Oriol Clavera (Argazkiak: O.C eta Getty Images)

Santo Antão, trekkinga Cabo Verden

Santo Antão uhartea, Barlovento izeneko multzokoa, Cabo Verdeko ipar-mendebaldeko muturrean dago, eta bigarren handiena da. Menditsua da alde guztietan; horrenbestez, «trekking»a oso aitzakia egokia da bertara joateko eta hamar uhartez osatutako artxipelagoaren zati bat ezagutzeko.

Santo Antão uhartea menditsua da alde guztietan.
Santo Antão uhartea menditsua da alde guztietan.

Santo Antãora iristeko tartetxo bat behar da. Izan ere, garai bateko aireportua haizearen, kresalaren eta pista bakarraren eta laburregiaren asfaltoko pitzaduren artean hazten diren belar txarren mende dago. Ponta do Solen dago, uhartearen iparraldeko muturrean. Izenak adierazten duen bezala, eguzkia sartzen ikusteko leku bikaina da, urtaroaren arabera, zeruertzean edota hego-mendebalderantz egiten duten itsaslabarretan.

Gaur egun, ordea, hegoaldera iritsiko gara, Mindelo (ondoko São Vicente uhartea) eta Santo Antãoko hiriburu Porto Novo lotzen dituen ferryaren bidez. Bi uharteen arteko kanala astiro-astiro zeharkatzeko ordubete baino ez da behar, baina, askotan, ozeanoak bortitz jotzen du. Uharte batetik bestea ikusten da, eta Santo Antãora iristen garen heinean, hegoaldearen lur-kolorea argiago ikusiko dugu. Uhartearen erdialdeko mendietatik dator, eta aldapa handiarekin hasieran eta gero eta txikiagoa kostaldera hurbiltzean. Pitzaduraz betetako paisaia, amildegi zabal lehorrek zeharkatzen dutena, landareen alfonbra dirudi eurijasen garaian –abuztutik urrira–. Hala, une batez, iparralde berde eta landatuaren itxura hartzen du.

Paul ibarra eta iparralde berdea

Lurreratzen garenean, berrogei bat gizon ikusiko ditugu portuko terminal berriko eskaileretan, uhartera iristen diren bi ferryen zain. Zaintzen dituen poliziari ez diote lan handirik ematen, eta oihuka baina edukazioz, uhartean mugitzeko ezinbestekoak diren aluguerak eskaintzen dituzte. Hala deitzen dituzte Toyota Hiace eta Japoniako pick-up furgonetak. Ferryen ordutegietan oinarriturik, uharteko herri nagusiak lotzen dituzte bidaiariz eta ekipajez gainezka. Gidariak bezero guztiak lortzen dituenean, iparralderantz abiatuko gara, oinez ibiltzeko asmoz.

Sandaliak –gogoratu tropikoan gaudela– ostatuko gelan utzi ditugu. Botak, bastoiak, jertse edo jaka bat eta jateko zerbait hartu ondoren, Cova do Paulera joango gara aluguerez. Uhatean ezinbestean egin behar diren txangoetako baten abiapuntua da. Barruan soroak dituen kraterrak lainoaz eta, tarteka, euriaz egin digu arrera. Jaitsi, barru aldeko magala igo eta 1.500 metro jaitsiko ditugu berriz Paul ibarrean. Laino lodia eta haize bortitza direla-eta, tarte luze bat egin behar dugu, ibarra ikusteko.

Harrizko bide bihurgunetsu batetik hasiko gara jaisten. Ibilbidearen zati honetan, malda 45 gradukoa ere izan daiteke; beraz, lasai hartu behar da hanketako muskulu bikiak gehiegi ez kargatzeko. Ia bost orduko jaitsiera dugu aurretik; batzuetan baino ez dugu gora egin behar, eta zati horiek benetan eskertzen dira, egia esan.

Aurrera egin ahala, pareta bertikalak urrun geratuko dira. Terrazak ikusten hasiko gara han-hemenka, azukre-kanaberekin, platanoekin, kafearekin, baratzeekin... Gero eta gehiago ikusiko ditugu, etengabea izan arte. Soroen artean ezkutaturik harrizko etxe tradizional eta politak ikusiko ditugu. Asko zuriak dira, eta kanaberaz estalitako bi isurkiko teilatua dute. Gutxika, adreilu ilunezko eraikin soilak eta kubikoak ere ikusiko ditugu, teilatuan arropa lehortzen jarrita dutenak. Jabeek horretarako dirurik badute, krema kolorez, berdez, horiz edo urdinez margotuko dituzte, eta orduan eszena ederragoa izango da.

Paisaia irekia da Chã de Fazendara heldu arte. Kostaldetik ibarrean gora garamatzan eta bikain harriztatutako errepidea –uharteko beste guztiak bezala, ekialdeko kostaldeko zati berri bat izan ezik– helmuga herri hori da. Uve formaren atzeko aldean, herri txikiak ikusten dira. Mendi hegaletan, ordea, etxe gutxi batzuk baino ez daude sakabanatuta. Horietara iristeko bidexka txikiak daude, edo bide nagusiak eramaten gaitu.

Hortik aurrera, bidea soroen artean egingo dugu. Bikain zaindutako eta landatutako terrazek eurien arabera agertzen eta desagertzen diren ur-ibilguak aprobetxatzen dituzte. Kanalizazioen eta presen sistema batek ureztatze metodoaren eraginkortasuna handitzen dute. Bat-batean, badirudi bidea platano-plantazio batean sartzen dela eta, ondoren, berriz irten eta zerua ikusiko dugu. Herritarrak bidean gora eta behera dabiltza, bide oso jendetsua da.

