Lan aitzindaria da Europako Hegazti Migratzaileen Atlasa kontinentean, ez baitago hegaztien migrazio ibilbideei buruzko informazio hain zehatzarekin aldera daitekeen ekimenik. Atlasa egiteko datuak eman dituzten bulegoen artean Aranzadiko Eraztun Bulegoa dago.
Migrazio bidaiez gain, hegazti espezie bakoitzerako egindako fitxak ere kontsulta daitezke migrationatlas.org webgunean. Fitxa horietan, populazioen egoera, joera eta mehatxuak jasotzen dira.
Ezagutzaren eta kontserbazioaren aldeko lan altruista
Plataforma digital honek hegaztiaren egoera ere erakusten du berriro atzemateko unean. Juan Arizaga Aranzadiko Eraztun Bulegoko zuzendariak adierazi duenez, «oso deigarria da ikustea 1960. urtea baino lehen berriz harrapatzen zituzten hegaztiak hilak edo ehizatuak izaten zirela. Orain joera alderantzizkoa da, eta ornitologiaren munduarentzat pozgarria da ikustea horietako gehienak eraztunak jartzeko kanpainetan ikusten eta berreskuratzen direla».
Bere ustez, mota honetako ikerketek «hegaztien eraztuntze zientifikoaren lan handia eta horien motor nagusia, naturaren ezagutzaren eta kontserbazioaren alde modu altruistan lan egiten duten eraztungileak, baloratzen dituzte».
Lan honen balio handienetako bat izan da, halaber, plataforma ahalik eta osatuena izan dadin lagundu duten Europako hainbat zientzialari bateratzea. Arizagak nabarmendu duenez, «ezinbestekoa izan da ornitologiaren munduan lan egiten dugun guztiok Europa mailan bateratzea».
2024an, Aranzadiko Eraztun Bulegoak 75 urte beteko ditu, eta zuzendariak etorkizunerako proiektu berriak iragarri ditu. «Bulegoaren mugarrietako bat Euskadiko hegazti migratzaileen atlasa argitaratzea izango litzateke; dagoeneko martxan dagoen lana», agertu du.