du

2019an talde britainiarra sortu zenetik 25 urte bete ziren, eta ospatzeko mundu mailako bira egin zuen. Aurten 25 urte betetzen dira ospetsu egin zituen lehen diska kaleratu zutenetik, eta horren harira album berria argitaratuko dute.

Mel B, Emma, Geri eta Mel C 2019ko biran. (NAIZ)
Mel B, Emma, Geri eta Mel C 2019ko biran. (NAIZ)

1990. hamarkadako erdialdean, haurrek orandik kalean jolasten zutenean, musika joerak irratiak agintzen zituenean eta influencer bakarra telesailetako protagonistak edo asteko aldizkarietan agertzen ziren mundu mailako pertsona ospetsuak zirenean, Britainia Handitik iraultza txiki bat iritsi zen, gerora kultura herrikoian sustraiak botako zituenak. Izaera oso desberdineko bost neska gaztek Spice Girls taldea osatu zuten.

Mundu osoa hankaz gora jarri zuten. Euren eraginak ez zuen mugarik, eta horri esker garai hartan ohikoak ez ziren mezuak helarazteko gai izan ziren. Hala, neskatxa eta nerabe guztiak «girl power» mezu feminista aldarrikatzen hasi ziren, eta ’Wannabe’ abestia millenialen ereserki bat da oraindik ere (‘Spice’ diskoa 1996 atera zuten, lehen postua lortu zuten 37 herrialdeetako zerrendetan eta 31 mililoi disko saldu zituzten, emakume talde baten diskorik salduena bilakatuz). Melanie Chisholm, Melanie Brown, Geri Halliwell, Emma Bunton eta Victoria Beckham ikono bihurtu ziren betiko.

2019an, taldea osatu zeneko 25. urteurrenean, mundu mailako bira bat egin zuten (Victoriarik gabe) sekulako arrakastarekin. Aurten beste urteurren bat dute, euren lehen diskoarena, hain zuzen ere. ‘Spice’ albumak 25 urte beteko ditu azaroan eta ospatzeko ekimen berriak martxan jarriko dituzte. 

Universal taldearekin egin dute hitzarmena euren materiala eta aurrerantzean egingo dituzten birak antolatzeko. «Taldeak kultura herrikoian duen eragina ezin da gutxietsi. Spice Girls taldeko neskek, gainera, baikortasuna, ausardia eta aniztasuna islatzen dute», zabaldu du konpainiak.

Elkarlan honen lehen fruitua urriaren 29an erakutsiko dute. Honakoa atera zuten lehen diskoaren bertsio bat izango da, kanta ospetsuenen maketak eta inoiz erakutsi ez duten materiala bilduko duena. Spice Girls taldeak berak aurreratu duenez, ‘Spice 25’ albuma CD bikoitza, binilo edota kasete formatuetan salduko dute.

Disko honekin udan kaleratu zuten ‘Wannabe 25’ EParen pausoak jarraitu nahi dituzte. Bertan, ‘Feed your love’ argitaratu gabeko kanta –duela bost urte zati bat filtratu zen– eta ‘Wannabe’ abestiaren hiru bertsio entzun daitezke. Oraingoan, hain ospetsu egin zituen abesti horrez gain, ‘2 become 1’, ‘Mama’, ‘Say you'll be there’ edo ‘If U can't dance’ bezalako doinuak gogoratu ahal izango ditugu.

90ko kamisetetan oinarritutako arropa eta osagarri linea bat ere atera dute urteurrena ospatzeko. Gainera, Universalekin sinatu duten hitzarmenak kanta berriekin beste disko bat prestatzeari ateak zabalik uzten dizkio, ezer baieztatu ez duten arren.