Amagoia Bilbao

Oilasko bularki enpanada

GETTY IMAGES
GETTY IMAGES (GETTY IMAGES)

Osagaiak 7 lagunentzat
Orea: 500 g irin, arrautza bat, 4 koilarakada olio, 25 g legami, baso erdi ur, gatza, oreganoa. Betegarria: 2 porru, 200 g kuiatxo, piper gorri bat, 2 tomate, 400 g oilasko bularki, olioa, gatza.

Zailtasuna                               3

Orea:
1. Legamia ur epeletan urtu.
2. Irina mahai gainean jarri eta erdian zulo bat egin, sumendi baten antzekoa.
3. Erdian ura, gatz pixka bat, arrautza, oreganoa eta olioa jarri. Nahasi irina beste gai guztiak irensteko moduan, guztiak bereganatu arte. Orea eskuetan eransten baldin bada, irin gehiago gehitu eta berriz nahasi.
4. Tapatu eta leku epel batean ordu betez beratzen utzi.
Betegarria:
1. Piper gorria labe beroan sartu, 180ºC-an, gorritu arte. Zuritu, haziak kendu eta zerrendatan moztu.
2. Zerrenda finetan moztutako porruak olio pixka batekin erregosi.
3. Tiratan moztutako kuiatxoa eta txikitutako tomateak gehitu eta erregosi.
4. Oilaskoa tiratan moztu. Zartagin batean olio pixka batekin arin erregosi.
Bukatzeko:
1. Azpil bati irina bota. Arrabola batekin orearen erdia zabaldu eta azpila bete. Gainean hurrenez hurren barazkiak eta oilaskoa jarri.
2. Geratzen den orea zabaldu eta  gainean jarri. Ondo itxi eta irabiatutako arrautzaz pintatu.
3. Labe beroan sartu, 175ºC-an, 40 minutuz edo, orea gorritu arte.