Huascaran, zerua milikatuz Andeetan
Huascaran ez da edonolako mendia; izan ere, bere baitan hainbat errekor pilatzen ditu. Batetik, Peruko garaiena da. Bestetik, Ameriketako tropiko-arteko gailurrik altuena, kontinenteko laugarren garaiena eta, azkenik, Lurraren erdigunetik neurtuta, munduko bigarren mendirik altuena da.
2013an ikertzaileek baieztatu zuten munduko grabitazio indar txikiena duen lekua dela Huascaran. Bistan denez, ez da edonolakoa... alimalekoa baizik! Dena den, bere alde iluna badu, hainbat zorigaiztoren lekuko izan baitira mendebaldeko Andeetako inguru eder hauek.
Hau ez da mendi isolatu bat. Huascaran izenarekin bi tontor bereizi beharko genituzkeelako. Batetik, Ipar Huascaran (6.768 m) eta, bestetik, Hego Huascaran (6.655 m). Horiei gehitu beharko genieke hirugarren tontor bat ekialdean, anaia txikia: Chopicalqui (6.354 m). Inguru guztia Huascaraneko Parke Nazionalean sarturik dago eta 1985an izendatu zuten Munduko Ondare Natural.
Kokapen zehatzagoa hau litzateke: Mendikate Zurian, Yungay eta Carhuaz probintzietan, Ancash lurraldean. Izena kitxua hizkuntzatik omen dator eta esanahia «soka mendia edo mendikatea» litzateke. Beste bertsioek diotenez, «tentagarri» eta «erakargarri», edota «biki elurtuak» izango litzateke bere jatorrizko izena.
Horregatik guztiagatik, gune hau altxor preziatua da mendizaleen artean. Azken urte hauetan nahiko zail jartzen ari da; izan ere, nahiz eta bere bide arruntetik igotzea oso zaila ez izan, glaziarren mugimenduak direla-eta bere baldintzak guztiz aldakorrak dira urte batetik bestera. Bere «kanaleta» ospetsua da elurjausiak, pitzadura erraldoiak eta eskegitako serac-ak (izotz bloke handiak) direla eta. Hainbat istripuren lekuko izan da mendi hau eta Huascaran parkeko inguru hauek.
Prestaketak eta igoera, goranzko bidean
Huaskaran igotzeko Huaraz hiritik abiatuko gara. Huaraz –kitxuaz waras (egunsentia)– 3.050 metrora dago, 140.000 biztanle ditu eta Huaylas Zeharkaldiaren hegoaldean kokaturik dago. Hiria ez da bereziki polita. 1970eko maiatzaren 31n jasandako lurrikararen ondorioz dena berreraiki behar izan zuten. Ondorioz, ez du mantentzen iragan kolonialeko arkitektura estiloaren arrastorik.
Aipatutako lurrikarak bortizki astindu zuen inguru hori; besteak beste, Yungay izeneko herria erabat desagertu zen. Hego Huascaranetik mendi puska erraldoi bat jausi zen eta horren ondorioz izandako luiziek eta hondamenak herria mapatik ezabatu zuten; 20.000 lagun hil ziren. Ironikoa bada ere, hilerria baino ez zen zutik geratu txikizioaren ondoren. Huarazetik argi ikusten da Huascaran mendikatea, prestatutako dekoratu panoramikoa izango balitz bezala. Huaraz izan daiteke, ezbairik gabe, Peruko Chamonix, mendizale amorratuen gotorlekua.
Hemen, noski, denetarik aurki dezakegu. Izan ere, merkataritza gune garrantzitsua du erdialdean, Arma Plazatik abiaturik, kale nagusiak eta komertzialak kokatzen baitira. Luzuriaga izena du kale nagusi horietariko batek. Kaleko bizitza lasaia da eta inguruetako bilgune garrantzitsuena da. Aipatu dugun bezala, hiria Huaylas Zeharkaldian kokatuta dago. Bertan, Santa ibaiak banantzen ditu inguru honetako Andeetako mendikateak. Alde batera, Mendikate Zuria; beste aldera, Beltza. Izugarria da bi aldeen arteko ezberdintasuna. Alde «beltzean» ez da inondik ere elurrik ikusten. Alde «zurian», berriz, glaziarrak erabat presente daude.
Mushon, mando bila
Gure mendira hurbiltzeko, Huaylas Zeharkaldia eginez, Santa bailara lagun dugula, Mushoraino iritsiko gara ordubeteko bidaian. Herri xumea da eta honaino ez da asfaltorik ailegatzen. Plaza eta kale bakar batek osatzen dute bere eremu nagusia, baina toki garrantzitsua da mendizaleentzat. Azken erosketak egin daitezke dendatxoan eta bertan hartuko ditugu mandoak eta mandazainak gure zamak goialdera garraiatzeko. Izan ere, lehendabiziko etapa, bederen, batere kargarik gabe egin dezakegu mandoei esker.
