Jordan Trail, Jordaniako oinezko zeharkaldia
Berrogei egun oinez basamortutik mendiraino, hegoaldetik abiatuta, Itsaso Gorritik. Hori eskaintzen du Jordain Trail-ek; 650 kilometroko ibilbidea, Wadi Rum basamortuko mendietan hasi, planetako puntu baxueneraino jaitsi eta Jordania iparralde jori eta menditsurantz jarraitzen duena.
Hamaika modu daude Jordaina ezagutzeko; horietako bat da Jordan Trail ezaguna. 650 kilometroko bidea, herrialdea iparretik hegoraino ezagutuz, 52 herri eta hiri baino gehiagotik igaroz. Zortzi etapa ditu, Um Qais-etik Aqaba-raino, eta 40 eguneko ibilaldia eskaintzen du, Jordaniaren historian, kulturan eta naturan barrena.
Bertako negu gogorra eta uda itogarria aintzat hartuta (batez ere, basamortuan), udazkena eta udaberria dira Ekialde Ertaineko herrialde hau oinez ezagutzeko sasoirik onenak. Haxemi erreinua ibilbide basati eta askotariko gisa agertuko zaigu zeharkaldi honetan. Bertako biztanleek oso ondo hartzen dituzte kanpotarrak eta gastronomia oso aberatsa da... eta hori gauza ederra da, tarteka kanpin-gas-ean kozinatzeari uzteko.
Saudi Arabia, Irak, Siria, Palestina, Israel eta Egiptok inguratuta, Jordaniaren mugak afrikar mosaikoa margotu zuen artista berak margotu zituela dirudi. Hainbat etnia mutilatu zituzten muga zorroztu horiek; esaterako, beduinoen etnia, nahiz eta horiek lerro zatitzaile bihozgabe horiei jaramon handirik egin gabe jarraitzen duten, ezta urruneko hiriburuari ere. Herrialdea itotzen ari diren zerga altuak beraiei ere ezartzen saiatzen da gobernua, baina arrakasta gutxirekin.
Amman: Hiriburu kaotikoa
Bi egun aski dira haxemi hiriburuan, Amman-en, bertako kaosaz ohartzeko. Antzina Filadelfia zen eta hiru muinoren gainean (jabal arabieraz) eraiki zen, itsas mailatik 800 metrora. Antzinako gotorlekua da talaiarik onena esne-itxurako harrizko eraikin kubikoz osaturiko paisaia hau begiztatzeko. Goitik begiratuta, badirudi gure oinetan mendi malkartsuen artean azukre-koxkorrez osaturiko alfonbra bat dugula, itsaso bizi batean anarkikoki flotatzen duten azukre-koxkorrez osaturiko tapiz bat.
K.o. II. mendeko erromatar teatro maiestatetsutik, jende korronte bat azoka nagusitik sartu eta irten dabil. Souq du izena azokak eta bertakoek Al-balad esaten diote. Talar kaletik hurbiltzen ari garela, murmurioa burrunba bihurtzen da. Erlauntz honetako dendatxo bakoitzetik “maukak” eskaintzen dizkigute. Espaloian bertan dauden bozgorailuetatik arabiar musika distortsionatua entzuten da. Baina halako batean, Al-Husseinen meskitak iskanbila hori geldiarazi du bere minaretetik, Koraneko kantuak zabaltzen baitira bertatik. Nahitaezko otoitzaren ondotik, salerosketen zalaparta berpiztu da, eztabaidan batzuk, bostekoa elkarri emanez bestetzuk.
Aqaba: Zeharkaldiaren hasiera
Thomas Edward Lawrence, “Lawrence Arabiakoa” ezaguna, Aqaban ibili zen eta bere arrastoa utzi zuen puntu geografiko honetan, ibilbidearen hegoaldeko muturrean. XX. mende hasieran, Lehen Mundu Gerra betean, britainiarrek eta frantsesek otomandar inperioaren gotorleku nagusia zena bonbardatu zuten, eta, hala, Aqabako gudua erraztu zuten; horrela berreskuratu zuten Aqaba Lawrence Arabiakoa dotorea buru zuten arabiar irregularrek.
