Osteopatia eta fisioterapia, gorputzaren osasunean lagungarri
Osasuntsu egoteko gakoetako bat da zaintza, bereziki, mina edo gaitza saihesten ahalegintzeko egiten dena. Ibilgailuaren gutxieneko mantenua egiten dugun bezala, ohitura aproposa litzateke gure gorputzarekin gauza bera egitea. Hala ere, maiz, kaltea egina dagoenean jotzen dugu profesionalengana.
Minak zerbait ondo ez dagoela adierazi ohi du eta irtenbidea bilatzeko, jatorria topatzeaz gain, sendatzen lagunduko duen profesional egokia aukeratzeak ere berebiziko garrantzia du. Arazoak giharrei, hezurrei edo ehunei eragiten dienean, nora jo? Osteopata eta fisioterapeuten lan arloa da hori. Biek ala biek esku har badezakete ere, aldea bada. Horren gainean gehiago jakiteko asmoz, Raul Iparragirrek eta IgorUnanuek Donostiako Antigua auzoan duten Sasoi kontsultako atea jo dugu.
Fisioterapiako Munduko Batzarraren arabera, diziplina honen helburua norbanakoaren gehienezko funtzionalitatea eta mugikortasuna garatzea, mantentzea eta birgaitzea da. Alor honetan dihardutenak osasun alorreko profesionalak dira. Fisioterapia gradua ikasi eta kolegiatu egin behar dute lan egin ahal izateko.
Osteopatia, berriz, espezializazio bat da. Aurrez osasun alorreko ikasketak dituztenek 1.500 formakuntza ordu baino gehiago osatuta eta bestelako ikasketak dituztenek 5.000 orduko prestaketa eginda eskura dezakete. Iparragirrek eta Unanuek ez dute beste diziplinekin alderaketarik egin nahi eta horrela azaldu dute: «Osasuna hobetu eta berreskuratzeko beste diziplina bat da osteopatia, gainerakoen osagarria».
Azken batean, osteopatak «pazientearen osasunean laguntzaileak» dira, pertsona osasuntsuago egoteko «bidelagunak», alegia. Fisioterapiaren aldean, osteopatiak ikuspegi orokorragoa du. Pazienteak dakarren sintoma artatzeaz gain, egoera horren arrazoia ulertzen ahalegintzen dira profesionalak, izan ere, sorburu edo zergatietan esku hartzeak hobetzea ekarriko du, sintomak arintzea.
Gorputzeko sistema guztiek elkarren artean erlazioa dute eta baten disfuntzioak bestearen funtzionamenduari eragin diezaioke. Horregatik, garrantzitsua da mugikortasuna galdu duten edo murriztua duten ehunei hura hobetzen laguntzea, gorputzaren funtzionalitatea berreskuratzen laguntzea. Gainera, osteopatiaren barruan hiru adar banatu ohi dira: estrukturala, biszerala eta kraneala. Osteopatak abordatze bat edo beste lehenetsiko du paziente bakoitzaren tipologia eta unean duen disfuntzioaren arabera.
Minari nola heldu da gakoa
Profesionalek argitu dutenez, zaila da zehazten zein patologiarekin joan behar den baten edo bestearen kontsultara. Esaterako, kolpe bat izan bada, fokua min hartutako puntu horretan dago eta fisioterapeutak ikuspegi lokalagoa izan dezake. Aldiz, lesio beraren sintomekin hiru hilabete geroago joanez gero, fisioterapeutak sendatzen lagun dezake, baina osteopatak modu zabalagoan artatuko du. Iparragirreren ustez, bien arteko aldea ikuspegian, irakurketan dago.
