NAIZ

Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztuna sortu dute, terminologia digitala bultzatzeko

Ingurune digitaleko terminologian «hutsunea» zegoela ikusita hainbat kontzeptu bildu eta euskarazko terminoak jaso ditu Elhuyarrek eta Azkuek abian jarritako proiektuak. Kontzeptu hauen erabilera «normalizatzea» da egitasmoaren helburua.

DE Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztuna aurkeztu dute.
DE Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztuna aurkeztu dute. (Elhuyar)

IDE Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztunaren hastapenak aurkeztu dituzte Bilbon, Azkue Fundazioaren egoitzan, Azkue, Elhuyar, Euskaltel eta Puntueus fundazioek ostiral honetan egin duten lan bileran. Une honetan proiektua zertan den erakusteaz batera, ide.eus webgunea aurkeztu dute eta aurrerantzean nola osatuko duten azaldu.

Adierazi dutenez, proiektua Elhuyarrek eta Azkuek jarri zuten abian, ingurune digitalaren arloko hutsune bat bete nahian. Azken urteotan, asko garatzen ari da arlo hori, eta etengabe sortzen dira zalantzak eta beharrak hizkuntzaren erabileran.

Haiei erantzuteko, arlo zehatz horretako terminologia lantzen da hiztegian: hainbat kontzeptu bildu eta euskarazko terminoak jaso dira, eta haien erabilera normalizatzea da egitasmoaren helburua. Hala, erreferentziazko hizkuntza baliabide bat gehiago izango dute eskura hezkuntzarekin eta lan munduarekin lotutako sektoreek, testuak sortzen eta itzultzen diharduten profesionalek eta gizarteak, oro har.

Egitasmoa abian jarri eta gerora, Euskaltel eta Puntueus fundazioak ere batu zitzaizkion proiektuari, «eragile garrantzitsuak biak ere ingurune digitalaren arloan eta euskararen zabalkundean».

Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztuna webgunean dago kontsultagai. Kontzeptuen terminoak lau hizkuntzatan bila daitezke: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Definizioa, berriz, euskaraz irakur daiteke.

Bestalde, irudiak ere txertatu dira, definizioen bidez emandako informazioa osatzeko eta itxura erakargarriagoa izateko. Gainera, informazio osagarri gehiago ere eskaintzen da, beste baliabide batzuetarako esteken bidez, adibidez, Wikipedia, Euskara Batuaren Eskuliburua eta ‘Elhuyar’ aldizkaria.

Une honetan, hiztegiak 106 kontzeptu jasotzen ditu, atal hauetan banatuak: Internet, Informatika, Sare sozialak, Telekomunikazioak eta Zibersegurtasuna. 2022an beste 150 kontzeptu sartuko dira, eta, besteak beste, Game Erauntsia elkartearen hiztegia gehitu eta osatuko da. Hala, lehengoez gain, atal hauek ere izango dira hiztegian: Merkataritza digitala (bankuak eta salerosketak), Marketin digitala eta Bideo jokoak.

Lanean jarraitzeko, hiztegiaren bultzatzaileek aditu talde bat osatu dute, ekarpenak egin ditzaten eta lantaldean egunerokoan sortzen diren zalantzak elkarrekin argitu ditzaten. Une honetan, hauek dira aditu taldeko kideak: Aitzol Astigarraga (Wikilarien Kultur Elkartea), Sagra Crespo (Berritzegunea), Igor Leturia (Elhuyar), Urtzi Odriozola (Game Erauntsia eta Codesyntax), Leire Palacios (Puntueus), Olatz Perez de Viñaspre (EHU-IXA) eta Asier Sarasua (Codesyntax).