Ikusgarria da Huascaran bertatik ikusita, ia 4.000 metroko desnibela baitugu gure aurrean, begi bistan...Mushotik abiatuko gara tontorrerako bidean. Aipatu bezala, lehendabiziko egunean, kanpaleku nagusia helburu, mandoz lagunduta abiatuko gara. Azkenengo etxe, soro eta baratzeak atzean utzirik eukalipto-basoan sartuko gara.
Bidean gora goazela aldaketak sumatzen ditugu eta baso eremuak ere aldatzen doaz. Izan ere, goraxeago queñuak aurkituko ditugu. Queñua Andeetako goi lurretako arbola da. Zuhaitz honek ere errekorrak gordetzen ditu bere baitan: hagitz ongi pairatzen ditu hotz gordinak eta 5.000 metrorainoko eremuetan bizi daiteke. Ez da makala, beraz, zuhaitz honek altuerara egokitzeko duen gaitasuna. Queñuak bakantzen diren eremuan, morrenaren hasieran, kokatzen da kanpaleku nagusia. Terraza eremu atsegina da, 4.200 metroan dagoena. Bistak galtzen dira Mendikate Beltz aldera eta Santa bailarara.
Hurrengo egunean belar eta zuhaitz eremuetatik urrunduz, granitozko maldetan sartuko gara, gupidarik gabe gorantz abiatzeko. Lehendabiziko kanpalekuaren bila goazela, bide erdian topatuko dugu Don Bosco mendi aterpea. Honaino irits daitezke mandoak, baina normalean behe kanpalekuraino bakarrik iristen dira. Aterpe sendoa da, ongi hornitua, baina goi denboraldian bakarrik dago zabalik, ekain-irail bitartean, hain zuzen. Barrenean, mundu osoko ikurrak aurkituko ditugu, ikurrinak ere bai. Aurrera segituz, granito eremuari agur esango diogu eta glaziarrean sartuko gara bai ala bai. Gure aurrean jada Huascaranen aurpegi erraldoia ageri zaigu. Beste ordu pare batedo emanda, suabe-suabe lehendabiziko kanpalekura iritsiko gara. Justu-justu Garganta delakoaren magalean, 5.200 metroan gaude.
Nonbait, hemendik aurrera, rock-and-rolla hasiko da. Lehendabiziko kanpalekutik bigarrengora joateko Garganta izeneko eremua zeharkatu behar dugu, nahitaez. Oso leku arriskutsua da eta bertan hainbat mendizalek galdu dute bizia elur-jausien ondorioz. Labirinto itzel bat da, serac-ez eta pitzaduraz josita. Bidea aldiro-aldiro alda daiteke, izotzaren mugimenduak direla eta. Horregatik hoberena iragazki erraldoi hau gauez zeharkatzea da, eguzkipean are eta arriskutsuagoa bihurtzen baita. Aldapa gogorrak leuntzen direnean bigarren kanpalekura iritsiko gara. Kanpaleku hau leku ezegonkor batean kokatua dago, bi Huascaranen arteko lepoaren azpian, gainaldean serac erraldoia eta azpialdean pitzadura izugarria dituela. Hemen ezinbestean lo egin behar da hurrengo gauean gorantz abiatzeko. 5.950 metroan gaude, benetako paraje basatian.
Tontorrera heltzeko egunean gaueko ordu txikietan abiatu behar da. Hemendik gailurrera malda piko gupidagabeak gainditu behar dira. Bidean hainbat korridore igaro beharko ditugu 60 graduko maldarekin. Gaua izanda, kopeta-argiaren laguntzarekin ez gara oso kontziente non gabiltzan. Baina hori bai, pitzadurek lagunduko digute etengabe.
Egunsentian, Hego Huascaranen faro moduko bat argituko da, paisaia txundigarri bihurtuz. Trontza baten hortzak balira bezala agertzen da mendikatearen tontorreko elur distiratsua. Amaigabeko malda etzan bat gaindituta, azkenean aurrean ditugu Huascaraneko goi lautada eta tontorra bera. Izugarria da lau aldeetara zabaltzen den panorama: 6.768 metroan gaude, zerua milikatzen... Izen mitikoa duten hainbat eta hainbat mendi ditugu aurrean: Alpamayo (1960an munduko mendi ederrena izendatua), Huandoy taldea, Quitaraju, Artesonraju...
Jaitsiera, ezinbestean, etorritako bide beretik egin behar da. Orain nahitaez hainbat rappel egin behar dira eta amets bat bezala azkenean bigarrengo kanpalekura itzuli gara. Hurrengo goizaldean kanaletari eutsi beharko diogu berriz ere, eta hori gainditu arte ezin lasai sentitu; izan ere, berebiziko arrisku eremuan gaude.