Aurreko batean gantzaren inguruan hitz egin genuen eta gai horri helduko diogu gaur ere. Gaur egun mundu mailako arazo bilakatzen ari dela esan dezakegu, epidemia estatusa lortzeraino. Gehiegizko pisuaren eta obesitatearen bilakaeraren kontrola galdu da; Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) dioenez, 1975. urteaz geroztik obesitatea hirukoiztu egin da mundu mailan. Hain zuzen, 2020. urtean Europak eginiko osasun galdetegiaren arabera, Espainian 18 urtetik gorako gizonezkoen %16,5ek eta emakumezkoen %15,5ek obesitatea dute. Hori gutxi balitz bezala, gizonezkoen %44,9k eta emakumezkoen %30,6k dute gehiegizko pisua.
Adingabeei erreparatuta, egoera ez da hobea. OMEren esanetan, 1975. urtean eginiko ikerketa batek ondorioztatu zuen adingabeen %4k zutela gehiegizko pisua eta %1ek, obesitatea. 2016. urtean, ordea, datu horiek gora egin zuten: %18k zuten gehiegizko pisua eta %7k, obesitatea. OMEk espainiar Estatua Europako bigarren postuan kokatzen du, gehiegizko pisuari eta obesitateari dagokienez, mundu mailan arrisku handiena duten estatuen maila berean jarriz.
Arazo hauen oinarria egunean zehar kontsumitutako kalorien eta gastatutako kalorien arteko desoreka da; kontsumoa gastua baino handiagoa izatea, alegia. Bizitzeko behar ditugun kaloriak baino gehiago hartzen dugu, eta poliki-poliki pisua gehitzen joaten gara. Alde batetik, osagai nagusitzat gantza duten elikagaiak janez kaloria gehiegi hartzen ditugu. Bestetik, gero eta jarduera fisiko gutxiago egiten dugu, lan sedentarioak, garraio modu berriak eta hiritartzea direla medio.
Egoera kezkagarria da; izan ere, adituen esanetan, obesitate larria duen pertsona baten bizi itxaropena hamar urte txikiagoa da. Jakina denez, obesitateak zenbait gaixotasun dakartza berarekin: 2 motako diabetesa, hipertentsioa, dislipidemia (kolesterol eta triglizerido maila altuak), miokardio infartuak, minbizia (bularrekoa, kolon eta ondestekoa, uterokoa, prostatakoa…), osteoartritisa, loaldiko apneak...