NAIZ

‘Euskal Danbolinaren Aroak’ diskoa aurkeztu dute Joserra Senperenak eta Jose Ignazio Ansorenak

‘Euskal Danbolinaren Aroak’ lana aurkeztu dute Joserra Senperenak eta Jose Ignazio Ansorenak. Beasaingo Igartza jauregian egindako emanaldia jasotzen du, saio pedagogikoa, aldarrikapen historikoa eta soinu esperimentazio garaikidea uztartuz.

Joserra Senperena eta Jose Ignazio Ansorena. (GAZTELUPEKO HOTSAK)
Joserra Senperena eta Jose Ignazio Ansorena. (GAZTELUPEKO HOTSAK)

Saio pedagogiko, aldarrikapen historiko eta aldi berean soinu esperimentazio garaikidea, Joserra Senperena eta Jose Ignazio Ansorenaren ‘Euskal Danbolinaren Aroak’ Beasaingo Igartza jauregian 2021ko apirilaren 8an Joserra eta Piterrek eginiko emanaldia jasotzen du. 2006an ‘Chillida-Lekutik’ argitaratu ondoren eta hari berari tiraka eginez hilabetetako lan sakona borobilduz sortu da lan berria.

Joserra Senperenak hamaika disko kaleratu ditu bere izenean, horietako batzuk Jose Ignazio Ansorena eta Rafael Berrio musikariekin partekatuta, baita beste diziplinatako artistekin ere: Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta, Rafa Egiguren, Jose Luis Zumeta eta Dora Salazar. Oraingoan, zinema musika konposatzeari eskaintzen dio denbora, nagusiki. Josu Martinez, Juanba Berasategi, Julio Medem edota Koldo Almandozen filmen soinu-bandak konposatu ditu. Udazken honetan egindako azkena estreinatuko da, Ritxi Lizartzak zuzendutako ‘Apaiz kartzela’.

Jose Ignazio ‘Piter’ Ansorenak, ordea, herri musikari dedikatu dio nagusiki bere jarduna. Bere ezagutza eta trebetasuna handiak izan arren, musika alorretik kanpo da agian ezagunagoa bere pailazo eta showman fazetetan. Edozein erara, bere ibilbide musikala luzea da ere 1979an Donostian ospatutako I. Txistulari Bakarreko Txapelketaren garaile bilakatu zenetik gaur arte.  Bertako Txistulari taldeko zuzendari izan da hainbat urtez eta katedra baten jabe da. Txistuaren afinaketa tekniken ikerkuntza eta pedagogia inor baino sakonago landu ditu, erreferentziazko gida liburuak idatziaz eta herri musika eta doinuen ikertzaile nekaezina izan da urte hauetan guztietan. Bakarlari gisa edota Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoekin hainbat disko plazaratu ditu, baita Joserra Senperena bera edo Alvaro Cendoya piano jotzaileekin ere.