NAIZ

Landare-jatorriko haragiari buruz jakin beharrekoa

Geroz eta gehiago ari da zabaltzen landare-jatorriko haragia. Merkatuan zein aldaketa klimatikoan eragin zuzena duten produktuak dira. Baina ba al dakigu zerez osatuta dauden?

Haragi-begetalez egindako hainbat jaki
Haragi-begetalez egindako hainbat jaki (Getty images)

Haragia ordezkatzen duten produktuek (haragi begetarianoa edo beganoa) munduko supermerkatu guztiak hartu dituzte. Ekologistek goratu egin dute aldaketa klimatikoaren eta elikagaien xahubidearen irtenbidea izan daitekeelako; nutrizionistek, berriz, onuren inguruan ezer gutxi esaten dute.

Zer da?

Haragi begetarianoa landare-jatorria duten produktuekin egina da. Hanburgesa forma izaten du askotan, eta sojatik zein tofutik eratorria izan ohi da. Batzuetan, oilasko xerren forman egina ere izaten da.

Horrelako jakien azken bertsioek sintesi-osagaiak dituzte, hemoglobinatik eratorritako hemoa adibidez, eta «odol-zaporea» emateko erabiltzen da.

Jakien beste bertsio batek nekazaritzako elikagaien industriaren alde egiten du: laborategian sortutako haragiak dira; animalia-zelulen hazkuntzatik abiatzen direnak, proteina mikrobianoak oinarri dituztenak eta zenbaitetan baita onddoak ere.

Aldaketa klimatikoaren arrean duen garrantzia

Jaki ordezkagarri hauek osasunarentzat eta planetarentzat gehiegizkoa den haragi kontsumoa murrizten lagundu dezakete, batez ere ipar hemisferioko lurraldeetan.

Apirilaren hasieran, NBEko klima adituek «landare-proteinak dituzten erregimenetarako trantsizioaren» garrantzia gogorarazi zuten, horrek abeltzaintzak duen inpaktu kolosala murriztuko luke. Izan ere, sektore horrek energia-kantitate handiak kontsumitzen ditu eta CO2 asko askatzen du.

Munduko behi- eta arkume-kontsumoaren % 20 proteina mikrobianoekin ordezkatzeak nekazaritzarekin lotutako basoen ustiaketa eta CO2 emisioak erdira murriztu ditzake 2050erako, Nature aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten arabera.

Haragi-imitazioak «ez dira arazo guztiak konpontzeko irtenbide magikoa. Garia edo soja oso problematikoak dira biodibertsitatea edo lurzorua agortzeari dagokionez», azaldu du Olivier de Schutter NBEko IPES-Foodeko adituak.

Itxura industriala

«Begetalak» ez du zertan «naturala» esan nahi, aditu batzuentzat azpimarragarria da hauen izaera industriala eta ultraprozesatua.

Merkatu handietan saltzen diren produktu askok azukre kantitate handia dute, menpekotasuna sortzen dituzten produktuak erabiltzen dituzte, koloranteak edota haragiaren zapore antzekoa lortzeko bestelako gehigarriak.

Nekazaritzako zein abeltzaintzako multinazional handiek interesa erakutsi dute sektorearekiko, besteak beste JBS, Cargill, Tyson edo Unilever bezalako enpresek.

Interes handiko merkatua

Barclays bankuaren aurreikuspenen arabera, landare-jaki hauek munduko haragi merkatuaren %10a ordezkatuko lukete 2030ean, gaur egun %1a hartzen dute; hau da, 140.000 dolar gehiago.

Batez ere Asian eta Estatu Batuetan handitzen ari den sektorea da, eta %42,1 handituko litzateke 2030erako Grand View Researchek egindako ikerketa baten arabera.