Itsaso Gorriko bazter honetan –afrikar partizioa egin zutenek Jordaniari eman zioten, hala itsasorako irteera bakar bat utziz–, ura pilatu dugu, zineman abenturazale ospetsu eta polemikoaren papera egin zuen Peter O’Toole aktorearen gameluak bezala, Wadi Rum basamortuan aurrera egiteko. Unescoren munduko ondare izendapena du eremuak.
Denbora gutxira basamortuko lehen tontorrak agertu zaizkigu, Jabal Umm ad Dami mendia (1854 m) esaterako, Jordaniako puntu garaiena. Eskualde hau nomada beduinoena da; beraiek zaintzen dute eta hor zehar ibiltzen dira eta klandestinoki Saudi Arabiatik inportatzen dituzten matrikularik gabeko 4x4 ibilgailuetan. Estatuak eskatzen dituen mugazerga altuei muzin egiten diete hondarretako ibiltariok.
Basamortu honetan galtzea oso erraza da eta beduinoek behin eta berriz erreskatatu behar izaten dituzte noraezean eta egarriak jota dabiltzan turistak. Beduino hauetako zenbaitek beren ohiko jarduerez gain eskalada eta gida lanak egiten dituzte hareharrizko eta granitozko horma hauetan. Horietako bat da Abu Yaghem, zeinak Wadi Ram herri txikian mundu osoko eskalatzaileei harrera egiten dien. Burutik oinetara zuri-zuri jantzita, paretak hutsik dituen eta alfonbraz estalitako zorua duen bere egongela xumearen erdian eserita dagoela, Abu Yaghemek azukre mordoa duen tea zerbitzatzen du, patxada ederrean. Une batez denbora gelditu dela dirudi; basamortuan barneratzeko eta eskalatzeko dugun grinak bertako lasaitasunarekin talka egin du.
Ahoa eta odola goxatu ostean, gidarekin goaz bere 4x4 ibilgailuan, triki-traka; bera lasai asko, beso bat leihatilan jarrita, gainerako bidaiariak eta bere trasteak sabaiaren eta leihoen kontra errebotatzen goazen bitartean. Bere kanpalekura iritsitakoan, ohiko duenez berrogeita hamar kolpe emanda maletategia zabaltzea lortu du, eta janaria eta te gehiago prestatzeko sua pizten hasi da.
Petra: Berraurkitutako hiria
Petra da, zalantzarik gabe, herrialdearen amu turistiko nagusia eta sarreraren 60 euroko prezioak kasik legez kanpokoa dirudien arren, bizitzan behin gutxienez bisitatu beharrekoa da. Sarrera eskuan dugula, esparruan zuzenean sartu beharrean, Little Petra herritik abiatuta 15 kilometroko ibilaldia egitea komeni da; horrela, atzeko aldetik sartzeko. Askoz ere gozagarriagoa da Petran era horretan sartzea, lehenik Deir-era sartuz, I. mendean nabateoek eraikitako monasteriora, alegia. Horrela, sarrerako jende saldoa saihestuko dugu eta harrian zizelkaturiko egitura ikusgarri honetara helduko garen bermea izango dugu.
Petra desagertuta egon zen mendeetan, 1812an islamera bihurtutako esploratzaile suitzar batek bertakoen konfiantza eskuratu eta altxor handi ezkutu hori erakutsi zioten arte. Badirudi Mendebaldeak “deskubritzen” ez duen arte, Ekialdea ez dela existitzen.
Dana: bideko harribitxia
Little Petratik bideari berrekin, eta hiru egun ditugu aurrean Danako natur erreserbaraino. Ibilbideak sigisaga egiten du irteerarik gabekoak diruditen pareta ikusgarrien artean eta mendebalderantz egiten du kilometro batzuetan, beste wadi ikusgarri batean sartu aurretik; arabieraz wadi esaten diote normalean lehor egon arren uholdeekin bat-batean urez bete eta arriskutsu bihurtzen diren ibaien ibilguari.
