NAIZ

34 lagunek eskatu dute eutanasia Osakidetzan eta hamahiruri dagoeneko aplikatu zaie

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 34 eskaera jaso eta 13 eutanasia prozedura burutu dira legea indarrean sartu eta abenduaren 10era bitarte, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak emandako datuen arabera. Hamabi pertsona zain daude.

Eutanasiaren Legea ekainean sartu zen indarrean Estatu espainiarrean. (Getty)
Eutanasiaren Legea ekainean sartu zen indarrean Estatu espainiarrean. (Getty)

Iako ekainean eutanasiaren legea indarrean sartu zenetik, 34 eskaera jaso dira EAEn eta hamahiru prozedura burutu dira, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean eman dituen datuen arabera.

Sailburuak azaldu duenez, legea «azkar eta eraginkortasunez» aplikatu da, eta aurrerantzean ere eskubide hori baliarazi ahal izateko lanean jarraituko dute.

Legebiltzarreko Osasun Batzordean berak eskatuta eta Jose Luis Quintas Osasun sailburuordearekin batera eginiko agerraldian, Sagarduik nabarmendu du EAEk «modu eredugarrian» eta «berme guztiekin» bermatu duela Eutanasia Legea betetzea indarrean jarri zenetik igaro diren sei hilabeteotan, bai eskatzaileen kasuan, bai hura egiten duten profesionalen kasuan.

Zehaztu duenez, abenduaren 10era bitarte, 34 eskaera zenbatu dira EAEn. Horietatik 13 eutanasia prozedura egin dira: zortzi pertsona eutanasia egin aurretik hil dira, bati uko egin zaio, eta gainerako 12ak prozesuaren une desberdinetan daude.

Osasun sailburuak azaldu du legeak harrera «positiboa» izan duela osasun arloko profesionalen aldetik. 5.000 profesional inguruk prestakuntza jaso dute hiltzeko laguntza emateko prozeduren, jarduketa protokoloen eta jardunbide egokien eskuliburuaren inguruan. Gehienak Osakidetzako profesionalak izan dira, baina eremu soziosanitarioko profesionalek ere parte hartu dute.

Kontzientzia eragozpena dela eta, esan du ez dela arazoa izan EAEn prestazioa bermatzeko orduan. Horrela, gaur egun, 188 kontzientzia eragozle daude, eta, Sagarduik adierazi duenaren arabera, zifra «oso baxua» da, Osakidetzako pertsonal fakultatiboaren %1,9, hain zuzen ere.

Nafarroan, Santos Indurain kontseilariak azaroaren 23an berri eman zuenez, Osasunbideak kasu bat artatu du oraingoz.