NAIZ

Euskal enpresek espazioko norgehiagokan parte har dezaten proiektua jarriko da martxan

Teknikerrek gidatutako Hiperion proiektuak euskal enpresetako I+G indartzeko xedea du, pil-pilean dagoen norgehiagoka espazialean euren aletxoa jarri ahal dezaten. Izan ere, martxan dauden misioei laguntzeko teknologia garatzea da Hiperionek ematen duen aukeretako bat.

Teknikerren teknologiak Ilargia eta planetak behatzeko balioko du.
Teknikerren teknologiak Ilargia eta planetak behatzeko balioko du. (Tekniker)

Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide denak, industria espazialari lotutako Hiperion proiektua gidatuko du. Honakoak euskal enpresen I+G indartzea du xede, industriaren zenbait eragileren ezagutza eta esperientzia elkartuz, etorkizuneko misio planetarioen premia zientifiko eta teknologikoei erantzungo dieten teknologia eta teknika berriak garatzeko asmoz.

Izan ere, egun nazioarteko agentzia espazialen arteko lankidetza ohikoa da, hala nola, Europako Espazio Agentziaren (ESA), NASAren edo Esplorazio Aeroespazialeko Agentzia Japoniarraren (JAXA) artekoa. Ilargian eta Marten gizakien eta roboten esplorazioa eta ikerketa zientifikoko misioak oinarri dituzte, eta horren adierazgarria da, NASA eta ESAren arteko lotura, Artemis programaren bidez –hamarkada honetan astronautak Ilargira eraman nahi dituzte–.

Norgehiagoka espazial horretan Euskal Herriak txoko bat izan dezan sortu da Hiperion proiektua.

Egiturak eta instrumentazio konplexua

«ESAren plan teknologikoak eta sektoreko euskal enpresek eskatzen duten teknologia espazial berria sortzen eta transferitzen lan egingo dugu», azaldu du Borja Pozo Teknikerreko arlo espazialeko koordinatzaileak.

Teknikerrek esperientzia handia du teknologiaren garapenean, eta bere gaitasunak eskainiko ditu fabrikazio gehigarrian, materialetan eta osagaietan, elektronikan eta kontrolean, metrologian, robotikan, egituretan eta instrumentazio konplexuan, euskal enpresek norgehiagoka espazial berrian nazioartean duten kokapena hobetzeko irtenbideak diseinatzeko.

Gainera, proiektuaren esparruan garatutako punta-puntako teknologia hainbat sektoretara esportatu ahal izango da (medikuntza, industria, energia, automobilgintza, etab.), eta horrek I+G eta bertako enpresen lehiakortasuna indartuko ditu.

«Teknologiaren eta zientzia espazialaren ezaugarri nagusiak muturreko inguruneetan dituzten fidagarritasun handiaren eta pisu txikiaren eskakizunak dira, eta horrek benetako ingeniaritza-erronkak planteatzen ditu. Erronka horiek ebatziz gero, irtenbide teknologikoak eguneroko aplikazio berrietan eta merkatu zabaletan ezarri ahal izango dira, lehiakortasun teknologikoa indartuz», adierazi du Teknikerreko ikertzaileak.

Planeta eta ilargi-miaketako misioak

Industria-eragileen partzuergoak prestatutako garapenen artean, NASA eta ESAren artean misio espazial bateratua egiteko etorkizuneko tresna bat ikertzea dago, hain zuzen ere ingurune izoztuak dituzten Ice Giants deituriko planetetara (Urano eta Neptuno).

«Teknikerren, bi planeten konposizio kimikoa eta tenperaturak neurtzeko balioko duen tresnaren optika egokigarriaren ardura hartu dugu. Horretarako, leiar estaliekin lan egiten dugu. Leiar horiek espektro anitzeko iragazkiaren lana egin eta mekanismoak erabiltzea saihestuko dute, huts egiteko aukera murriztuz», erantsi du Teknikerreko adituak.

Halaber, zentroa kontrol termiko adimenduneko eta moldagarriko sistema bat garatzen ari da, espazio-ontzien barruko tenperatura kontrolatzeko elektronika malguan oinarritua, bai eta aztarna magnetiko txikiko mekanismoak ere, espaziotik grabitazio-uhinak behatzeko LISA misio zientifikoan aplika daitezkeenak, eta planeten arteko laser bidezko komunikazio optikoen sistema bati buruzko azterlan bat, hain zuzen ere Lurraren eta Marteren artekoa.

Ilargiaren hautsaren kontrako estaldura antiestatikoak

Teknikerrek, bestalde, Hiperion proiektuaren zerbitzura jarri du Ilargia aztertzeko Ilargiaren hautsaren kontrako estaldura antiestatikoak aztertzeko funtzio anitzeko gainazaletan duen ezagutza ere. Eta in-space mihiztaduraren erronka ere landu du robotika bidez, eta satelite horretan egiturak eraikitzeko simulazioa egin du, ingurune- eta grabitate-baldintzak kontuan hartuta.

Gainera, beste ikerketa-ildoetako bat VIS/NIR Espektroskopia teknikaren bidez atmosfera planetarioak aztertzea izan da, egungo planeta-behaketarako tresnak hobetzeko xedez.

Tekniker buru dela eta 2022ko abenduan amaitzea aurreikusita, Hiperion da Eusko Jaurlaritzaren Elkartek programaren espazioari buruzko lehen proiektua. Elkartek espazioari buruzko proiektua da, oso-osorik. Beste zentro eta unibertsitate batzuek ere parte hartzen dute proiektuan, baita sektoreko enpresa eta entitateek osatutako aholku-batzordea duen partzuergo batek ere.