Arangoiti, gure historiaren zaindari
Mendi garaiagoak badaude Euskal Herrian. Erpintsuagoak ere bai. Baina Arangoiti Nafarroa eta Euskal Herriko historiaren zaindari pribilegiatua da. Arangoiti. Aran eta Goiti. Gu baino lehenago bertaratuek bazekiten, bai, zer esanahi zuen mendiak.
Aragoiko erreinuarekin muga gure aberriko ekialdeko muturrean, Nafarroako historia eta pasadizo asko gordetzen dituen Leireko monasterio dotorea gordetzen du bere hego isurian Arangoitik. Handik, gu baino lehenago, Erronkari eta Zaraitzuko artzainak pasatzen ziren, milaka ardirekin, Burgi eta Coronas mendatean barrena, Bardeako altxor berdearen usainean.
Zenbat aldiz pasako ginen euskal herritar asko Esatik, eski estazio edo Pirinioetako mendien arrastoan, eta gure iparrean, antena handi bat zeukan mendiari erdizka erreparatu. Edo mendi horren azpian nahiko txiki ikusten den eraikin bitxia zer ote den galdetu, geure buruari. Arangoiti da antena itsusia daukan mendia, izen ezin aproposagoa, bere esanahia ulertzeko. Leireko monasterioa, eraikin ezezagun hori. Ia mila metroko zuloa dago Esa herritik Arangoiti tontorreraino, eta horma horri esker dute eguraldi askoz lehor eta eguzkitsuagoa Zangozako Merindadean. Arangoiti eta Leireko mendikatean artadi eta harizti aberatsak daude, batez ere mendikateko ipar isurian, Erromantzatuan, han euria eta eguraldi hezeagoa ohikoagoak direlako.
779 metrora dago Leireko monasterioa. Bisitari asko jasotzen du urte osoan. Hamabi mende luzeko historia aberatsa dauka, IX. mendean eraiki zutelako (estilo erromanikoa). Han daude hilobiratuta Nafarroako errege izan ziren asko, eta bertako paretek hitz egingo balute, orri asko beteko lituzkete, ikusi eta ikusi behar ez zirenak kontatuz. Beneditarrek zaintzen dute egun, eta bake edo lasaitasun bila joaten direnek erabiltzen dute batez ere. Donejakue bidea ere hemendik pasatzen da, Aragoiko bidea, hain zuzen ere, eta horrek ere hainbat ibiltari erakartzen ditu. Dozena bat logela ditu monasterioak, eta otordua egiteko aukera on bi ere bai, bisita egin eta gero.
Monasterioko aparkalekuan bertan hasten da Arangoitira igotzeko biderik erosoena. Irunberritik ere igo daiteke, baino dezente luzeagoa da. Monasterioan bertan Erronkariko Galtzadaren xehetasunak erakusten dira bi mapetan. Urtean hiruzpalau astetan, ardien orroek hausten dute santutegiko isiltasuna. Hegotik iparrerantz ekain hasieran, Pirinioetako goi larreetako belar goxoaren bila. Eta kontrako norabidean irail bukaeran, udazkenaren gordinak goi mendietako bizitza ezinezko egiten duenean, Bardeatako epeltasunera bueltan.
Arangoitira doan bideak Galtzadan gora egiten du lehen 10 minutuetan. Ondoren mendi bide bilakatzen da, eta martxa eroso egiten da, itzalpean beti. Zuhaiztia indartsua da, sendoa. Udan erauntsiak oso ohikoak dira, eta hezetasuna ondo gordetzen aspaldi ikasi zuen naturak. Ordu erdira, basoa zabaldu egiten da, eta Leireko monasterioa eta Esako urtegia bere handitasunean agertzen dira. Gure eskuinera Leireko monolitoa dago, ehun bat metroko zigarro luze itxura daukan harkaitz puska. Putreak bueltaka dabiltza, bazkaren bila.
Esako urtegiaren eraikuntza lanak 1922ean hasi ziren, eta 1960an hasi zen urtegia Pirinioetako ura gordetzen. Guztira 447 hektometro kubikoko gaitasuna dauka, eta Erriberako soro eta baratzak ureztatzeko funtsezkoa omen. Aurtengoan behintzat, bete-beteta dago, uztaila izanda ere. Polemika iturri izan da betidanik, batez ere urtegia handitzeko interesa bere horretan mantentzen delako, gertu bizi direnentzat arrisku iturri bilakatuz. Rallar lepotik, 1.210 metrora, Esako urtegia dotore ikusten da. Merezia du, goitizena: Nafarroako Itsasoa.
Arbaiun eta Irunberriko arroilak
El Rallar lepoan mendebalderantz egin behar da. Beti amildegitik urrun, baina bertara hurbiltzeko hainbat aukerarekin. Basoak indartsu eusten dio, eta Arangoitiko azken maldan soilik desagertzen da apur bat. Naturak daukan indarrarekin aho bete hortz geratzeko une aproposa. Pirinioetatik hegora amorratuta egiten dute bidea Irati eta Zaraitzu errekek, goi mendietan urtzen den elurra bere arroan hartu ezinik. Milaka urte atzera, Pirinio aurreko mendikateak topatu zituzten aurrez aurre. Leirekoa 30 kilometro da luze, mendebalde-ekialde, eta Irati ibaiak mendikateko puntu baxuenean hautsi zuen mendia: Irunberriko arroilan. Irunberritik gertu, kilometro eta erdiko bide berde bat dago, txoko hori gertutik ezagutzeko.
Zaraitzu bailaran behera, izen bereko erreka Irati bera baino kartsuagoa da, laburragoa delako (88 km da luze Irati, 34 baino ez Zaraitzu, Irunberrin Iratin bukatu arte). Zaraitzuk urtez urte mendia pitzatu behar izan zuen, Arbaiungo arroila zizelkatu arte. Arbaiun Irunberri baino sakonagoa, handiagoa, ikusgarriagoa da. Eta Leireko mendikateko goi larreetatik eskuko hatzekin ukitzeko moduan ikusten da, eder.
Gailurrera erraz iristen da, bi ordu, asko jota, Leireko monasteriotik. Goian antena zatar batzuk daude, baita Biguezaletik irteten den pista bat ere. Arangoitiko ikuspegia aparta da. Elomendi eta Itzaga ditu 15 bat kilometrora, altuera bertsukoak biak, baina beste guztia, beherago. Orhi berde ikusten da. Auñamendi eta Hiru Erregeen Mahaia gris, eta Huescako Pirinioetan elurra zuri. Mendebaldera Irunberri, hegora Zangoza, ekialdera San Juan de la Peña, Jakatik gertu... Arangoiti. Aran eta Goiti. Gu baino lehenago bertaratuek bazekiten, bai, zer esanahi zuen mendiak.