Doktore-tesia egiten jarraitzeko aukera aztertzen ari diren fisika, kimika, biologia eta ingeniaritza graduko ikasleei zuzenduta dago Donostiako CIC nanoGUNEren Winter School 2022. Neguko eskolako ikasleek hitzaldi akademikoak, zeharkako trebetasunak lantzeko saioak eta laborategiko praktikak izaten dituzte.
Hirugarren edizio honetarako ehun eskari baino gehiago jaso dituzte ikerketa zentroan eta horietatik hogei ikasle aukeratu dituzte. Gehienak Estatu espainiarreko unibertsitateetatik datoz.
Onena, ikertzaileekin harreman zuzena izatea
Taldea nanozientziako ikerketaren alderdi berritzaileenetan trebatuko da. Esperientzia honen asmoa da eguneroko bizimodua aurkeztea benetako ikerketa laborategi batean, eta etorkizunari buruzko erabakia hartzen laguntzea.
Ikasleak bat datoz honetan: neguko eskola honetako onena nanoGUNEko ikertzaileekin harreman zuzena izatea da. Horretaz gain, unibertsitate ikasketetan egon ohi ez diren tresnekin praktikak egiteko aukera izatea estimatzen dute.
Donostiako CIC nanoGUNE Nanozientziako Ikerketa Kooperatiboko Zentroa xede honekin sortu zen: nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean puntako ikerketa egitea, Euskal Herriaren garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna areagotzeko asmoz. NanoGUNE Ikerkuntzaren eta Teknologiaren Euskal Aliantzako (BRTA) kidea da eta Maria de Maeztu Bikaintasun Unitatea da ere bada, Espainiako Ikerketa Agentziak hala aitortuta.