Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘Amour eta toujours’, Ruper Ordorikaren Kubako bizipenak son erritmoan

‘Amour eta toujours lako errimak zaborretara’ abesten zituen Ruperrek Sarrionandiaren hitzak ‘Kantuaren gauza galdua’ abestian. Hari harri tiraka jarri dio izenburua Ruper Ordorikak labetik atera berri duen lanari: ‘Amour eta toujours’. Ostiral honetan ikusi du argia diskoak.

Ruper Ordorika, gaur, Elkarrek Donostian duen estudioan. (Maialen ANDRES/FOKU)
Ruper Ordorika, gaur, Elkarrek Donostian duen estudioan. (Maialen ANDRES/FOKU)

Kubara garamatza ‘Amour eta toujours’ (Elkar) lan berrian Ruper Ordorikak. Atzo iritsi zen dendetara. Nahi baino gehiago atzeratu behar izan da argitalpena, dezente konplikatu baita diskoaren euskarri fisikoa bukatzea. Durangoko Azokaren bezperak argitaletxe eta musika zigiluetako arduradunentzako errazak ez baziren lehen ere, gaur egun asko zaildu da ekoizpena bera.

Habanako kale kantoietara, malekoira, itsas ertzera. Azaletik bertatik. Gizonezko baten aurpegia aurkituko dugu aurrez aurre, bizitzaren arrastoa aurpegiko zimurretan, pipa ahoan duela, eguzkitako betaurrekoak soinean eta bisera buruan.

Askotan izan da irlan eta nabaria da sakoneko arrastoa utzi diotela hango bizipenek, han egindako harremanek. Bere ohiko musika eskematatik aldendu eta Kubako doinuz eta erritmoz blai dator oñatiarra, hango herri musikari zor zaion begirunea erakutsiz.

Kubako musikariak lagun

Azken lanak –‘Guria ostatuan’ diskoa atera zuen duela bost urte eta duela bi Kafe Antzokian zuzenean grabatuko lana– disko honetako kantu berrien idazketarekin uztartu zituen. Behin letrak eta musika sortuta, grabazioaren unea iritsi zen.

Jonan Ordorika anaiarekin Azkaraten, Victor Sanchezekin Elkar estudioan eta Nando de La Casarekin Abetxukon grabatu du lana. Kuban egitea zuen hasierako asmoa. Hegazkin txartela hartua eta bira bat ere antolatua zuenean izurriak ezinezkoa egin zuen.

Kuban ezin, baina Euskal Herrian bertako musikariez inguratu zen. Kubako musikariek eta aspaldiko lagunek parte hartu dute grabazioan: Yaroldy Abreu (perkusioa), Eddy de Armas (tronpeta), Nando de la Casa (teklatuak), Lino Lores (kontrabaxua, tres kubatarra, gitarra), Dani Perez (gitarrak) eta Kenny Wollesen (bateria, vibrafonoa). Kubatar musikarien soinu kontzeptuari jarraiki sortu ditu Ruperrek kantuak.

«Kubako lagunen bitartez aurkitu nituen hemen zeuden musikariak», adierazi dio ostiral honetan NAIZi.

Disko berria su geldoan sortu du, izan ere Kubara egindako lehen bidaietatik bueltaka zuen ideia buruan. Urteak zeramatzan gisa honetako proiektua buruan zuela.

Pozik agertu zen emaitzarekin, lortutako soinuarekin. Helburua lortu duenaren lasaitasunarekin. «Oso pozik nago. Batzuetan garrantzitsua helburua baino bidea bera dela dio esaerak eta topikoa gerta daiteke, baina kasu honetan egia da, aspaldiko nahia zen horrelako kantuak grabatzea», kontatu zion atzo GARAri. «Duela 30 urte joan nintzen bertara lehen aldiz Euskal Herriko beste hainbat idazle eta musikarirekin», gogoratu du.  

Gogotsu dago oñatiarra zaleekin elkartzeko. Kantuak sortu, ekoitzi eta sortzailearen jardunaren zirkulua ixten duen katebegia.

Zuzenekoak

Iruñeko Baluarte da lehen aurkezpenerako aukeratutako agertokia. Abenduaren 12an izango da. Atzetik etorriko dira beste sei zuzeneko. Arrasateko Amaia Antzokian bere zaleekin elkartuko da abenduaren 23an, Bilboko Arriagan abenduaren 30ean, Durangoko Landako Gunean urtarrilaren 7an, Azkoitiako Baztartxon urtarrilaren 8an, Getxoko Muxikebarrin urtarrilaren 15ean, Donostiako Victoria Eugenian urtarrilaren 22an eta Tolosako Leidorren otsailaren 11ean.

Ruperrek Kubarekin urtetan izan duen harremanaren ondorioa da disko berria. Aurretik grabatutako ‘Haizea Garizumakoa’ eta ‘Zorioneko Moilan’ kantuekin bezala, disko berriarekin Kubako musikaren klabeetara gerturatzea izan da helburuetako bat. Bai musikari dagokionez, baita letretan landutako gaiei dagokionez ere. Nahasketak eta masterra egiteaz Jonan Ordorika arduratu da.

Lau hamarkada luze daramatza kantugintzan eta 25 lanetik gorako diskografiaren jabe da. Bakarka –Mugalariak lagunak alboan dituela– zein Hiru Truku taldeko kide bezala.