Oihane Irazu

«Surfa onuragarria da garapen emozionalarentzat»

Aitor Santisteban surflari eta irakasle bizkaitarrak itsasoko kirolak osasunean duen eragina aztertu du eta natur ingurune batean egiteak «errutinatik ateratzeko» duen balioa nabarmendu du

Aitor Santisteban, Deustoko Unibertsitateko gela batean.
Aitor Santisteban, Deustoko Unibertsitateko gela batean. (NAIZ)

Aitor Santisteban Legina, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua, gaur egun Deustuko Unibertsitateko irakasle da. 33 urteko bakiotar hau beti egon da surfaren munduari lotuta eta surfa dauka bere bizitzaren ardatz. Berak dioen bezala, apur bat «obsesionatuta» dago surfarekin eta bere errutinan beti dago tartetxo bat Bakioko uretara sartzeko, «behintzat ordu erdi».

Orain dela bost urte aurkeztutako tesiaren ardatza ere surfa izan zen, itsasoko kirol honek osasunean duen eragina aztertu baitzuen sei urtetan zehar. Tesiak bikaintasun kalifikazioa lortu zuen, “Cum laude” tituluarekin, eta horren ondotik hainbat hitzaldi eskaini ditu, orain dela gutxi Donostiako zientzia ziklo batean.

Entrenatzaile moduan ere urte asko egin ditu –tartean Basque Teameko kirolariekin–, baina hasi zenean gabezia asko ikusten zituela azaldu digu: «Zelan entrenatuko dut ez baldin badakit zer gertatzen den fisiologikoki sistema kardiobaskularrean uretan sartzerakoan?». Hau da, bihotz maiztasunaren egoera aztertu beharra ikusi zuen bere lana ondo egiteko.

Hilabete horietan, mila gauza aurkitu zituen aztertzeko, eta tesia gai horri buruz egitera animatu zen. Irakasle batekin hitzegin ondoren, “Surfa praktikatzen duten kirolari ez profesionalen ezaugarri morfologiko, fisiologiko eta teknikoak” izeneko tesia sortzeari ekin zion. Surfa jarduera fisikoaren barnean sartuta dagoenez, abantaila fisiologikoak eskaintzen ditu eta zahartze prosesua atzeratzen du, beste edozein kirolaren moduan. Baina Aitorrek sei urte buru belarri egon eta gero ondorioztatu zuenez, surfak daukan eta beste kiroletatik ezberdintzen duen ezaugarria da natur jarduera dela. Eta natur jarduerekin gertatzen dena da onuragarriak direla garapen emozionalarentzat. Horren xehetasunak azaldu ditu ia 200 orrialdeko tesian.

Surflari egokiak bilatu

Tesia egiteko, baldintza batzuk betetzen zituzten surflariak aurkitu behar izan zituen. Ez zen oso erreza izan, hiru baldintza bete behar baitzituzten: urtean zehar surfa zortzi hilabete baino gehiago praktikatzea, kirol hori praktikatzeagatik beste bat bertan behera uztea, eta beste kirolen artean surfari lehentasuna ematea.

Sare sozialetan eginiko galdeketa baten bidez zabaldu zituen hiru galdera horiek eta, Aitorrek onartu duenez, ekimenak eragin handia izan zuen. Ia 300 erantzun jaso zituen, baina horietatik %8k bakarrik erantzun zien baietz hiru galderei. Hala ere, 80 surflariekin jarri zen harremanetan, eta azkenean 20rekin geratu zen.

Frogak eta prosezua egiterakoan zailtasun batzuk topatu zituen: batzuk lesionatu egin ziren eta ezin izan zuten prosezua jarraitu, beste batzuk kanpoan geratu ziren proben epeak ezin izan zituztelako bete, eta abar.

Beste parametro zehatz batzuk aztertzeko, surflariak pultsometro batekin sartu behar ziren uretara haien bihotz taupaden maiztasuna aztertzeko, eta batzuk baztertuta geratu ziren pultsometroak sortutako akats teknikoengatik. Azkenean, aipatutako 20 kirolariekin geratu zen, eta zortea izan zuela aitortu digu, froga baten adierazgarritasun muga 18 pertsonatan baitago.

Froga horiekin batera, Aitorrek surfaren historia ezagutu eta aztertu du ondorioak ateratzeko. Azaldu duenez, orain dela mende asko, surflariak bakarrik egiten zuten surfa, eta gaur egun, surflariak, atletak dira, futbolariak, saskibaloi jokalariak eta beste hainbat kirolari profesional bezala.

Aitorrek zehaztu duenez, surflariaren garapena bost puntutan oinarritzen da: gaitasun fisikoak (indarra eta erresistentziaren arteko oreka); trebetasun teknikoak (batzuk esaten dute «edo jaiotzen zara edo egiten zara», hau da, asko entrenatzen baduzu lortuko duzu eta beste batzuk gutxi eginda  lortzen dute hainbeste entrenamendurik gabe, badaukatenez talentu hori); gaitasun kognitiboak (zer gaitasun duen surflari horrek erabakiak hartzeko); gaitasun emozionalak (egoera kritiko batean, adibidez olatu handi bati zelan aurre egiten diozun); gaitasun sozialak (surfa egiten duzunean portaera dohitu egin behar duzu, eta gaitasun soziala beste surflariekin).

Gaitasun guzti horien artean, Aitor Santisteban fisiko eta fisiologikoetan zentratu zen. Parametro ugari neurtu zituen: oxigeno maila, bihotz maiztasunak makinetan eta uretan 60 minutuko saioetan…

Ondorio askoren artean, ikerketak argi utzi zuen surfa onuragarria dela gizakion garapen emozionalarentzat, batezere naturan egiten den kirola delako. Aitorrek gehiago zehaztu digu ezaugarri hori: «Gure garuna ez da erreztasunez deskonektatzen kirola naturatik kanpo egitean». Eta hori da, hain zuzen, ondorioztatu duena: «Surfak duen ezaugarririk onena, errutinatik asko ateratzen zaituela da, lanetik edo ikastetxetik natur inguru batera joaten baitzara. Eta hori osasun psikologikoarentzat oso onuragarria da. Baita ere, noski, enborra eta giharrentzako, igeriketa ere egiten baita».