«Osteopatak gorputza sistema askoren sistema bezala ikusten du; eta fisioterapeutak gehiago tratatzen du sintoma. Osteopatak jatorria eta osotasuna bilatzen du». Traumatismo bat edo zerbait zuzena pairatu dutenean izan ezik, min horren arrazoia «gorputzak duen autoerregulazio gaitasuna ezinduta edo gutxituta gelditu izana delako. Hau da, hainbat faktore kaltegarri gehitu direlako eta gorputzak ezin dituelako ondo kudeatu». Hortaz, osteopatiak gorputzak duen berezko autoerregulazio gaitasunari laguntzen dio.
Zer eta nola esku hartu erabakitzeko, kontsultara iristen den lagunari zergatik eta zeren bila datorren galdetuko diote. Ondoren, prozedura nahiko antzekoa izaten dela azaldu dute; ia paziente guztiei galdetegi bat eta test zehatz batzuk egiten dizkiete. Esplorazioaren ondoren, kontatutakoa eta ikusitako batu, lotura bat egin eta tratamendua erabakitzen dute.
Adin guztietako pertsonentzat egokia da, hiru asteko jaioberrietatik adinekoetara. Printzipioz, tratamenduak ez du mugarik, nahiz eta aitortu, batzuetan bidea hori den neurtu behar dutela. «Identifikatzen jakin behar duzu esku artean duzun hori sartu behar ez duzun zerbait den, pazientea medikura, urgentzietara edo beste profesional batera deribatu behar duzun».
Esku hartu beharrean, aurre hartu
Minarekiko tolerantzia maila pertsona batetik bestera asko aldatzen da, baita hura agertzen denean dugun jokabidea ere. Batzuek berehala eskatzen dute laguntza, beste batzuek, aldiz, nahiago izaten dute itxaron ea bere kabuz hobetzen den. Blokeo bat edo min bat adierazgarriak dira, ondo ez dagoen zerbaitena, noski. Haiek agertzean esku hartzea da ohikoena, baina egokiena, akaso, aurre hartzea litzateke.
Sasoi Fisioterapia eta Osteopatiako Igor Unanuek eta Raul Iparragirrek azaldu dutenez, orokorrean, bezeroek beraiengana jotzeko arrazoien artean ohikoenak bizkarreko eta lepoko minak edota estresari lotutako buruko minak dira. Azken boladan kirola egiten «marra gorria pasata» dabilen jendea ere ikusten dute. Unanuek zehaztu duenez, «badago profil bat modan jarri dena, gero eta gehiago egitea, gorputzari asko exijitzea eta atseden gutxi hartzea».
Ildo horretatik, polita iruditzen zaie prestaketa fisikoan edo errehabilitazioan diharduten profesionalekin harremana izatea, batak bestearen lana osatzen duelako, eta ondorioz, askotan, kirolariaren errendimendua hobetu dezaketelako elkarrekin. «Gehiegi entrenatzeak arazo batzuk ditu, ordu gehiegi inbertitzen dituzu probetxu gutxiago ateratzeko eta lesiotik gertuago egoteko».
Aurre hartu edo mantenua egitera joateko ohitura ere hazten ari da. Alegia, lehen saiora mina dela-eta joan ziren pazienteak eta, on egin zienez, noizean behineko zerbait bihurtu dutenak, «hobeto sentitu nahi dutelako». Prebentzioaren bidetik doan jarrera hori dela «egokiena» uste dute.
Hala ere, ez dago denentzat aproposa den formula magikorik. Gorputz bakoitzaren genetika, bizitza erritmoa, ingurunea, kirol karga eta bestelako aldagai batzuen arabera beharrak «oso desberdinak» dira. Subjektibotasun hori azaltzeko Igor Unanuek aipatu du hainbatentzat urtean bitan joatea prebentzio «nahiko txukuna» izan daitekeela; beste batzuk, aldiz, astero joan daitezke kontsultara baina egiten ari direna «aski» ez dela pentsa dezakete, «ez delako esku-ohean konpondu beharreko zerbait. Sostengu txiki bat emango diozu –dio Igorrek–, baina irtenbidea ez dago zure esku, kirol edo lan gehiegi egiten duelako, edo egoki jaten ez duelako».