NAIZ

Bideojokoetan aritzen diren haurrek onura kognitiboak dituzte

Gurasoak askotan kezkatzen dira bideojokoek seme-alabengan izan dezaketen eragin kaltegarriagatik, baina ikerketa zabal baten arabera, denbora-pasa horri lotutako onura kognitiboak frogatu dira.
Bideojokoek haurrengan duten eraginari buruzko ikerketak jarraitu egingo du epe luzeko eraginak aztertu ahal izateko.
Bideojokoek haurrengan duten eraginari buruzko ikerketak jarraitu egingo du epe luzeko eraginak aztertu ahal izateko.

AEBetako Vermonteko Unibertsitateko psikiatriako irakasle laguntzailea den Bader Chaarani-k eta haren lankideek ‘Garun Nerabearen Garapen Kognitiboa’ (ABCD, ingelesez) deituriko ikerketaren emaitzak zabaldu berri dituzte. Horren arabera, bideojokoetan aritzeak onurak ditu.

8 eta 9 urte bitarteko 2.000 haurren garuneko irudietan jarri zuten arreta, bi taldetan banatuta: inoiz bideojokoetan jokatzen ez zutenak eta egunean hiru ordu edo gehiago jokatzen zutenak.

Talde bakoitza bi zereginetan ebaluatu zen. Lehenengoan geziak jarri zituzten eskuinera edo ezkerrera begira, eta haurrei gezi bakoitzaren norabidea ahal bezain azkar sakatzeko eskatzen zitzaien.

Halaber, «stop» seinale bat ikusiz gero, ezer ez ukitzeko eskatu zitzaien, euren bulkadak kontrolatzeko gai diren ikusteko.

Bigarren zereginean pertsonen aurpegiak erakutsi zizkieten, eta beste irudi bat erakutsita ea aurretik ikusitakoarekin bat zetorren ala ez galdetu zieten, euren memoria frogatzeko.

Emaitzak alda ditzaketen aldagaiak kontrolatzeko metodo estatistikoak erabili ondoren, hala nola gurasoen diru-sarrerak, koefiziente intelektuala eta osasun mentalaren sintomak, taldeak ondorioztatu zuen «gamer»ak hobeto moldatzen zirela bi zereginetan.

Probak egiten zituzten bitartean, haurren garunak eskaneatu zituzten erresonantzia magnetiko funtzional bidez (fMRI). Bideojokoak jokatzen zituztenen burmuinek jarduera handiagoa erakutsi zuten arretarekin eta memoriarekin lotutako eskualdeetan.

«Aurkikuntzak erakusten digu bideojokoek erantzuna eta lan memoriaren trebetasun kognitiboak hobetzen dituztela», ondorioztatu zuten egileek beren azterlanean.

Azterketak aurrera jarraitzen du

Oraindik ezin da jakin errendimendu kognitibo hobeak gehiago jokatzera bultzatzen duen, edo horren emaitza den, dio Chaaranik. Ikertzailea bera «gamer»-a da, beraz, gaian interes handia duela aitortu du.

Aurretik argitaratua izan den beste ikerketa bat eragin negatiboetan zentratu zen, bideojokoak depresioarekin eta agresibitate handiagoarekin erlazionatuz.

Charaaniren arabera, ikerketa hartan parte-hartzaile kopuru txikia hautatu zen, batez ere garuneko irudiei dagokienez. Hala, ikertzaileek espero dute azterketak aurrera egiten duen heinean erantzun argiagoak lortzea. Adibidez, euren asmoa da orain aztertutako haurrak urte batzuen bueltan berriro aztertzea, epe luzera bideojokoek dituzten eraginak ikusteko.

Horrela, beste faktore batzuk ere kontuan izango dituzte: etxeko ingurumena, ariketa fisikoa eta loaren kalitatea.

Denboraren ikuspegiarekin ere bideojokoen generoen araberako emaitzak banatu ahal izango dituzte; lehen ikerketa honetan ‘Fortnite’ edo ‘Assassin's Creed’ bezalako ekintza-jokoen alde egiten dute.

«Jakina, pantailan denbora gehiegi erabiltzea txarra da osasun mentalerako, oro har, jarduera fisikoa murrizten duelako», argitu du Chaaranik.

Baina ikerketaren emaitzek erakutsi zuten bideojokoetan aritzea Youtuben bideoak ikustea baino onuragarriagoa dela, azken honek ez baitu eragin kognitibo identifikagarririk.