NAIZ

Emakumeek gizonek baino 11-20 minutu gehiago lo egin behar dutela berretsi dute

IMQ klinikak berretsi duenez, emakumeek gizonek baino 11-20 minutu gehiago lo egiteko beharra dute «aldaketa hormonalengatik» eta egunean zehar egiten dituzten lan ugarien prozesamenduan «garuna gehiago» erabiltzen dutelako.

Emakume bat lo, iratzargailua aurrean duela.
Emakume bat lo, iratzargailua aurrean duela. (Andrei_r | GETTY IMAGES)

Loaren Nazioarteko Eguna heltzear dagoen honetan, IMQ klinikak ohar baten bidez gogorarazi du emakumeek, oro har, gizonek baino pixka bat gehiago, 11-20 minutu, lo egiteko beharra dutela. Lo behar gehigarri hau «aldaketa hormonalekin» eta egunean zehar «multitasking» edo egiten dituzten lan ugarien «prozesamenduan emakumeek garuna gehiago erabili izanarekin» lotuta dagoela uste du IMQk.

«Efektu hori azaltzen duten arrazoiak ez daude oso argi, baina badirudi emakumezkoen hormona jakin batzuekin lotuta dagoela. Menarkian, hots, hilekoaren hasieran, eta menopausian hormona horietan aldaketa nabarmenak gertatzen dira, eta horiek loaldiaren zikloei eragin diezaiekete», adierazi du IMQ Virgen Blanca Klinikako Loaren Unitateko arduraduna den Rafael Tellezek.

Izan ere, klinikak adierazi duenez, «hilerokoan emakumeen herenak lo egiteko arazoak ditu». Besteak beste, «kalanbreak, buruko minak eta hantura» dituztelako. Era berean, klinikak ohartarazi du menopausian «emakumeen %85ak» beroaldiak izaten dituela eta horrek gauez izerditan esnatzea eta loaren etetea eragiten duela maiz, «atsedenaren kalitatea hondatuz».

Aurreko faktoreei adituen hipotesi bat gehitu die Tellezek: «Esnaldian gehien aktibatzen diren garunek gehiago behar dute loaren atseden indarberritzailea orekatzeko. Eta badirudi emakumeak gehiago egoten direla egunez lan ugari egiten  gizonak baino. Egiaztatuta dago, halaber, emakumeak ahulagoak direla loaren nahasmenduen aurrean gizonak baino».

Aurrekoarekin lotuta, «egiaztatu da emakumeek gizonek baino %40 probabilitate gehiago dutela insomnioa izateko, eta ia bikoitza, antsietatea eta depresioa izateko, nahasmendu horiek insomnioarekin hertsiki lotuta baitaude», plazaratu du IMQk.

Bikoteak, ohe ezberdinetan

Loaren kalitateari lotuta, IMQk «logelako dibortzioa» mahaigaineratu du. Teoria honen arabera, bikoteek ohe berean lo egiteko ohitura duten arren, kasu batzuetan ez litzateke atsedenaldi optimorako metodo egokiena izango.

«Erakunde batzuek, hala nola Better Sleep Councilek, azterlan batean adierazi dute lau bikotetik batek nahiago duela bakoitzak bere ohean lo egitea. Esparru anglosaxoian egoera horri ‘sleep divorce’ edo logelako dibortzioa esaten zaio; hots, logela berean bakoitzak bere ohean ala logela bereizietan lo egitea, batzuetan zurrungak baitira arazoa», azaldu du Tellezek.

Loaren adituak adierazi du ohe bereizietan lo egitea ez dela «gauza berria» eta bikoteei «hobekuntza» ekarri diezaiekela gaueko atsedenaldian. Hala ere, ohartarazi du bikotekidearekin honen inguruan argi hitz egitea nahitaezkoa dela, bestela «nahi ez diren ondorioak» eragin ditzakeela.