Entrenamendu saio batek hainbat atal ditu, entrenamenduaren helburuaren arabera bana daitezkeenak, baina, oro har, hiru atal bereiz daitezke: berotzea, entrenamenduaren atal nagusia eta lasaitasunera itzultzea. Oraingoan, beroketari buruz hitz egingo dugu; horren garrantzia nabarmenduko dugu, eta azaldu, nola bideratu daitekeen saioaren helburuaren arabera. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da saio baten aurretik, edozein dela ere, entrenamenduaren helburura egokitutako beroketa egitea. Saio bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta sistema muskulu-eskeletikoak zein aparatu kardiobaskularrak horretara egokitzeko prozesu berezi bat behar dute. Horrela, beroketa egokia eginda, geure giharren tenperatura igoko dugu, eta nerbio konexioen kopurua eta horien abiadura handitu. Sistema kardiobaskularrean ere aldaketak gertatzen dira; basodilatazioa eta bihotz-maiztasuna areagotuz, giharretara odol fluxu handiagoa iritsiko da eta, horrela, oxigeno gehiago izango dugu energia lortzeko. Ondorioz, gorputzaren tenperatura igotzen da, eta, prozesu honen ondoren, bai giharrak bai sistema kardiobaskularra prest egongo dira estres egoerei aurre egiteko, lesioak ekiditeko eta errendimendu maila handitzeko.
Bestetik, ezinbestekoa da beroketa hori ondoren egingo dugun jarduera motara egokitzea. Korrikaldi lasai bat egiteko asmoa badugu, horrek duen inpakturako prestatu beharko ditugu gure behe ataleko artikulazioak; aldiz, indar lana egitekotan bagabiltza, muskulaturak gradu zehatz batean tentsio maila altua jasan behar du denbora batez eta, beraz, beroketa tentsio horietara bideratutakoa izan beharko da; eta amaitzeko, bizikleta-arrabolean (rodillo) VO2Max-eko serieak egin behar baditugu, muskulu-zuntz azkarren eskaera handia izango dugu eta, horretarako, giharren tenperatura eta nerbio sistemaren aktibazio egokia izan behar dugu aldez aurretik.
Laburbilduz, beroketa gero egingo dugun erronkarako prestakuntza da, errendimendua hobetzeko eta lesioak ekiditeko eta jardueraren beraren eskakizunetara egokitutakoa izan behar du.