Alaia Sierra

Bilbao Orkestra Sinfonikoak denboraldi «eklektikoa» eskainiko du urritik aurrera

Bilbao Orkestra Sinfonikoak programazio anitz eta «eklektikoa» prestatu du datorren denboraldirako. Esate baterako, zinema, musika, txotxongiloak eta antzerkia uztartuko dituzte 34 kontzertutan, musika «kontsolamendu» delakoan.

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren musikariak.
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren musikariak. (BOS)

BOSen 2022-2023 denboraldiak hainbat diziplina artistiko nahastuko ditu urritik ekainera iraungo duen programazioarekin, antzerkia eta zinema, besteak beste. Mendeurrenaren ospakizunaren baitan, Udal Bandarekin lankidetza, Andres Isasiren obra eta Gabriel Erkorekaren pianorako kontzertuaren estreinaldia nabarmentzen dira 34 kontzertuz osatutako programan.

Musika «kontsolamendu» gisa da datorren denboraldi honen ardatza. Alderdi hori azpimarratzeko Brass for Africa ongintzarako erakundearen musikariak ekarriko dituzte Bilbora. Ruanda, Uganda eta Liberiako gazteekin lan egiten du erakundeak marjinaziotik eta pobreziatik aldentzeko.

Horretaz gain, «etorkizunera begira» egongo den denboraldia izango da. Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputatuak adierazi duenez, «kontsolamenduz, lasaitasunez eta artearen aldeko emozioz betetako denboraldia da. Gutxienez beste 100 urtez BOSez gozatu ahal izatea espero dugu, ikur kultural erreferentziala izatea nahi dugu eta».

Erik Nielsen Zuzendari Titularrak mendeurrena oraindik ez dela bukatu azpimarratu du, eta denboraldi berriak ospakizunen energia bera jarraituko duela baieztatu du. Bide batez, 100 urteak oroitzeko erronkarik handiena aste honetan eman den ‘Siegfried’ lana zuzentzea izan dela zehaztu du.

Programazioan ‘Lord of the Rings’ pelikularen inguruko emanaldia nabarmentzen da ere bai. Honetan, Bilboko Koral Elkartearen eta Bilboko Koral Elkartearen haurren ahotsek musikatuko dute filma.

Ibon Aranbarri BOSen Zuzendari Orokorrak azpimarratu duenez, «proposamen berritzaileak ezagutzeko aukera emango du denboraldi honek, hainbat gauza uztartzen dituelako. Orkestrako giza taldearen lanaren ondorioa da, gainera».

Normaltasunerantz

Pandemiaren aurreko ikusle kopurura bueltatzeko beste bi denboraldi beharko direla aurreikusten dute zuzendariek. Hala ere, datorren honetan jarduera «apurtxo bat» haziko dela espero dute. Aranbarrik azken urteotako ikusleen jaitsiera «nabarmena» gogorarazi du, baina «erreferente bihurtzeko etorkizunera begira» daudela azpimarratu du.

Denboraldia osatzeko, Bizkaian zehar hainbat hitzordu prestatu ditu BOSek. Momentuz Getxon, Santurtzin, Lekeition, Gorlizen eta Durangon eskainiko dira kontzertuak. Bizkaiatik kanpo Iruñean eta Donostian izango da Bilbao Orkestra Sinfonikoa.

Sarrerak

Etorkizunera begira hobetzeko konpromisoarekin batera sarrerak erosteko plataforma digital berri batean lanean ari direla jakinarazi dute zuzendariek. Halaber, ikusle mota guztiei egokitzeko sarrera mota desberdinak aurkeztu dituzte.

Abonu mota desberdinetaz gain, gazteentzako sarrera bereziak eta familia ugarientzako, taldeentzako eta langabeentzako deskontuak gogorarazi dituzte.