«Zutunik nago, zuri lorak eskeintzen» dio ‘Lorak eskeintzen’ kantaren letra zirraragarriak, pertsona batek hildako lagunaren hilobi aurrean esaten duena. Oraingoan, Puerto Ricoko 80ko hamarkadako saltsa erromantikoan oinarritzea erabaki dute taldekideek, cover patxadatsua eta liriko samarra egiteko.
‘Lorak eskeintzen’ abestian, Charlie Valencia kolonbiarrak lehen aldiz abestu du abesti oso-osoa euskaraz, ondoan koroa, pianoa, baxu elektrikoa, congak, tinbalak, bongó-a, kanpaia, marakak eta hiru tronboi dituela lagun. Ekoizpen-lanak Julen Leuza, David Lotero eta Pacho Ocorok egin dituzte, eta Josu Ervitik grabatu du abestia Erviti Estudioan. Eta, abestiarekin batera, Sutxartek egindako lyric video loredun bat ere kaleratu dute.
Goxua'n Salsa taldea 2020ko urtarrilean sortu zen Iruñean, kulturen arteko lotura berriak bilatzeko eta saltsa eta musika latinoa euskaraz egiteko asmoz.
Orkestra kolonbiar-nafarrak 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan New Yorken, Kolonbian eta Puerto Ricon egiten zen saltsa klasikoa interpretatzen du, baina letretan ukitu berritzaile bat emanez; izan ere, genero horretan orain arte sekula ez bezala, euskaraz abesten baitute.