Nabateoen hondakin batzuk ikusi ondoren, 15 bat kilometrora, Jabal Safaha mendia inguratu behar da. Honek badirudi arroka bolkanikoko kuboak jaurti dituela ahotik bere hareharri eta granitozko mendi-hegaletara. Oso garai desberdinetan higatutako arroken nahaspila. Harrigarria da ere itsas fosilak, barraskilomaskorrak eta errekarriak aurkitzea, behinolako oroitzapenak, duela milioika urte Arabiar pentsintsula urpean eta Afrikari lotuta zegoenekoak.
Hamar kilometro aldapan behera egin ondoren, Wadi Fayd zirraragarrira helduko gara. Arroila honetan ia ez da argirik sartzen eta horma makurrak ditu. Litekeena da gure mapetan agertzen den iturburuetakoren bat lehor egotea. Halakoetan duela mende asko lehortu direla dirudi, eta wadi honetan uholde-arriskuaz ohartarazten duen kartela ikustean gehiegikeria galanta iruditu zaigu. Jakina, hala ere, badaezpada tentuz ibiliko gara eta zelaian kanpatuko dugu.
Hurrengo igoerari ekin aurretik ura biltzeko putzuak aurkitzen emango dugu denbora apur bat. Ras Naqb Shdeid gainera heldutakoan bista ikusgarriak aurkitu ditugu. Mendikatea oinetan ezabatzen da eta Israeleraino iristen den basamortu gune amaigabea agertzen da. Tenperatura handitzen doa jaitsi ahala; egun erdiko jardunaldia da eta egarriak jota distantzien nozioa galdu dugu. Harrigarriro, zuhaitz bakarti bat topatu dugu harritzaren artean, berde eta sendo. Urrunean ikusten dugun puntu beltza beduinoen kanpamentu bat izango da seguru asko. Haur bat agertu da muino baten atzetik. Geldirik dago eta bat-batean harriak trebeki jaurti eta bere ahuntz taldea mugiarazi du.
Herri bat baino beduinoen kanpamentu bat da Feynan, eta hortik aurrera Dana ibaiaren harana naturaerreserba gune bihurtzen da, non beduinoek soilik kanpatu dezaketen. Aurrera goazela harana ireki eta itxi egiten da tarteka. Basamortua igaro ostean landaredia oparoak eta hegazti barietate ugariek liluratuta utzi gaituzte. Lasaitasuna da nagusi hemen, eta oharkabean ahuntz saldoa igaro da gure paretik eta atzera isil-isilik desagertu.
Madaba-tik Irbid-era: Ekialde Ertaineko lehenengo mapa Madabako San Jurgi eliza bizantziarrean mosaiko handi bat dago, Jerusalem eta Lur Santuaren lehen errepresentazio kartografikoaren mosaikoa. Bertan mapa bat agertzen da, Moisesek Nebo menditik izan omen zuen irudipena azaltzen duena. Elizatik kilometro gutxi batzuetara dago mendia. Irbid-era joateko iparralderantz eginda bidea guztiz eraldatzen da. Soroak, fruta-arbolak eta basoak tartekatzen dira mendien artean. Hemen beduinoen lasaitasunak ez luke lekurik, erritmoak bestelakoak dira; lurra etengabe lantzen da fruituak errepide bazterrera jaitsi eta herria eta hiriburua hornitzeko.
Iparraldean ibilbidea markatuago eta argiagoa da hegoalde labirintikoan baino. Era berean, ostatu hartzea ere errazagoa da, nahiz eta kanpin-denda arrastaka eramatea esperientzia berezia den, batez ere gau ilun izartsuetan: lasaitasun betean zentzumenak zorroztu egiten dira, norbera ere zirkinik ez egiten ahalegintzen da eta, halako batean, belarrira pega-pega eginda astoaren arrantza luzeak tinpanoak zartatzen dizkigu... eta xarma, jakina.