NAIZ

Hamar urtetik gorako munduko biztanleen %75ek telefono mugikorra du

Hamar urtetik gorako munduko biztanleen hiru laurdenak Interneterako sarbidea ahalbidetzen duen telefono mugikorra dauka, baina populazioaren herenak oraindik sarera konektatu gabe jarraitzen du, Nazio Batuen Erakundearen txosten baten arabera.

Gazte bat sakelakoarekin, Iruñean.
Gazte bat sakelakoarekin, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Telefono mugikorrak dira Internet erabiltzeko gailu ohikoenak, eta jabetzaren portzentajeak sarerako eskuragarritasunaren eta sarbidearen adierazle gisa balio du», adierazi du Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunak (UIT) munduko konektibitateari buruzko urteko txostenean.

‘Facts and Figures 2022’ ikerketak jasotzen duenez, telefono mugikorra edukitzeak ez du esan nahi Interneterako sarbidea izan behar denik, batez ere diru-sarrera txikiko ekonomietan, horietan banda zabaleko zerbitzuen kostua handiegia baita oraindik.

Erakunde horrek bildutako datuen arabera, herrialde aberatsetan bizi diren pertsonen %95ek dauka sakelakoa, eta herrialde pobreetan kopurua %49ra jaisten da.

«Iluntasun digitala»

Covid-19aren pandemiak eta haren ondorioz izan ziren itxialdiek ehunka milioi pertsona behartu zituzten telelana egitera edo online ikastera, eta horrek konektibitatea handitu zuen.

Txostenak nabarmentzen du Interneterako sarbideak gora egiten jarraitzen duela, baina ez hain azkar.

Gaur egun, 5.300 milioi pertsonak erabiltzen dute Internet, munduko biztanleriaren %66k. Sarera konektatuta ez dauden ia guztiak herrialde pobreenetan bizi dira.

Internet erabiltzen duten pertsonen ehunekoak gora egin du etengabe azken urteotan, eta «gorakada» handia izan du 2020an, aThierry Geiger UITko ekonomialari buruak AFP agentziari azaldu dionez.

Baina oraindik bide luzea dago egiteko, «jende gehiegi bizi baita iluntasun digitalean», adierazi du Doreen Bogdan-Martinek, 2023aren hasieran NBEn agentzia zuzentzen duen lehen emakumea izango denak.

«Interneterako sarbidea handitzen ari da, baina ez munduan zehar behar den azkartasun eta ekitatearekin», ohartarazi du.

Gaur egun 5.300 milioi pertsonak erabiltzen dute Internet. Konektatuta ez dauden ia gehienak herrialde pobreenetan bizi dira

 

Interneterako sarbidearen erreferentzia neurri bat banda zabal mugikorreko zerbitzuen batez besteko prezioa da. Zerbitzu horiek sarbide finkoa baino merkeagoak izaten dira, eta erabiltzaileei aukera ematen diete sarera telefono adimendun batetik sartzeko.

Prezioa per capita sarrera nazional gordinaren %1,9tik %1,5era jaitsi zen 2022an.

Baina haren kostua oraindik ere handiegia da kontsumitzaile ertainarentzat diru-sarrera txikiak dituzten ekonomia gehienetan. Herrialde horietako oinarrizko datu mugikorren plan batek batez besteko diru-sarreren %9 balio du, ikerketaren arabera.

Portzentajeak antzeko zerbitzuen kostua baino askoz handiagoa izaten jarraitzen du diru-sarrera handiagoak dituzten herrialdeetan, UITk ohartarazi duenez.

NBEren agentziak herrialde guztiei eskatzen die banda zabalerako sarbide eskuragarria bermatzeko, hau da, per capita hileko diru-sarrera nazional gordinaren %2tik beherako kostua.

«Lanean jarraitu behar dugu Internet gero eta eskuragarriagoa izan dadin, baita herrialde askoren aurreikuspenak okertzen ari diren honetan ere», adierazi du Houlin Zhao UITko idazkari nagusiak.