Baljerri, Mendebaldeko mugalde ezezaguna
Ordunte mendikateak banatzen ditu Euskal Herria eta Espainia, Karrantza haranean; Bizkaia eta Gaztela eta Kantabria arteko muga da. Leku lasaia da, belartsua, ezezaguna, bakartia. Otsoak ere lasai bizi izan ziren eskualde ederra.
Enkarterriko haranak Euskal Herriko mendebaldean daude. Eskualde handia da Enkarterri, hedaduraz Gipuzkoako laurdena ia, baina ez da jende asko bizi, 32.000 lagun baino ez, eta kopuru horretako lautik hiru Balmaseda, Zalla eta Gueñes herrietan, eskualdeko hiru populatuenak.
Lursailez aberatsak dira Enkarterriko haranak, trafiko gutxiko errepide interesgarriz josita daude, eta oso inguru menditsua da. Hegoaldeko muga Ordunte mendikateak marrazten du; Balmaseda gainean jaikitzen den Kolitza ezagunean hasten da eta Burgos eta Kantabriako mugatik 200 metro eskasera dagoen Zalama mendian bukatu.
Zalama ez da gailur alpinoa, belartsua baizik, Ordunteko mendikate ia guztia bezala. Azienda aberatseko lurrak dira hauek: behiak, zaldiak, ardiak, gizaldiz gizaldi ibili dira bazkan Ordunteko belazeetan. Zalama, baina, Bizkaiko hirugarren mendirik garaiena da, 1.341 metrorekin (1.335 beste neurketa batzuen arabera).
Erabat Bizkaiko lurretan dauden mendiak hartuta, bigarrena, Gorbeiak Bizkaia eta Araba partekatzen baititu. Zalama Euskal Herriko mendebaldeko mugalde urrunean dago, eta Euskal Herritik abiatuta haraino iristea ez da samurra. Lanzas Agudas Karrantza haraneko auzotik igo daiteke, baina joan-etorria 25 kilometrokoa da. Egun osoko txangoa, beraz.
Askoz gertuago dago Baljerri, Ordunteko bihotzean. 1.106 metroko gailurra da, baina ordu eta erdi pasatxoan irits daiteke Lanzas Agudas auzotik. Karrantza harana berezia da gauza askogatik, baina mendien izendegian ere bai. Baljerri “g” hizkiarekin idazten dute askok, baina bertakoek “j” balitz bezala ahoskatzen dute. Herritar bati arrazoiaz galdetu, eta eztabaidarako tarterik uzten ez duen erantzuna bota zigun: «Hemen horrela esaten diogu». Are, Euskaltzaindiak berak ere, Baljerri izena hobetsi du.
Igoera erraza da, 700 metroko desnibela Lanzas Agudas auzotik. Herrian bada Ordunte mendikateko mapa bat, handik bertatik abia daiteke txangoa, edo beste 500 metro egin aurrera pista batean. “Baljerri pagadia” jartzen duen seinalearen ondoan utz daiteke autoa, oinez hasi aurretik. Lanzas Agudas izenaren jatorrian bertan lizar geziak egiten zituztela omen dago.
Pagadira iristeko aldapa handi bat igo behar da, pista batetik. Lanzas Agudas auzoa oso behean geratzen da bazterretan lehen pagoak agertzen direnerako, 600 bat metroko langa gainditu ostean. Agertzen direnean, baina, argazki ikusgarria agertuko zaigu begi aurrean. Pago handiak dira, 30 metro luze zenbaitzuk, eta halako magia edo beldur sentsazioa sortzen da, norbaitek zainduko bagintu bezala. Baljerri Bizkaiko pagadi handiena da, eta bisitatxoa merezi du.
Ordunte mendikatean, ura bor-bor
Ur jauzi bat baino 50 metro lehenago eskuinera egin behar da, mendi bide batean barrena, gure eskumara. Seinaleztatuta dago. Negua lehor joan da Euskal Herrian, baina Ordunte mendikateko barrunbeetan ura bor-bor ateratzen da xendara, ≠mendi hauek urtsuak diren seinale. Borda erdi eraitsi bat uzten da ezkerrera, eta, hura inguratuta, Baljerri mendiraino doan xenda igotzen da, ordu erdiz. Erraza, sigi-sagak egiten doan bide belartsua. Breña lepora iristen da azkar, 935 metrora.
Hango nekazari baten ahotan “La Colladita” esaten diote lepoari. Zaldiak eta moxalak omen ditu mendian, eta haien bila igo da quad batean. Lepotik bista ederra da. Baljerri tente agertuko zaigu gure ekialdera, eta 20 minutu eskaseko tartean gailurrera iristeko moduan izango gara. Mena bailara ere bere osotasunean agertuko zaigu. Burgosko lur eremua da Mena bailara, baina baita Bilbo Handiko hainbat bizkaitarren bigarren bizitokia ere, Burgosko Espinosa de los Monteros edo Villarcayo herriak bezala.
Bista ederrak Baljerritik
Batere zailtasunik gabeko belar bidean barrena, eta monumentu megalitikoak gurutzatuz iritsiko gara Baljerri gainera. Mendebaldeko mugaldean, hego-mendebaldeko haizea gogor dabil. Paraje bakartia da oso. Kolitza ikusten da urrunean, eta hegora Ordunte urmaela. Abeltzainak esana, naturak sortutakoa dela, eta urak Bilbo Handia elikatzen duela. Bete samar dago urmaela, lehortea agerikoa izanda ere. Hegora Mena bailara eta Montes de Peña mendikatea ikusten dira. Kantauriko isurialdeko Burgosko bailara bakarra da Mena; zehazki, Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeak banatzen dituen mendikatea da Peña, La Magdalena izenarekin ere ezagutua.
Mendebaldera Zalama agertzen da, eta berau inguratzen duten mendi pista festa. Elur arrasto batzuk geratzen dira Zalaman, Kantauriar mendikateko gailur garaiak oso gertu dituen seinale. Oso gertu baititu. Baljerritik nahiko ondo ikusten da Picon Blanco, txirrindularitzagatik ezagun egin den gailurra, baita Pico de la Miel eta Castro Valnera ezagunak ere. Castro Valnerak 1.717 metro ditu, eta elur dezente dauka gailur aldean. Hain mendi garaia bilatzeko Euskal Herriko beste muturreraino egin behar da ia-ia, Orhi mendiraino.
Lanzas Agudas auzora bueltan, bertako herritar bat ikusi dugu traktoreko gurdian mendiko egur lehorra jaisten, negua bukatu ez den ziur baita. Hark kontatu dizkigu Baljerriko pagadiko sekretutxo batzuk, neguaren gorabeherak, eta behinola Karrantza harana eta Enkarterri otso lurrak izan zirela. Bakarren bat ibiliko dela gugandik oso urrun ez, akaso. Gure burutazioetan, otsoen peskizan, etxerako bidea hartu dugu, badaezpada.