NAIZ

Anne Lukin eta Ene Kantak batu dira Zeinen Ederra Izango Den Fest jaialdiaren kartelera

Oraindik anitzagoa bihurtu da ZEID jaialdiaren kartela Anne Lukin pop abeslariaren eta Ene Kantak haurrentzako ikuskizunaren inkorporazioekin, gustu guztiei erantzuteko prest. Era berean, ekitaldira joateko autobust zerbitzu bat martxan egongo dela iragarri dute.

Anne Lukin NAIZ Irratiko ‘Bigarren Kafea’ saioan. (NAIZ IRRATIA)
Anne Lukin NAIZ Irratiko ‘Bigarren Kafea’ saioan. (NAIZ IRRATIA)

Zeinen Ederra Izango Den Fest jaialdiak beste bi talde berri gehitu ditu bere kartelera, alde batetik Anne Lukin pop abeslaria eta, bestetik, Ene Kantak haurrentzako ikuskizuna. Honela, ekimen «eklektikoa», anitza, eraikitzen ari direla adierazi dute antolakuntzatik.

Anne Lukin iruindarrak 2020an, 18 urte zituela, OT telebistako musika lehiaketan parte hartu zuen. Ondoren bere lehenenego lanaren sorkuntzan murgildu zen, eta 2021eko apirilean argitaratu zuen ‘Al día siguiente’ diskoa, non Gorka Urbizuk eta Zaharak parte hartu duten.

2022an bere proiektu berria izango denaren lehen singlea estreinatu du, ‘Ay, pequeña’. Amorrutik abiatuta, bizi izan duen eta oraindik ere emakume gaztea izanda bizitzen dituen paternalismo eta infantilizazioaren aurkako ereserkia da honakoa.

«Denona eta denontzat»

Ene Kantak, berriz, publiko gazteenari zuzendutako taldea da. Izan ere, euskaraz eta euskararentzako txikientzako kantu eta dantzak sortu ohi ditu. Euren abesti propioak sortzeaz gain, abesti herrikoiak ere bertsionatzen dituzte, eta Urko Oskoz eta Nerea Urbizuk horiei haurrek jarraitu ditzaketen mugimenduak txertatzen dizkiete. Diskoak saltzen lortzen duten dirua euskararen alde lan egiten duten erakunde edo taldeei bideratzen diete.

Hala, BECen apirilaren 2an ospatuko den jaialdia «denona eta denontzat» izatea dute helburu, lagunen «whatsapp talde osoa batzen duen jaialdia» bezalakoa. Behin betiko kartela laster iragarriko dutela esan dute antolatzaileek.

Era berean, aipatu dute jaialdira joateko garraio publiko zerbitzua egongo dela. Autobusak aterako dira Iruñea, Donostia, Gasteiz, Irun, Altsasu, Lizarra, Tafalla, Eibar, Zarautz, Baiona, Biarritz, Hendaia, Errenteria, Azpeitia, Tolosa, Beasain, Arrasate, Durango, Gernika eta Zornotzatik. Itzulera jaialdia amaitu eta 30 minutura izango da.