NAIZ

EAEko nerabeen droga kontsumoak behera egin du, altua izaten jarraitzen badu ere

Deustoko Unibertsitateko Droga Menpekotasunen Institutuak lau urtean behin egiten duen inkestaren arabera, nerabeen droga kontsumoak beheranzko joera mantendu du, azken 15 urtetan bezala. Hala ere, kontsumo maila altua dela azaleratu du.

Nerabe bat, erretzen.
Nerabe bat, erretzen. (Naveen Asaithambi | Getty Images)

EAEko Osasun Sailarentzat Deustoko Droga Menpekotasunen Institutuak egindako inkestaren arabea, nerabeen droga kontsumoa altua da, espainiar Estatuko eta Europako batezbestekoak baino altuagoa. Hala ere, azken 15 urteetako beheranzko joerari eutsi dio.

Lau urtean behin egiten dute inkesta ikastetxeetan; azkena, 2021eko urritik 2022ko maiatzera bitartean burutu zuten. Pandemia zela eta ezarritako murrizketak indarrean egon ziren 2021ean eta nabarmendu dute balitekeela horrek emaitzetan zerikusia eduki izana. Hainbat drogari buruz galdetu diete EAEko nerabeei, zein maiztasunarekin kontsumitzen dituzten jakiteko.

Neskek, orain arte ez bezala, mutilek beste kontsumitzen dituzte droga legalak. Psikofarmakoei dagokionean, ordea, gehiago kontsumitzen dituzte, botika moduan hartzen badituzte ere. Psikofarmakoak dira, hain zuzen ere, aurreko datuekin alderatuta gehiago kontsumitzen den substantzia bakarra. Alkoholaren inguruan galdetuta, 14 urteko nerabeen %25ak adierazi du kontsumitu duela azken urtean. 15 urtekoen kasuan %47k onartu du alkohola kontsumitu izana eta 18 urtekoen kasuan, %70,40ak.

Tabakoari dagokionean, nerabeen %30ak erre du azken urtean, eta %17,4ak cannabisaren kasuan. Extasia, kokaina eta anfetamina kontsumoak ere behera egin du, 4 puntu baino gehiago, ia erabat desagertzeraino.

Jokoa ere, beherantz

Jokatzen duten nerabe kopurua altua da, ordea, beheranzko joera badu ere: %27,7k jokatu du azken urtean. Jokatzeko ohitura dutenen artean, %5,7 dira mendekoak eta %4,3 arriskuan daude. Halaber, inkestaren emaitzek ezagutzera eman dute nerabeen erdiak baino gehiagok mugikorraren erabilera intentso eta gehiegizkoa egiten dutela.

Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari den Itziar Larizgoitiak azpimarratu du kontsumoak beheranzko joera badu ere, maila altua dela. Gaineratu du nerabeak zaurgarriak direla eta lan egin behar dela haien artean bizi ohitura osasuntsuak sustatzeko.