Unai Jorge Fernandez - Salto Training

Jarduera fisikoa, zer da?

Jarduera fisikoaren inguruko sekzio honetan, jarduera fisikoak dakartzan onurez hitz egingo dugu, indar lanaz, adibideak jarriz, mitoak deseginez, gomendioak emanez… espero dugu baliagarria izatea. Jarduera fisikoak gero eta garrantzi handiagoa du gure egunerokotasunean. Izan ere, XXI. mendeko pilula dela esan daiteke eta, antza denez, gizartea horretaz jabetzen hasia da. Pertsonen osasunean milaka onura dituela frogatu da, bai arlo fisikoan (pisua kontrolatzen laguntzen du, gaixotasun kardiobaskularrak urritzen ditu, farmakoen kontsumoa gutxitzen du…), bai psikologikoan (autoestimua hobetu, motibazioa landu, rolak onartu eta errespetatu…), bai sozialean ere (erlazio sozialak sustatzen ditu, talde sentimendua areagotu, harreman berriak sortu…). Baina, oinarrietatik has gaitezen. Zer da jarduera fisikoa? Jarduera fisikoaz hitz egitean, badira egunerokotasunean nahasten ditugun hiru kontzeptu. Jarduera fisikoa, ariketa fisikoa eta kirola. Eta zuk, jakingo zenuke hiru kontzeptu horiek bereizten? Hurrengo lerroetan lagunduko dizugu, era laburrean definituz. Gizakiok, bizirauteko, energia kontsumitzen dugu, une oro, gastu kaloriko bat dugu. Arnasteak, begiak itxi eta irekitzeak, bihotzak lanean jarduteak… gastu bat dute. Bizitzeko ezinbestekoak diren jarduera horiek guztiek eragiten duten gastu energetikoari, gastu kaloriko bitala deritzogu. Atseden egoeran gaudenean, gure gastu kalorikoa minimoa izaten da, energia gutxi behar dugu eserita mantentzeko, esaterako. Jarduera fisikoa, borondatez egiten dugun mugimendua da, atseden egoeran baino energia kontsumo altuagoa izanik. Ariketa fisikoa, antolaturik dagoen jarduera fisiko bat da, helburu bat bitarteko (indarra areagotu, osasuntsu sentitu…). Kirola, aldiz, txapelketa baten inguruan gauzatzen den ariketa fisiko legeztatua dela esan dezakegu. Hortaz, futbolean lehiatzeak, jarduera fisikoaren, ariketa fisikoaren eta kirolaren oinarriak errespetatuko lituzke. Aldiz, hondartzan ibiltzean, jarduera fisikoa egingo genuke, eta, ibiltzea nire entrenamendu prozesuaren barne egongo balitz, helburu zehatz bat lortu nahian (argaltzea), ariketa fisikoa ere izango litzateke, baina sekula ez kirola.