Eito herrira iritsi ondoren, azken zatia errepidez egingo dugu. Honetan ere herritarrak eta aluguer batzuk ikusiko ditugu, Vila das Pombasera joaten edo handik itzultzen. Guk helmuga kostaldean dugu, eta handik gure basera itzuliko gara, Ponta do Solera.

Uhartearen iparraldeko ibarretan ibiltzen garenean, esaterako, Paulen, Chã das Pedras-en edota Caibrosen, Santo Antãori Cabo Verdeko bigarren janaritegi zergatik esaten dioten ikasiko dugu (lehena Santiago izeneko artxipelagoko uharte handiena da). Hala ere, bidaia iparralde emankorreko ibilaldiekin amaituko bagenu, Santo Antão bisitatu ez bagenu bezala izango litzateke. Izan ere, txanponaren beste aldea ikusi gabe, irlaren uste okerra izango genuke. Edo irlaren erdiarena, gutxienez.

Bordeira de Norte eta hegoalde gogorra

Uhartearen alderdirik idorrena, harritsuena eta gogorrena ezagutzeko, basea Porto Novo hiriburura aldatuko dugu, lasaiegia iruditu arren. Trekkinga egiteko ibilbideen artean onena ziurrenik Bordeira de Norte da, Ribeira das Patas-en. Ibilaldiaren abiapunturaino ia ordubete egin beharko dugu aluguerez. Herriaren izenak zirrara eragiten badigu, oker gabiltza.

Chã de Mortek ez du ez oso izen baikorra, ez ikusteko gauza handirik. Hala ere, errepidearen ondoan dagoen taberna ondo identifikatuta daukagu, han egin baitugu hitzordua gidariarekin (eta bertara iritsi baino ez dugu nahiko ia lau orduko ibiliaren ondoren, Cabo Verden nagusi den Strela garagardoa sari moduan hartzeko). Puntualak izan beharko dugu, beti bezala, ferryaren ordutegietara egokitu behar baitugu, taxi preziorik ez ordaintzeko. Hala, oinez hasi gara.

Bi ordu eman ditugu oinez. Eguzki indartsuak iparraldeko terrazak eta ibarrak zeinen berdeak, politak eta freskagarriak ziren gogoraraziko digu kurba bakoitzean. Behin eta berriz errepikatuko diogu gure buruari nekea psikologikoa baino ez dela. Baina ez da hala. Maldak asko zailtzen du igoera. Tontorretik ilargiaren itxura duen goi ordoki uhindua ikusiko dugu eta hortxe dator onena: leku beretik jaitsi beharko dugu.

Bide harritsu txarrean herritar sinpatikoak ikusiko ditugu kargaturik edo kargatutako astoekin. Guk besterik gabe igotzen dugu, nahi dugulako; beraz, burutik eginda gaudela pentsatuko dute. Baina, agian ez dira konturatu, nork daki, azpian dugun paisaiak arnasarik kendu ez digun arren –gaixoak!–, aho zabalik utzi gaituela. Pareta handiak, labarrak, amildegiak, herrixkak, etxe sakabanatuak eta, urrutira, itsasoa eta São Vicente uraren gainean.

Merezitako atsedena

Cabo Verdeko bigarren janaritegia dela esatean, ez da nekazaritza soilik kontuan hartzen. Arrantzak ere badu garrantzia hainbat lekutan: Ponta do Sol, Janela, Porto Novo eta Tarrafal de Monte Trigo, besteak beste. Kolore guztietako egurrezko ontziak hondarretan daude, bata bestearen alboan, itsasora irteteko zain edo itsasotik bueltan atseden hartzen. Lehen eguzki izpiekin batera, marinel gazteak arrantzara joaten dira, emakume saltzailek arraina kaleetan eta merkatuetan sal dezaten.

Gauez arrantzan aritu diren beste ontzi batzuk goizean goiz iristen dira hondartzara berdelez eta garupa gorriz gainezka. Ondoren, mantala jantzita duten emakumeek ontzi handi batzuetan sartu eta buru gainean eramango dituzte batetik bestera. Uhartearen hegomendebaldean, Tarrafal de Monte Trigon, izan ezik. Hiriburutik hiru ordu eta erdira dago. Gainera, 4x4 ibilgailuan egin behar den ibilbidearen zati handi batek Paris-Dakar rally txikia dirudi, Adrianok, Porto Novo eta Tarrafal.arteko ibildidea egiten duten aluguer gidari gutxietako batek.

500 biztanle inguru dituen herrixka isolatu honetako arrantzaleek arraina despiskatu eta gazitu egin behar izaten dute. Bestela, ez litzakete Porto Novoko kaleetara egoera onean iritsiko. Horregatik, itsasontziak (horietako asko arraun ontziak) lurreratzen direnean, beste gizon talde batzuek arraina prestatzen dute pazientzia handiz.

Guk lanean utziko ditugu eta uhartean azken paseoa ematera joango gara. Bide gogorrez ahazteko ibilaldi indar berritzailea egingo dugu. Botak eseki, eta oinutsik ibiliko gara, itsaslabar ikusgarri baten azpian zabaltzen den hondartza handi bateko harea beltzean. Bidaia amaitzeko modurik onena da, zalantzarik gabe. Oinak Atlantikoko ur asaldatuetan sarturik, Cabo Verdeko zati zoragarri hau ezagutzeko aukera eman diguten bideak oroituz.