NAIZ

Euskarazko diktaketa sistema bat garatuko dute ezgaitasuna duten haurren eskolatzea errazteko

ASKHEZI proiektuaren bidez idazlanak ordenagailuari hitz eginez idatzi eta zuzendu ahal izango dituzte ezgaitasunak dituzten ikasleek. Bi urteko lana aurreikusi dute, baina identifikatuta dauzkaten hainbat haurren beharrei erantzuna emango zaie lehenbailehen.

ASKHEZI proiektua aurkeztu dute, ezgaitasuna duten haurren eskolatzea errazteko.
ASKHEZI proiektua aurkeztu dute, ezgaitasuna duten haurren eskolatzea errazteko. (ORAI)

Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Sortzen Elkarteak, Languneren aholkularitzarekin batera, eta Orai NLPren gaitasun teknologikoari esker, ezgaitasunak dituzten haurren euskarazko ikasketa prozesuan oso baliagarria izango den euskarazko ahots diktaketako sistema bat garatuko dute.

«Hizkuntza eta ahots teknologiak oso baliagarriak dira hezkuntzaren munduan ikasle guztien inklusibitatea lortzeko bidean», nabarmendu dute ohar baten bidez.

Azaldu dutenez, ikastetxeetako egunerokoan erabiltzen diren sistema eragileek ofimatika programek edo sareko zerbitzu gehienek hizketaren sorkuntza, itzulpen automatikoa eta ahotsaren ezagutza automatikoko sistemak «integratuta» dituzte, baina horietako gehienak ez dira euskaraz erabilgarriak eta «hobekuntza teknologiko nabarmena behar dute».

Hori dela-eta, azken urteetan, LANGUNEko (Hizkuntzen Industriaren Elkartea) kide diren hainbat erakunde eta ikerketa zentrok —horien artean Orai NLP Teknologiak—hizkuntza eta hizketa teknologietan lanean aritu dira: Irakurle Digitala, Elia.eus eta Aditu.eus bezalako proiektuak garatuz. «Hala ere, sistema hauek bi hutsune nagusi dituzte ezgaitasunak dituzten ikasleek erabiltzerakoan. Alde batetik, ez daude haurren ahotsekin funtzionatzeko prestatuta eta horren ondorioz akats asko agertzen dira transkribatutako testuetan. Bestalde, ez dute transkripzioan agertzen diren akatsak hizketaz zuzentzeko aukerarik eskaintzen», nabarmendu dute.

Horrenbestez, ASKHEZI (Hezkuntza Irisgarria Ikasleei Egokitutako Hizketa Ezagutzaile Aurreratuen Bidez) proiektuaren bidez «idazlanak ordenagailuari hitz eginez idatzi eta zuzendu ahal izango dituzte». Horretarako, haurren ahotsen grabaketak egingo dira Orai NLP Teknologiak langunearen hizketa ezagutzako sistema ikasleen ahotsekin trebatzeko, eta, plataforma baten bidez, diktaketarako funtzionalitate gehigarriak izango dituzte, zuzenketak ere ahotsez egin ahal izateko.

Ahotsen grabaketak urrian hasiko dira Euskal Herri osoko hainbat ikastola eta eskola publikotan. Proiektua osorik aurrera eramateko lan taldeak bi urteko lana aurreikusi du. Hala ere, identifikatuta dauzkaten hainbat haurren beharrei erantzuna emango zaie lehenbailehen, proiektua guztiz amaitu baino lehen, hizketa sintesiko teknologia baliatuta.

Eragileek ‘Euroeskualdeko hiritartasuna’ proiektu-deialdiak emandako diru laguntza jasoko dute proiektua martxan jartzeko. Deialdiak kultura, hezkuntza eta gazteria, eleaniztasuna eta gizarte erronka gaiei buruzko proiektuak eta aktoreak finantzatzea ahalbidetzen du.