NAIZ

1.000 erreklamazio, Lakuak kalitatezko osasun sistema publikoa bermatu dezan

Osasun Publikoaren Aldeko herri ekimenak Lehen Arreta bereziki eta, oro har, osasungintza publikoa indartu eta duintzeko 1.000 erreklamaziotik gora erregistratu ditu Lakuaren Osasun sailaren egoitzan.

Donostian, Lakuako Osasun sailaren egoitzan egin du agerraldia Osasun Publikoaren Aldeko herri ekimenak.
Donostian, Lakuako Osasun sailaren egoitzan egin du agerraldia Osasun Publikoaren Aldeko herri ekimenak.

«Gaur euskal osasun sistema publikoa jasaten ari den narriadura salatu nahi dugu, bereizik Lehen Arretarena. Egunetik egunera gero eta egoera okerragoa bizitzen ari gara langile eta sistemaren erabiltzaile garen herritar guztiok: telefonoak kolapsatuta, pertsona helduen zailtasunak tramiteak web orrialdearen bidez egiteko, hitzorduen atzerapenak, aurrez aurrekoaren murrizketak... egun aurkitzen ditugun arazoetako batzuk besterik ez dira», adierazi du Osasun Publikoaren Aldeko herri ekimenak gaur Donostian egindako agerraldian.

2008ko krisialditik «Osakidetzaren narriadura progresiboa» izaten ari dela nabarmendu dute. «Gobernuak pandemiarekin aukera paregabea izan zuen behingoz gauzak ondo egiteko. Aldiz, osasun sistema are gehiago okertzeko aukera gisa baliatu dute». Horren adibide jarri dute ezken asteetako pazienteen arretaren planifikazioa eta osasungintzako zerbitzu eta baliabideen antolaketa.

Era berean, Gasteizko Parlamentuan eztabaidatzen ari diren aurrekontuetan osasungintzara bideratuko dena «guztiz ez nahikoa» dela azpimarratu dute. «Europako beste herrialdeekin alderatzean, Osakidetzak aspaldi darama arrastaka ohe kopurua eta osasun langilegoa. Ez da soilik inbertsio falta edo baliabide faltagatik, osasun langileek pairatzen dituzten gero eta lan baldintza okerragoengatik baizik. Oinarrizko ideia argia da: ezin da kalitatezko zerbitzurik eman lan baldintza duinik gabe».

Hau konpontzeko «lehentasuneskotzat» jo dute «behin-behinekotasunarekin bukatzea, jardunaldi partzialarekin bukatzea eta zerbitzuen gainkargarekin bukatzea».

Bide berean, osasun sistemaren pribatizazioaren aurka posizionatzeko unea dela ere adierazi dute. «Urjentziazkoa da Lehen Arreta indartzea eta harresi administratibo, telefoniko eta informatikoei muga jartzea, osasunerako eskubide unibertsalean desberdintasunak areagotu egiten baititu».

Hori dela-eta, gaur 1.000 erreklamazio orri baino gehiago aurkeztu dituzte Lakuaren Osasun Departamentuan, Donostian, «Gobernuari osasun sistema publiko, doako, kalitatezko eta unibertsal bat bermatzeko beharrezko baliabideak jar ditzan eskatzeko».

Ostiral honetan, abenduak 17, Groseko Okendo Kultur Etxean, 18:00etan, batzar ireki bat eginen dute eta herritarrak parte-hartzera gonbidatu dituzte.